Prentsa Aretoa

2023/10/03

Imanol Pradales: "Legealdi hau mugarri bat izango da Bizkaia konektatuagoa, jasangarriagoa eta etorkizunerako prestatuago baterantz"

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren 2023-2027 legegintzaldiko planak 1.061 milioi euroko inbertsioak aktibatuko ditu

rss Ezagutzera eman
Imanol Pradales:

ARGAZKIA JAITSI

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 2023-2027 legegintzaldirako plana aurkeztu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Imanol Pradales diputatuak etorkizunerako bide argia seinalatu du, eta datozen lau urteetan egingo diren funtsezko ekintza eta proiektuak nabarmendu ditu; izan ere, Foru Aldundiaren inbertsore nagusia izango da, 1.061 milioi euroko inbertsioekin. "Legegintzaldiko plana Bizkaia eraldatzeko konpromiso irmoa da, berrikuntza, jasangarritasuna eta lurralde-garapen orekatua sustatuz. Aurreikusitako proiektu eta jarduketek Sailak azpiegituren kudeaketa eta lurraldearen bizi-kalitatea eta konektibitatea hobetzeko duen dedikazioa jasotzen dute", laburbildu du diputatuak.

Plana lau jarduketa-ildo nagusiren inguruan egituratzen da: Bizkaiaren eraldaketa bere azpiegituren bidez; berrikuntza bide-azpiegituretan; jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa foru bide-sarean;  eta etorkizunean Bizkaia orekatua garatzeko prestaketa. "Ardatz bakoitza modernizazioarekiko, eraginkortasunarekiko, emisioen murrizketarekiko eta bizi-kalitatearen hobekuntzarekiko konpromisoa da, Bizkaia konektatuago, jasangarriago eta etorkizuneko erronketarako prestatuago baten ikuspegia islatuz", azpimarratu du Pradalesek.

1. Bizkaia eraldatzeko azpiegiturak
Ildo estrategiko hau Bizkaia eraldatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, konektibitatea hobetzeko eta lurraldea modernizatzeko beharrezkoak diren bide-azpiegiturak eta bideak ez direnak gauzatzera bideratuta dago.

Itsasadarraren azpiko tunela eta Etxebarritik Markinarako saihesbidea bezalako proiektuak dira ekimen honen adibide nagusiak. Nabarmentzekoak dira, halaber, BAT (B Accelerator Tower) handitzea eta Azpiegiturak foru-sozietatearen bitartez gizarte-ekipamendu eta belaunaldien arteko garapenerako zentro berriak sortzea.

2. Berrikuntza Bide Azpiegituretan.

Helburua sarearen eta bere eskariaren kudeaketa eraginkorragorantz eboluzionatzea da  bakarrik behar-beharrezkoak diren azpiegituretan eta garraiobideetan inbertituz. "Bide Azpiegituretako Berrikuntzarako II. Planaren" helburua mugikortasuna deskarbonizatzea, bide-sarean teknologia berriak sartzea eta kudeaketa-sistemak optimizatzea da.

Proiektu aipagarriak dira Bizkaia Connected Corridorren garapena eta handitzea, bide-azpiegituretako berrikuntzarako II. Plana edo bide-sarearen digitalizazioa eta modelizazioa.

3. Jasangarritasuna eta Trantsizio Energetikoa Foru Bide Sarean.

2050ean emisioak zero izateko Europako helburua betetzeko "2023-2030 Energia Jarduketarako Plan Orokorra" ezarriko da. Besteak beste bizikleta bidezko mugikortasuna, ibilgailuen elektrifikazioa eta garraio publikoaren optimizazioa bultzatuko dira.

Arlo honetan proiektu nagusiak dira itsasadarraren bulebarra, bizikleta-pista berriak eta hiriarteko bidegorriak, bide-sarean LED argiztapenerako trantsizioa eta errepide-sarean ekonomia zirkularra sustatzeko jarduketak.

4. Etorkizuneko Bizkaia orekatuaren garapena prestatzea

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako  Sailak etorkizuneko erronkei eta beharrei aurrea hartzeko eta erantzuteko helburuari eusten dio, hirigintza-plangintza eraginkor eta iraunkor baten bidez.

Jarduketa-ardatz honek proiektu aipagarriak biltzen ditu, hala nola 2023-2035 Errepideen LAPa onartzea, metropoli-eremua itsasadarraren ardatzaren inguruan eraldatzeko proiektua, III. Bidesarea Plana, 2023-2035 Bizikleta-Bideen LAPa hedatzea, Elorrio eta Gipuzkoa arteko kapazitate handiko konexio-proiektua edo Errekaldeko Saihesbidearen eraikuntza-proiektua idaztea.