Prentsa Aretoa
2024/12/27
EAJ-PNVk Bizkaian babestu ditu gizarte eta lurralde kohesiorako eta jarduera ekonomikoa eta enplegua babesteko ekintzei bideragarritasun ekonomikoa emango dien aurrekontuak
Mikel Baganek defendatu du Bizkaiak 2025erako izango dituen kontuei Euzko Abertzaleak taldeak eman dion baiezkoa, foru departamentuen artean banatuko baitira 1.600 milioitik gora euro “pertsonen beharrei” erantzuteko, bereziki “gehien behar dutenenak”
Mikel Bagan - Bizkaiko aurrekontuak 2025 (onarpena)
MINTZALDIA - 2024/12/27
Bizkaiak baditu prest 2025erako aurrekontuak, “gizarte eta lurralde kohesiorako eta jarduera ekonomikoa eta enplegua babesteko ekintzei bideragarritasun ekonomikoa emango dien kontuak”. Hala laburbildu du Mikel Baganek, Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak taldeko ahaldun eta Ogasun eta Finantzetarako batzordeko buruak, Bizkaiko Foru Aldundiak hurrengo ekitaldian kudeatuko duen aurrekontua, gaur goizean onetsia izan baita Gernikako Batzar Etxean egin den osoko bilkuran. “Hauxe da EAJ-PNVk eta PSEk bizkaitarrei aurkezten dien aurrekontua. Bizi kalitatea hobetzeko aurrekontuak; pertsonen beharrei erantzuteko, bereziki gehien behar duten pertsonenak; enplegua sortzen lagunduko dutenak, kalitatezko enplegua; daukagun garraio publikoari eusteko eta hobetzeko kontuak, eta euskara , kultura eta kirola sustatzeko”, azaldu du Baganek.
Datorren ekitaldirako kontuak aurrera atera ahal izan dira EAJ-PNVren eta PSEren baiezko botoekin (foru gobernuari babesa ematen dioten alderdiak) eta EH Bilduren abstentzioarekin, azken hau esandako hiru alderdien artean aurrekontuen negoziaketan adostu den akordioaren ondorioz. Horrek eragin du aurrekontuak gehitu dituela Bizkaiko Batzar Nagusietako 51 eserlekuetatik 46. Zentzu honetan esan behar da EAJ-PNVk eta PSEk Bizkaiko ganberako gehiengoa egiten dutela, baina talde biek akordioak adosteko eta beste taldeekin negoziatzeko erakutsi duten borondateak ekarri du gaur onartu diren kontuak are indartsuago atera izana.
Zentzu honetan gogoratu behar da Bizkaiak 2025. urterako izango duen Aurrekontuen Foru Araua, orain arte egin eta onartu den proiekturik anbiziotsuena izan dela, guztira 10.660,8 milioi euroko kopurua egiten baitu (amaitzear dagoen ekitaldian baino 51,2 milioi euro gehiago) bederatzi foru departamentuek eskuragarri izango duten guztizkoak, ‘Bizkaia Danontzat’ izena eman zaion legegintzaldi planean jasota dauden proiektuak garatzeko.
Kontuen laburpena departamentuka egin ondoren, ahaldun jeltzaleak nabarmendu nahi izan du departamentu guztietarako esleituko den kopurutik 729 milioi bideratuko direla Gizarte Ekintza sailerako, “10 eurotik 4 baino gehiago bideratuko dira departamentu honetarako”, azpimarratu du. Konpromiso honen xedea da “mendekotasun egoeran dauden pertsonentzat, desgaitasuna dutenentzat edo babesgabetasun egoeran dauden pertsonentzat egungo babes sareak hobetzea, eguneratzea eta zabaltzea”, adierazi du. Esate baterako “243 milioi bideratuko dira adineko pertsonentzako egoitzetarako , eta 100 plaza berri sortuko dira”, “100 milioi desgaitasunen bat duten pertsonentzako programetarako” eta esandako neurri horiek indartu egingo dira “osasun mentaleko gaietarako” partidekin edo “desgaitasun eta mendekotasun egoerak baloratzeko bataz besteko denborarekin”.
Gaur goizean foru hiribilduko batzar etxean egin den osoko bilkuran, zatikako 363 zuzenketa bozkatu direla, amaitutzat eman da 2025erako Aurrekontuen Foru Arau Proiektua onesteko izapidea. Baganek Ganberan azaldu ditu oposizioko taldeek aurkeztutako zuzenketak EAJ-PNVk eta PSEk ez onartzeko arrazoiak. Bere esanetan, “kasu batzuetan ikusi dugu justifikazio-oinarririk ez dutela edo esleitutakoa nahikoa dela” eta beste batzuek “bideraezin egingo lukete zerbitzuak ematea edo Bizkaiko Foru Aldundiaren funtzionamendu ona”. Ildo beretik, beste zuzenketa batzuk daude “urte anitzeko konpromisoak haustea planteatzen dutenak, bideragarri ez den zerbait; esate baterako BECen partidak, lehenago hitzemandako derrigorrezkoak baitira, Eusko Jaurlaritzarekin izenpetu diren hitzarmenak edo indarrean dauden maileguak barne” edo, beste kasu batzuetan “gure programa politikoan jasota dauden proiektu estrategikoak baliogabe uztea proposatzen dute”. Halaber, “kontuan izan behar da aurrekontuan jasotzen den maileguaren zati handiak dagoeneko eragiten diola Aldundiaren funtzionamenduari, dagozkion eskumenen betepenari dagokionez”, gogorarazi du.
EAJ-PNV-ko ORDEZKARI BERRIA
Gernikako Batzar Etxean gaur egin den osoko bilkura hasi da ahaldun jeltzale berri baten kargu jabetzearekin, hemendik aurrera Axier Garate Azpitarte batzarkide jeltzaleen tokian eseriko baita Sonia Rodríguez Rodríguezen ordez.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/12/31
BBB
2024/12/17
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/12/17
Bizkaia BBNN
2024/12/13
EBB
2024/12/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20