Prentsa Aretoa

2024/11/23

Iñigo Ansola Kareaga, Bizkai Buru Batzarraren presidente berria

50 urteko markinarrak Itxaso Atutxaren eskutik jaso du lekukoa Bizkai Buru Batzarraren burutzan gaurko Herrialde Batzarrean 162 ahaldunen babesa jasotzean

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren Bizkaiko Herrialde Batzarrak Iñigo Ansola Kareaga aldarrikatu du (Markina-Xemein, 1974) Bizkai Buru Batzarraren presidente 162 ahaldunen babesa jasotzean (guztira 189 ahaldun ditu Herrialde Batzarrak). Beste hautagaiak, David Salinas-Armendárizek, 15 ahaldunen babesa jaso du. Halaber, EAJ-PNVren Herrialde Estatutuetan jasotzen dena betez, gaurko Batzarrak aukeratu ditu Ansola agintaldi berrian bidelagun izango dituen 12 burukide. Orain arteko erantzukizunekin jarraituko dute Maitane Ipiñazar Miranda, Itziar Landaburu Ugalde, Jesús Lekerikabeaskoa Arrillaga eta Jane Eyre Urkieta Zuzaetak, eta burukide berriak izango dira Aritz Abaroa Cantuariense, Alfonso Aliende Agirre, Unai Andraka Casimiro, Mikel Hidalgo Bordegarai, Ekaitz Mentxaka Corral, Ane Támara Ordorika, Leire Urtasun Jimeno eta Xabier Zubiaur Agirre. Gaur goizean egin den Herrialde Batzarra izan da Bizkai Buru Batzarrak iragan urriaren 17an barne karguak berritzeko hasi zuen prozesuaren amaiera, eta datozen lau urteetarako exekutiboa aukeratzeaz gain alderdikideek Bizkaiko Justiziako Epaimahaia osatzen duten 5 kide eta EAJ-PNVren Aberri Batzarrean Bizkaiak izango dituen 50 ordezkariak aukeratu dituzte.

Ansolak Itxaso Atutxaren lekukoa hartu du, zeinak Bizkaiko jeltzaleen erantzukizun nagusia bere gain hartu baitzuen 2013ko otsailaren 21ean BBBren lehen emakume presidentea bihurtzean. Bizkai Buru Batzarraren buruzagi berriak bere lehen hitzak esatean alderdikideei hitz egin nahi izan die eta prozesuak iraun duen aldi honetan eurengandik jasotako “babesa eta adeitasuna” eskertu ondoren, orain arte karguan izan denari eskertu eta aintzatetsi nahi izan dizkio orain arte erakutsi dituen “konpromiso eta dedikazioa”, bai eta Bizkai Buru Batzarraren burutzan 11 urte eta erdi eman dituen aldi honetan guztian bidelagun izan dituen lantaldeena ere.

Burukide berria “ilusioz beteta eta indartsu” agertu da “Alderdi gisa eta gizarte gisa aurrean izango ditugun erronkei heltzeko”. Zentzu honetan Ansolak azpimarratu du bere lantalde berriarekin BBBk behar besteko indarra izango duela “herritargoari entzuteko, arazoei konponbideak emateko, gazteentzat aukerak sortzeko eta balore demokratikoak finkatzeko”. Era berean gogoratu duenez “EAJ-PNV duela ia 130 urte jaio zen Herri honen zerbitzura jartzeko tresna gisa”, “pertsonak gure politiken erdian jarriz, inor atzean utzi gabe”, “pertsona askeak nahi ditugulako Nazio aske batean, eta Bizkaitik erabakimen osoz heldu nahi diegu herrigintzari eta Alderdia indartzeko lanari”.