Prentsa Aretoa
2023/10/04
Bizkaiak aurrera egingo du pertsonak zaintzeko lanean, zerbitzu publiko sendoak, teknologiak eta sareko lan kolektiboa baliatuz
Gizarte Ekintzako diputatuak bere sailak datozen lau urteetarako dituen gidalerro nagusiak aurkeztu ditu. Gidalerro horien helburua da ahultasun-egoeran dauden pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea, baldin eta pertsona horiek, mendekotasuna, desgaitasuna edo babesgabetasuna dela-eta, laguntza espezializatua behar badute beren bizi-prozesuak garatzeko
Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordearen aurrean agertu da asteazken honetan, berak hala eskatuta, Sailak 2023-2027 legegintzaldian izango dituen jarduera-ildo nagusien berri emateko. Bizkaiko Foru Aldundiko Sail honen helburua honakoa da: premia duten lurraldeko pertsona guztiak zaintzea eta Bizkaiak dituen erronka berrietara egokitzea, zerbitzu publikoen sare sendoaren bidez eta teknologiek eta lankidetza-sareek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz.
Amaia Antxustegik zainketen ikuspegi komunitarioaren alde egin du: "Erantzukizun kolektiboa da", azpimarratu du, eta sareko lanaren garrantzia nabarmendu du Bizkaiko Hirugarren Sektore Sozialaren eskutik.
Eta hori guztia, Sailaren ekintzaren eta esku-hartzearen fokua kontuan hartuta, hau da, ahultasun handieneko egoeran dauden Bizkaiko pertsonak: mendetasun-egoeran dauden adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak, babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak, euren ingurunekoei zainketa informalak ematen dizkieten zaintzaileak, betiere gizarteratzeko funtsezko faktore gisa.
Ildo horretatik, legegintzaldi honetarako hiru jarduera-ildo nagusi ezarri dira, jarraian azaltzen direnak.
Iraupen Luzeko Zainketen Trantsiziorako Planaren lau ardatzak garatzea
Amaia Antxustegik adierazi duenez, Aldundiak iraupen luzeko zainketen arreta-zerbitzuak planifikatzen eta espezializatzen jarraituko du, adinekoentzako bizi-kalitate ona bermatzeko eta beren bizi-proiektuarekin aurrera egiten laguntzeko, etxean jarraitu nahi badute edo egoitza-baliabide bat behar badute.
Helburu hori gogoan, foru-erakundeak aurrera egingo du egoitza-zentroak eraldatzen, eta benetako etxe pertsonalizatuak izatera bideratuko ditu, bizikidetza-unitateak bultzatuz; belaunaldien arteko lotura-formula berriak sustatuko ditu Getxoko etorkizuneko zentroaren bidez, eta aurrera egingo du etxean jarraitzeko laguntza-zerbitzua (etxeTIC) Bizkaia osora zabaltzeko bidean.
Gainera, erreferentziazko eskualde-zentro berriak zabalduko dira, eta, Birjinetxeren ildoari jarraituz, laguntza espezializatuko talde profesionalak izango dituzte laguntza-prozesuak ezartzeko. Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak kudeatzen dituen zentro berri horiek egoitza-unitate soziosanitarioak izango dituzte berreskuratze-/birgaitze-egoeretarako. Zentro berri horiek 50 plaza soziosanitario berri sortzea ekarriko dute.
Parte-hartzea eta bete-beteko aukerak desgaitasuna duten pertsonentzat
Desgaitasunen bat duten pertsonen eremuari dagokionez, Bizkaiak Komunitatean Parte Hartzeko eta Bizi Kalitaterako Ereduaren aldeko apustua egiten du, desgaitasunen bat duten pertsonei eta haien familiei arreta eta sustapena emateko erreferentzia-eredu gisa. Foru Aldundiak aurrera egingo du sare nahikoa eta lurralde aldetik orekatua eta bizimodu independentea babesteko zerbitzuak hedatzen, desgaitasuna duten pertsonek ahalik eta autonomia pertsonalik handiena izan dezaten eta parte hartzen duten komunitatean benetan gizartera daitezen.
Ildo horretan, eta egungo eta etorkizuneko beharraizanei erantzunez, Gizarte Ekintza Sailak legegintzaldi honetan zehar lan egingo du desgaitasuna eta/edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzako egoitza-plazen kopurua handitzeko.
Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak
Gizarte Ekintza Sailak esku-hartze espezializatuko programak indartuko ditu ekimen berriekin, hala nola haurren sexu-abusuaren biktima diren adingabeei arreta ematera bideratutakoarekin. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak familia-harreraren aldeko apustuari eutsiko dio, lehentasunezko babes-neurri gisa, eta egoitza-harrerako baliabideetan arreta-profil berrietara (gaixotasun mentala edo jokabide-arazo larriak dituzten adingabeak) egokitzearen alde. Haurren babesean parte hartzen duten eragileekiko koordinazioari eutsiko zaio erantzun egokiak emateko, babesgabetasun-egoerak prebenitzeko eta aurrea hartzeko.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09