Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2024/07/08

Elixabete Etxanobe: "Datozen hamarkadetako Metroa prestatu behar dugu"

Aste honetan ekingo zaio 5 bagoiko 37 unitate ordezkatu, seinaleztapen-sistema modernizatu eta aginte-postu zentralizatua eguneratzeko prozedurari, eta horretarako 736 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da

rss Ezagutzera eman
Elixabete Etxanobe:

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin iragarri dute Metro Bilbaoren berrikuntza estrategikoa abiaraziko dela, etorkizunari begira Bizkaiko garraio publikoaren sistema indartzeko. Ia hiru hamarkada lurraldea egituratzen eman ondoren, eta 100 milioi erabiltzaileen jomugara iristear dagoenean, bi administrazioek uste dute etorkizuneko metroa prestatzeko unea dela.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak eta Imanol Pradales lehendakariak iragarri dute Metro Bilbaok aste honetan ekingo diola berrikuntza-prozedurari: bost bagoiko 37 unitate ordezkatuko dira, zerbitzuaren gaitasuna % 12 handitzeko;  seinaleztapen-sistema modernizatuko da CBTC sistema ezarriz, segurtasuna, automatizazioa eta erantzuteko gaitasuna hobetzeko; eta egungo aginte-postua eguneratuko da. Inbertsioa 736 milioi euro ingurukoa izango da.

Elixabete Etxanobek bi administrazioen apustu irmoa nabarmendu du, mugarri garrantzitsua baita garraio publikoak lurraldean izan duen bilakaeran: Datozen hamarkadetako metroa prestatu behar dugu: seguruagoa, gaitasun handiagokoa, egungo eta etorkizuneko eskarietara egokitua, eta are jasangarriago eta efizienteagoa izango den metroa. Halaber, metroaren berrikuntzak eskatzen dituen jomugak aipatu ditu:  tren modernoak, seinaleztapen- eta komunikazio-sistema berria eta aginte-postu eguneratua: Ekimen horretan batera arituko gara Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

Planifikatutako inbertsioak eta hobekuntzak

28 urte baino gehiago zerbitzuan emanda, Metro Bilbao Bizkaiko garraio-sistemaren funtsezko elementu eta Euskadiko erreferente bihurtu da. Berritze-planak hainbat gairi aurre egin behar die, ziurtatzeko Metro Bilbaok eraginkortasun operatiboari eusteaz gain, etorkizuneko mugikortasun-eskaerei modu jasangarri eta seguruan erantzungo diela bermatzeko. Inbertsio nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  1. Tren-unitateak ordeztea: zehazki, 37 tren-unitate ordeztuko dira, bizitza baliagarria amaitu dutenak. Bost bagoiko tren-unitate bakoitzaren kostua 16,3 milioi euro ingurukoa izango da. Unitate berri horiek, garraio-ahalmena % 12 hobetzeaz gain, energetikoki efizienteagoak ere izango dira. Izan ere, elektrizitate-kontsumoa nabarmen murriztuko dute, % 35; aurreikusten da, horren ondorioz, gutxi gorabehera, urtean milioi bat eta erdi euro aurreztuko dela. Gainera, unitate digitalak izango dira, mantentze-lanak optimizatzeko eta erabiltzaileei denbora errealean informazioa emateko, hala nola hurbileko trenen okupazio-maila.

    Kalkulatu da proiekturako inbertsioa, guztira, 600 milioi euro ingurukoa izango dela. Fabrikazio-erritmoa urtean 12 unitate ingurukoa izango litzateke; beraz, flota berria kontratua esleitu eta bost urtera egongo litzateke erabilgarri. Hala, lehen tren berriak 2027-2028an hasiko lirateke zerbitzuan, eta flota berria erabat erabilgarri egongo litzateke 2033ean. 

  2. CBTC sistemara migratzea: Sistemaren gaitasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, komunikazioan oinarritutako trenaren kontrol-sistema (CBTB) ezarriko da. Sistema horrek trenen arteko gutxieneko tartea murriztea ahalbidetuko du, maiztasuna malgutzea eta zerbitzuaren puntualtasuna fidagarritzea ahalbidetuz (egungo komunikazio-sistemak gutxienez 150 segundoko tartea ahalbidetzen du). Sistema aurreratu horri esker, gainera, segurtasun operatiboa eta gorabeheren aurrean erantzuteko gaitasuna hobetu ahal izango dira.

    Metro Bilbaon sistema hori ezartzeko kostua 130 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusten da.

  3. Aginte-postu zentralizatua (APZ) modernizatzea: berrikuntza horren hirugarren osagaia aginte-postu zentralizatua Metro Bilbaoren bihotz operatiboa, eguneratzea da, sare osoa denbora errealean kudeatzeko funtsezko informazioa zentralizatzen eta prozesatzen duena.

    Hala, funtsezko hobekuntzak egingo dira aginte-postu nagusian, trafikoaren kudeaketa eta sistemaren eragiketa optimizatzeko. Hobekuntza horien barruan sartuko da zerbitzu partzialak eta lanzadera-zerbitzuak ezartzeko gaitasuna, bai eta kanpoko sistemekin integratzea ere, bidaiariari ematen zaion informazioa eta irisgarritasuna hobetzeko. Eguneratze horietarako aurreikusitako inbertsioa 6 milioi euro ingurukoa da.

Aurrerapen horiekin, Metro Bilbao datozen hamarkadetarako prestatzen ari da, gero eta eskari handiagoari egokitzeko eta mugikortasun-eredu iraunkorragoa eta eraginkorragoa sustatzeko. Berritze horrek, Europako garraio-sistema publiko aurreratuenetako bat izatea indartzeaz gain, Bizkaiko garraio-azpiegituraren funtsezko osagai izaten jarraituko duela ziurtatuko du.

ITURRIA: BFA

Next Euskadi