Prentsa Aretoa

2023/10/03

Talentua, industria, ekintzailetza, kanpo-sustapena eta lurralde-oreka: Ekonomia Sustatzeko Ardatzak 2023-2027

Ainara Basurko, Ekonomia Sustapeneko diputatua: "Egungo testuinguru ekonomiko eta sozialari erantzuten dion estrategia berritzaile bat diseinatu dugu, Bizkaia talentua erakartzeko eta atxikitzeko lurralde lider gisa sendotu nahian, eta espazio orekatu eta erakargarri gisa nabarmenduz"

rss Ezagutzera eman
Talentua, industria, ekintzailetza, kanpo-sustapena eta lurralde-oreka: Ekonomia Sustatzeko Ardatzak 2023-2027

ARGAZKIA JAITSI

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, bere sailak 2023-2027 legegintzaldirako duen plana zehaztu du gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Planaren helburu edo xede nagusiak Bizkaiko eraldaketa ekonomikoan sakontzen jarraitzea da, erronka global handiei erantzuteko, aldi berean enpresa-sarea sendotuz eta kalitatezko enplegua sortzea sustatuz. Diputatuak azaldu duenez, "estrategia berri hau egungo egoera ekonomiko eta sozialera egokitzeko diseinatu da, Bizkaia talentua atxikitzeko eta erakartzeko gai den lurralde berritzaile, erakargarri eta orekatu moduan sendotzeko".

Trantsizioak eta talentuaren aldeko konpromisoa azkartzea Bizkaia eraldatzeko

Planak bost jarduera-ardatz estrategiko ditu. Ardatz horiek talentuarekiko konpromisoa, ekintzailetza aurreratua eta industria sustatzea, eta lurralde orekatua eta kohesionatua bermatzea dira. Bizkaia ardatz atlantikoan ekintzailetzaren eta berrikuntzaren nazioarteko erreferente gisa posizionatu nahi da, lurraldearen dinamismoa eta industriari eta zerbitzu aurreratuei laguntzeko duen ekosistema sendoa nabarmenduz. Apustua argia da: trantsizio teknologikoa, digitala eta energetikoa eta ingurumenekoa azkartzea eta talentuaren garapena, fidelizazioa eta erakarpena sustatzea, Bizkaia lan egiteko, ekintzaile izateko, inbertitzeko eta bizitzeko Europako eskualde onenen artean kokatuz.

Jarduteko ardatz estrategikoak

Jarduketa-ildo bakoitza Bizkaiko garapen ekonomiko eta sozialaren hainbat alderdi indartzeko diseinatuta dago, lurraldearentzat hazkunde orekatua, inklusiboa eta iraunkorra bermatuz.

      1. Bizkaia, talentuaren aldeko konpromisoa

Legegintzaldirako jarduketa-planaren lehentasunen artean dago "STEM talentuarekiko konpromisoa" proiektua garatzea eta abian jartzea, eta horren barruan sartzen dira STEM bokazioetan sentsibilizatzea eta bokazio horiek bultzatzea, eta baita gaitasun digitalen hub bat sortzea ere.

Lehen ardatz honetan emakumeak enpresan, zientzian eta teknologian duen zeregina indartzeko jarduketak jasotzen dira, ondore horretarako emakumeek gidatutako ekintzailetzaren eta enpresen behatoki bat ezarriz eta emakume enpresarien, ekintzaileen eta zuzendarien arteko lankidetza-sareak sustatuz.

      2. Ekintzailetza aurreratua, Bizkaiko enpresa-sare berriaren eragile gisa

Ekonomia Sustatzeko Sailak ekimen ekintzaileen kantitatea eta kalitatea handitzean jartzen du arreta, batez ere arlo teknologikoetan. Horretarako, Beaz eta Seed Capital Bizkaia foru sozietateekin lankidetzan, zerbitzuen eskaintza integrala eta ekintzailetza aurreratuari laguntzea eskaintzen da. Eskaintza horren barruan besteak beste laguntza, trebakuntza, finantzaketa eta bikaintasuneko zentroekin eta nazioarteko nodoekin konektatzeko programak daude. Halaber, legegintzaldi honetan BAT, B Accelerator Tower-en garapena osatzea aurreikusten du sailak

Jardun-ildo honen barruan diputatuak azpimarratu du legegintzaldi honetan Seed Capital Bizkaiak kudeatutako funtsen bidez haziz doazen ekintzaileentzako eta enpresentzako finantzaketa-iturriak indartzeko eta dibertsifikatzeko tresnak bultzatuko direla, aldi berean nazioarteko inbertsioak erakarriz tokiko finantza-ekosistema aberasteko.

      3. Industria eta Zerbitzu Aurreratuak: lehiakortasun jasangarriaren aldeko apustu indartua

Ainara Basurkok Bizkaian zerbitzuen ongizatea eta kalitatea bermatzeko enpresa lehiakorren beharra azpimarratu du. Datozen lau urteetarako Ekonomia Sustatzeko Planak industria eta zerbitzu aurreratuko enpresak indartzea du helburu, berrikuntza, nazioartekotzea eta lankidetza bultzatuz. Digitalizazioa eta iraunkortasuna lehenetsiko dira, funtsezko elementuak baitira karbonoa kentzeko eta emisioak murrizteko bidean aurrera egiteko, eta gogorarazi du faktore horiek funtsezkoak direla lehiakortasun globalerako.

      Berrikuntza gehiago, ongizate gehiago

Enpresen lehiakortasunari laguntzeko programa, zerbitzu eta ekimenen ibilbide osoa proposatzen da. Laguntza-programak, trebakuntza, talentua erakartzea, zerga-kenketetarako txosten arrazoituak, berrikuntza irekiko dinamikak, barne-ekintzailetza bultzatzea, negozio-ereduak berrikustea, arazoak konpontzeko modelizazio matematikora hurbiltzea eta nazioarteko nodoekin eta bikaintasun-zentroekin konektatzea eskaintzen ditu.

      Bikaintasun lehiakorreko eta garapen teknologikoko zentroen sarea zabaltzea

Lurraldeko bikaintasuneko zentroen sarea, EIC, NIC, AIC, CFAA... hedatzea planteatzen da, bioekonomian, hidrogeno bidezko deskarbonizaziorako trantsizio energetikoan eta beste energia berriztagarri batzuetan espezializatutako hubak, sare adimendunak, mugikortasun iraunkorra, aeronautika eta fabrikazio aurreratua, silver economy, industriara bideratutako kuantika eta ikus-entzunezko eta sormenezko industria barnean sartuz.

      Aurrerapena trantsizio energetiko eta ekologikoan

Enpresa txiki eta ertainentzako estrategia espezifikoak diseinatu eta garatuko dira, ingurumena errespetatzen duten praktika iraunkorragoak sustatuz trantsizio energetikoan eta ekologikoan aurrera egiteko.

      Enpresen Digitalizazio-Ibilbidea

Enpresetan lan egingo da digitalizazio-ibilbidea diseinatu eta garatzeko, eta horrek enpresa-ekosistema digital sendoa sortzea ekarriko du, Bizkaiko enpresei eraldaketa digitalaren abangoardian egoteko aukera emango diena.

      4. Bizkaia orekatua eta kohesionatua

Ardatz honen helburua Bizkaiko lurralde osoan aukera-berdintasuna bermatzea da. Funts bat ezarriko da jarduera ekonomikorako kalitatezko gune lehiakorrak sustatzeko, udalerri eta eskualdeetako lehiakortasuna bizkortuz. Eta merkataritza eta artisautzako ehunaren berrikuntza eta dinamizazioa bultzatuko da, etorkizuneko denda eta artisautza babestuz.

      5. Bizkaia irekia eta erakargarria

Sailak nazioartean ezaguna eta aintzatetsia den Bizkaiaren aldeko apustua egiten du. Bizkaia kanpoan sustatuko da nazioarteko aktore eta misioei harrera eta ongietorria egiteko erreferentziazko espazio fisiko berezia sortuz. Era berean, diputatuak ardatz horretan kokatu ditu eragin handiko ekitaldiak erakartzea eta ospatzea, baita inbertsioak erakartzeko lan aktiboa egitea ere, lurraldean jarduera eta proiektu berriak ezartzeko euskarri integrala eskainiz.

ITURRIA: BFA