Prentsa Aretoa

2023/10/04

Bizkaiak lurraldearen nortasuna eta kultura indartzen ditu, euskararen, kulturaren eta kirolaren bidez

Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, "Bizkaia denontzat" aginte-planaren bidez, datozen lau urteetan Bizkaiaren nortasun kulturala bultzatzen du eta euskara sustatzen du gizartea aberasteko proiektuetan

rss Ezagutzera eman
Bizkaiak lurraldearen nortasuna eta kultura indartzen ditu, euskararen, kulturaren eta kirolaren bidez

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Leixuri Arrizabalagak, bere sailak legegintzaldi honetarako "Bizkaia denontzat" gobernu-planean jaso dituen jarduketa-ildoen berri eman du gaur arratsaldean Batzar Nagusietako batzordean; plan hau datozen lau urteetarako jarduera-ildoak ezartzen dituen ibilbide-orria da.

Plan honek Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren konpromiso sendoa da lurraldean ongizatea eta garapen iraunkorra sustatzeko, eta Bizkaiko herritarrentzako etorkizun oparo eta aberasgarri baterako bidea markatzen du.

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuaren hitzetan "badakigu erronka ez dela erraza, baina guztion artean egingo dugun lana da". Arrizabalagak Bizkaiaren nortasun kulturala indartzeko, euskararen erabilera sustatzeko eta euskara, kultura eta kirolaren bidez lurraldea aberastuko duten proiektuak gauzatzeko duen konpromisoa berretsi du.

Nortasun propioa duen Bizkaia

Euskara, Kultura eta Kirol Sailak konpromisoa hartzen du Bizkaia kultura- eta kirol-erreferente bihurtzeko. Horren barruan sartzen dira kultura-ondarea kudeatzea eta kontserbatzea; tokiko tradizioak berritzea; eta kultura- eta arte-talentua sustatzea, bai toki mailan, bai nazioartean.

Gainera erakundeak kirol-sistema indartzearen aldeko apustua egiten du, gaitasun profesionalak sustatuz eta prestakuntza-eskaintza zabalduz. Kirolean genero-berdintasuna sustatuko da, emakumeen parte-hartzea bultzatuz  eta emakumeen zeregina ikusaraziz. Halaber Bizkaian goi-mailako kirol-lehiaketak eta -ekitaldiak egitea bultzatuko da, bereziki tokiko kirolariek parte hartzen duten horietan, horrela Bizkaia kirolaren erreferentziazko lurralde gisa indartuz.

Foru erakundeak, era berean,  lurraldean errotutako kultura-balioen belaunaldien arteko transmisioa sustatzearen aldeko apustua egiten du, eta horrek garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sortzea espero da.

Bizkaia Euskalduna

Euskara sustatzea eta jagotea funtsezko elementua da ardatz honetan. Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez ezaugarri bereizgarria da, eta baita gizarte-kohesiorako eta integraziorako tresna ere. Horrela Foru Erakundeak euskara ohiko lan-hizkuntza gisa hartuko du eta herritarrei euskarazko zerbitzurik onenak eskainiko dizkie.

Zazpigarren euskara plana egingo da. Plan horretan aurreko planean baino helburu asmo handiagoak eta ausartagoak jasoko dira Foru Aldundiak langile publikoen artean euskararen erabilera areagotzeko, eta Eramiak ekimena bultzatuko da, foru-langileen artean euskararen erabilera aktibatzeko.

Lehentasunezko proiektuak

Horien artean nabarmentzekoak dira Punta Zorrotzan ikus-entzunezko huba garatzeko  Ekonomia Sustatzeko Sailarekin garatu den lankidetza; Bizkaiko umeen artean euskararen eta tokiko kulturaren erabilera sustatzeko Udalekuak programa zabaltzea; eta kirol-azpiegiturak hobetzea udalerri, federazio eta klubekin elkartuta.

Gainera, Euskal Museoaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren zabalkuntza amaitzea; Bizkaiko industria-ondarea lehengoratzea; beken eta prestakuntza-programen bidez talentu artistikoari eta eragile kulturalei laguntzea; labar-artea nabarmentzeko Lea Artibain Experience kobazuloa garatzea; Omako basoa behin betiko irekitzea; eta Santimamiñeko proiektua berritzea bezalakoak aipatu behar dira.

Halaber, talentua sustatzen da Bizkaiko dantzan; folk musika Artean Musiktopa sortuz; itsas eta kultur ondarearen kontserbazioa Mendieta ontziolaren eta Ortube arrantza-ontziaren lehengoratzearekin; Zallako La Guata zentro artistikoa sustatzea; foru kudeaketan eta arretan euskara zabaltzea; euskarazko kultur sorkuntza sustatzea; Euskararen Interpretazio Zentroa (EIZ) indartzea; eta Euskararen Etxeari balioa ematea.

Gainera beste erakunde batzuekin lankidetzan Guggenheim Urdaibai proiektua bultzatzen da, ekoizpen artistikoa, ekologia eta teknologia uztartuko dituen museo berria sortzeko.

Ekintza hauek Bizkaia kulturaren, kirolaren eta sormen-garapenaren ikuspegitik erreferentziazko lurralde gisa finkatzeko xedearen barruan kokatzen dira, betiere euskara sustatzeko eta lurraldeko kultura- eta natura-ondarea zaintzeko helburuarekin.

ITURRIA: BFA