Prentsa Aretoa
2024/10/03
Bizkaiak tresna berri bat jarri du abian eskola-kirolean indarkeria-egoerak detektatzeko eta saihesteko
KIROLA ON isilpeko kanal bat da, kirolari adingabeentzat entrenatzaileentzat, familientzat eta Bizkaiko kirol-eremuan inplikatutako beste pertsona batzuentzat, zalantzak planteatzeko edo indarkeria-egoerak salatzeko aukera izan dezaten

Bizkaiko Foru Aldundiak KIROLA ON tresna integral eta aitzindari berriarekin hasi du Eskola Kirolaren 2024-2025 denboraldia. Lurraldeko kirol-eremuan gerta daitezkeen haurren aurkako indarkeria-egoerak detektatzeko eta kudeatzeko tresna bat da.
KIROLA ON isilpeko komunikazio-kanal bat da, batez ere Bizkaiko kirolari adingabeentzat, edozein unetan eta zuzenean, zalantzak, galderak, kezkak planteatzeko edo indarkeria-egoerak salatzeko aukera izan dezaten. Kirol-jardueraren inguruan diharduen edozein pertsona edo eragilerentzat ere bada (teknikariak, gurasoak...).
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak prentsaurreko batean aurkeztu du tresna hori gaur, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuarekin batera. Hauekin batera, Rocio Ybarra "Kirola, Hezkuntza eta Bizikidetzan" aditua eta Aterpe Athletic Clubeko Haurren Babeserako programa aitzindariaren arduraduna ere izan da.
KIROLA ON tresnaren helburua ez da soilik dagoeneko gertatu diran indarkeria-egoerak detektetea edo agirian ipintea; horrez gainera, indarkeria ekar daikien arrisku-egoerei aurrea hartzeko erabili gura dogu. Beraz, gertatu aurretik jarduteko aukera emongo deusku, adierazi zuen Etxanobek.
Tresna berritzaile hau Bizkaiko eskola-kirolaren inguruko edozein eragilerentzako komunikazio-kanal irekia izateko sortu da, baina, batez ere, indarkeria ekar dezaketen egoerak detektatzen direnean, egoera horiek modu integralean kudeatzeko eta azkar eta modu koordinatuan jarduteko aukera emango du.
Funtzionamendu erraza eta noranzko bikoa
Funtzionamendua erraza eta noranzko bikoa da: edozein arrisku-egoera detektatzen duen pertsonak www.kirolaon.eus webgunean sartu, eta formulario labur bat bete behar du; hori baino ez. Berehala jasoko du planteatu duen gaiari dagokion erantzuna. Komunikazio horretan, profesional adituen talde batek jarraitu beharreko prozesua eta izan ditzakeen inplikazioak azalduko ditu.
Edozein unetan erabili ahal den kanala ere bada. Gaiaren edukia dela-eta komunikazioa geroago eman behar bada, planteatu duenak gako bat jasoko du; haren bidez, aplikazioan sartu ahal izango da, eta planteatutako gaia zer egoeratan dagoen eta adierazitako kezkari erantzun egokia emateko zer aurrerapen egin diren egiaztatu ahal izango du.
Tresna indartsu horren atzean, haurrak babesteko lanetan ibilbide luzea duten profesionalez osatutako talde bat dago; diziplinarteko profilak dituzte eta, kezka jasotzen dutenetik, kasuaren kudeaketan lan egingo dute. Kudeaketa horren helburu bakarra da indarkeria-egoerak prebenitzea, irtenbide hezigarriak proposatzea, egoera larriak arlo horretan eskumena duten erakundeetara bideratzea, eta, batez ere, kirolari adingabeei, kirol-erakundeei eta erakunde horietan haurrak babesteko ardura duten pertsonei laguntza ematea egoerak behar bezala kudeatzeko.
Leixuri Arrizabalaga Kultura, Kirol eta Euskara diputatuak gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak bide luzea egin duela kirolean indarkeria prebenitzeko lanetan, eta erantsi du irmo eusten diola konpromiso horri, kirol-inguruneetan eta, bereziki, eskola-kirolean ongizate-espazioak sortzeko.
Eskola Kirola programa - 2024-2025 denboraldia
Denboraldi honetarako, Foru Erakundeak 62 lehiaketa-jarduera ditu; 44 diziplina, 614 hastapen- eta jolas-ikastaro eta 8.154 plaza. Azken horien artean, aurtengo modalitate berrietan, parkourra eta arku-tiroa nabarmendu behar dira.
Arrizabalagak eskola-kirolak duen harrera ona nabarmendu du, urtero adingabe gehiago erakartzen baititu. Iaz 42.000 eskola-ume baino gehiago erakarri zituen; aurten, kopuru hori gainditu, eta 46.000 izen-emate inguru izatea espero da. Ildo horretan, Arrizabalagak Eskola Kirola programaren garrantzia azpimarratu du. Foru Aldundiak 2.533.000 euro bideratuko ditu programa hori garatzeko.
Eskola Kirola programari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero: bizkaia.eus/eskolakirola webgunea edo Eskola Kirola aplikazioa, zeina doan deskarga baitaiteke Play Store-n (Android) eta App Store-n (iOS).
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/12/31
Bizkaia BBNN
2024/12/27
BBB
2024/12/17
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/12/17
Bizkaia BBNN
2024/12/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
EBB
2024/09/29