Prentsa Aretoa
2023/10/04
Bizkaiak Renove plana abiaraziko du lehen sektorean, baita hondakinentzako ezagutza- eta berrikuntza-zentro bat ere
Arantza Atutxak azaldu ditu sailak legegintzaldi honetan izango dituen jarduketa-ildoak, besteak beste: app berri bat baserritarrek Bizkaiko Foru Aldundiarekin izaten dituzten komunikazioak eta izapideak errazagoak izateko, eta lehen sektoreko belaunaldi-erreleboa bultzatzeko neurriak
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak, Arantza Atutxak, gaur azaldu du Batzar Nagusietan Sailak zein jarduketa-ildo garatuko dituen legegintzaldi honetan «Bizkaia denontzat» izeneko agintaldiko planean jaso ziren helburuen gauzatzean aurrera egiteko. Hona hemen jarduketa batzuk: «Renove plan» bat abiaraztea lehen sektoreko azpisektore jakin batzuei zuzenduta, funtsezko berrikuntzak behar dituztelako; app berria sortzea Bizkaiko Foru Aldundiaren eta baserritarren arteko komunikazioa hobetzeko; Gaztelugatxeko Doniene kudeatuko duen organo bat sortzea, eta hondakinen kudeaketari lotuta ezagutza- eta berrikuntza-zentro bat sortzea, Waste Lab Bizkaia izenekoa.
Atutxak 14 jarduketa azaldu ditu, agintaldiko plan horren barruan. Hasteko, lehen sektore modernoagoa, iraunkorragoa eta lehiakorragoa izateko jarduketak azaldu ditu. Hor sartzen da «Renove plana» martxan jartzeko ekimena; plana berotegiak eta untxien eta hegaztien haztegiak bezalako azpisektoreetan ezarriko da, berrikuntza handiak behar dituztelako, araudiak hala eskatuta edo ustiategiak bideragarriak izateko inbertsio horiek behar direlako. Jarduketa-ildo beraren barruan, ‘Landatek’ aplikazioa izango da, izapideak errazteko eta komunikazioa eta prozedurak arintzeko helburuarekin. Baina beste ekimen hau ere sartzen da jarduketa-ildo horretan: ekipamendu eta sistema teknologiko berriak sartzen laguntzea, nekazaritzako ustiategiak errazago kudeatzeko eta sektorean lan egiten duten profesionalen bizi-kalitatea hobetu eta haien lana eta bizitza bateratzeko (artzaintza birtuala, jezte robotizatua, genotipatzea...).
Bestalde, lehen sektoreak duen erronka nagusietako bat belaunaldien arteko erreleboa da, eta horri heltzeko asmoz, laguntzak ezarriko dira ekimen berritzaile jakin batzuetarako: nekazaritza-jardueretan pertsona gehiago sartzea; ekintzailetzari laguntzea, inbertsiorako eta profesional berriak sartzeko laguntzen bidez, eta ezagutza eta esperientziak gaitzeko eta trukatzeko ekintzen bidez; nekazari mistoei laguntzeko tresnak aztertzea, profesionalizaziorako trantsizioan funtsezko elementu gisa; eta lehendik dauden nekazaritza-azpiegiturak aprobetxatzeko irtenbide berriak bilatzea.
Energia-eraginkortasuna eta klima-aldaketaren aurkako borroka
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren agintaldiko planean sartzen den beste jarduketa bat hondartzetarako irisgarritasuna hobetzekoa da, hau da, lagundutako bainu-zerbitzua hondartza gehiagotan eskaintzea eta zerbitzua denboraldi osoan ematea. Horrela egin da uda honetan, hain zuzen ere.
Halaber, Energia Iraunkortasunerako Jarduketa Planean jasotzen diren jarduketak gauzatzen jarraituko da; laguntzak bideratuko dira Bizkaiko udalerrietan energia eraginkortasuna hobetzeko, gure lurraldea klima-aldaketari dagokionez zein egoeratan dagoen jakiteko diagnostikoaren jarraipena egiten jarraituko da eta, erronka horri batera heltzeko asmoz, beste modu koordinatuagoan egingo da lan eragile eta erakunde batzuekin. Klima-aldaketaren aurkako borroka horretan herritarren parte-hartzea ere eskatuko da, sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzen bidez.
Fauna Basatia Berreskuratzeko Zentroa hobetzea eta Gaztelugatxe koordinatzeko organoa sortzea
Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak aurreratu du legegintzaldi honetan hobetuko direla Fauna Basatia Berreskuratzeko Zentroaren instalazioak, antzeman zaizkion beharrizanetara eta heltzen diren animalien kopuru handi eta tipologiara egokitu ahal izateko. Animalia-espezieen babesari dagokionez, konpromisoa hartu du babesteko neurriak garatzen jarraituko direla, babestutako espazioak kudeatuz eta horri lotutako araudien bidez.
Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen babestutako espazio horietako bat Gaztelugatxeko Doniene da; Arantza Atutxaren esanetan «aberastasun handiko ondare naturala da, arreta, dedikazio eta babes bereziak behar dituena». Atutxak adierazi duenez, kokaleku horretan jarduten duten edo bertan eskumenak dituzten administrazioen eta bestelako eragileen arteko lana koordinatua izateko bitartekoak ezarri behar dira, eta horretarako, Gaztelugatxen egiten diren administrazio-jardun guztiak bateratuko dituen koordinazio-organo bat eratuko duen foru dekretu bat prestatzen ari da.
Espazio degradatuak ingurumen aldetik leheneratzea
Legegintzaldi honetan, beste jarduketa-ildo bat izango da Bizkaiko industriak utzi duen aztarnaren ondoriozko ingurumen-narriadura hobetzea. Udal eta mankomunitateentzako laguntza-lerro bat ezarriko da, degradatuta dauden espazioak (zabortegi zaharrak eta lurzoru kutsatuak) leheneratu ditzaten honako hauek bultzatuz: azpiegitura berde-urdina izenekoa, ekosistemetako zerbitzuak eta natura oinarritzat duten baliabideak.
Era berean, ekonomia zirkularreko industria-jardueren eta energia fotovoltaikoko instalazioen garapena bultzatuko da hondakindegi kontrolatuetan eta gaur egun hondakinak kudeatzeko erabiltzen diren beste espazio batzuetan, horien aprobetxamendu handiagoa lortzeko. Herritarrentzako naturguneak berreskuratzeko helburuarekin bat etorriz, hondakinak tratatzeko lekuetan aisialdirako guneak sortzeko aukera aztertuko da, gune horiek sortzea bideragarria denean.
Waste Lab Bizkaia eta hondakinen kudeaketari lotutako proiektuak
Hondakinen kudeaketari eta ekonomia zirkularrari lotuta, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren agintaldiko planean jasotzen da birziklatzen duen gizartea lortu behar dela, hondakinik ez sortzeko eta sortzen badira baliabide moduan erabiltzeko. Helburu hori betetze aldera, hainbat proiektu proposatu dira:
- Biometanizazio-planta bat eraikitzea eta abian jartzea, hondakin organikotik (batez ere edukiontzi marroitik biltzen den horretatik) biogasa eta konposta lortzeko. Plantaren bidez, Bizkaian lortuko den energia-ekarpena 8.760 etxek urtebetean duten kontsumo termikoaren bestekoa izango da, edo ia 3.000 ibilgailuk urtebetean dutenaren bestekoa, eta, gainera, urtean 5.600 tona CO2 baino gehiago isurtzea saihestuko da.
- Berreskuratutako erregai solidoko materiala tratatzeko proiektu bat garatzea, Tratamendu Mekaniko-biologikoko plantako bigarren mailako hondakin hori materialki balorizatzea ahalbidetuko duen tenperatura baxuko pirolisi-teknologia aplikatuz. Horri esker, berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatze-tasa ehuneko 12 puntu handituko da gutxi gorabehera, eta, beraz, Europar Batasunak 2030erako arlo horretan ezarritako helburuak gaindituko dira: tokiko eskumeneko hondakinaren % 60.
- Waste Lab Bizkaia izeneko ezagutza- eta berrikuntza-zentroa sortzea. Zentroa fisikoa eta birtuala izango da, eta gure lurraldean hondakinen kudeaketaren esparruan esku hartzen duten eragileak batuko dira bertan. Hondakinen langile eta kudeatzaileek, udal eta mankomunitateek eta herritarrek hainbat ekimen gauzatzeko aukera izango dute zentro horretan, hala nola ekonomia zirkularrari lotutako ideia berritzaileak elkarrekin sortu, informazioa biltzeko eta ustiatzeko aktibo digitalak garatu, eta nazioarteko kasu arrakastatsuak aztertu. Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da zentroan tratamendu berriak aztertzea eta sortzea sektoreko enpresek eta esparru zientifiko-akademikoak partekatutako hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko, eta horrela, industria horretan etorkizunean aplikatuko diren aukeren eta berrikuntzen oinarria izateko.
Beste ekimen batzuk
Legegintzaldian zehar, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak beste jarduketa batzuk ere garatuko ditu hainbat esparrutan. Besteak beste, basurdea eta orkatza bezalako espezieen jarraipena eta kontrola egingo du -horretarako, ehiza antolatzeko plan bat prestatzen ari da, bost urteko indarraldia izango duena-, baso-kudeaketa iraunkorrean aurrera egiten jarraituko du. Azken horri dagokionez, hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiak mendiak eskuratzen jarraituko du, bertako espezieekin birpopulatzeko, eta basogintza-sektoreari zuzendutako laguntza-plana bultzatzen jarraituko du. Plan horretan sartzeko baldintza nagusia da jabetza pribatuak kudeaketa iraunkorrerako planak garatzea. Era berean, Aldundiak sentsibilizatzeko eta ezagutza besterentzeko ekintzak prestatuko ditu; basoen kudeaketa iraunkorrerako ereduei buruzko nazioarteko jardunaldiei jarraipena emanez, 2025ean beste topaketa bat egingo du, eta Baso-suteetarako Larrialdi-plana garatzen jarraituko du.
Ildo berean, Basoen Arau berria onartuko da. Dagoeneko hasi da arau hori garatzen, baina hainbat arlotan ekingo zaio haren erregelamendu-garapenari, baso-araudi osoa lortu nahi delako, inguruabar berrietara eta baso-kudeaketa iraunkorrera egokitzen dena. Hasieran, gai hauek sartuko dira erregelamendu-garapenean: baso-espezieak eta baso-ibilbideak, baso-aprobetxamenduen eta birpopulaketen erregulazioa, erantzukizunpeko adierazpenen erregulazioa eta Mendien Batzordea eta hobekuntza-funtsa.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09