Prentsa Aretoa
2024/04/09
Euzkadi Buru Batzarraren komunikatua Ardanza Lehendakariaren heriotzaren ondoren
Euzkadi Buru Batzarraren komunikatua Ardanza Lehendakariaren heriotzaren ondoren
COMUNICADO - 2024/04/09
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak irakurri du gaur Sabin Etxean Ardanza Lehendakariaren heriotzaren ostean atzo jeltzaleen Batzorde Exekutibo Nazionalak onartu zuen agiria.
Dolumin handiz, guztiz atsekabetuta, hartu genuen atzo José Antonio Ardanza Garro, Ardanza Lehendakaria, zendu zelako albistea. Euzko Alderdi Jeltzalearentzat, eta Euskadirentzat, galera handia.
Gure adeitasun- eta hurbiltasun-adierazpenik sentikorrena helarazten diogu familiari, eta bereziki Mari Glori Urtiaga emazteari, Nagore alabari eta Aitor semeari.
Ardanza Lehendakaria ezagutu ahal izan genuenok badakigu bere familia naturala eta familia politikoa bere bizitzaren oinarri izan direla, eta sustrai horien gainean eraiki duela bere bizi proiektua.
Gaur, familia biak bat gara doluminean eta gure Herrian zein kanpoan, XX. mendearen bigarren erdialdean euskal figura politikorik garrantzitsuenetako bat izan denari azken agurra ematen.
José Antonio Ardanza Garro, Lehendakari izan aurretik, Euzko Gaztediko militante izan zen klandestinitatean. Erbestea sufritu zuen. Diktadura amaitutakoan, lehen udal hauteskunde demokratikoetan Arrasateko Alkatetza bereganatu zuen. Handik Gipuzkoako Ahaldun Nagusi bihurtu zen. Eta ondoren Lehendakaritzara iritsi zen baldintzarik latzenetan, Alderdi barruan zatiketaren atarian. Ibilbide honek argi uzten du Ardanza Lehendakariak Herri honen zerbitzura jartzeko borondateari eutsi ziola, bai eta Euzko Alderdi Jeltzalearekin konpromiso irmo eta zintzoa izan duela beti, bereziki egoera politikorik konplexuenetan.
Ardanza Lehendakaria zenarekin erabat eskertuta dagoela adierazi nahi du gaur EAJ-PNVk, eta uzten digun legatu politiko aberatsa aitortzen dugu, bera gabe ez baikenuke erraz ulertuko gaur egun dugun Euskadi oparo eta baketsua.
Autogobernuaren eta indarkeriaren amaieraren alde egin zuen lanak garai bat markatu zuen. Zentzu horretan, esanguratsuak ere badira Lehendakaritzan eman zituen hamalau urteetan Gernikako Estatutuak ezagutu zuen garapen maila eta ETA gure bizitzatik desagertu zedin egin zituen ekimenak ere, hauen artean ‘Ajuria Eneako Ituna’ izenez ezagutu genuena, eta geroago ‘Ardanza Plana’ deitu zena.
Erakundeetan egindakoaz gain, Euzko Alderdi Jeltzaleak harro esan dezake José Antonio Ardanza alderdikide izan duela hirurogei urte luzetan, eta beti ideal abertzale eta demokratikoen zerbitzura aritu izan dela. Egiazko Jeltzale jatorrari esaten diogu agur, baina gugan geratzen dira bere legatua eta bere eredua.
Agur eta ohore, Lehendakari!
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09