Prentsa Aretoa

2023/10/02

Itxaso Berrojalbizek esan du zergak berrikusi behar direla Bizkaiko gizarteak dauzkan erronka handiei aurre egiteko

Ogasun eta Finantzen foru diputatuak esan duenez, Foru Ogasuna gehiago ariko da nazioartean, zergadunen arreta eta zergen arloko profesionalekiko harremanak sendotuko dira eta Katastroa aztertuko da

rss Ezagutzera eman
Itxaso Berrojalbizek esan du zergak berrikusi behar direla Bizkaiko gizarteak dauzkan erronka handiei aurre egiteko

ARGAZKIA JAITSI

Ogasun eta Finantzen foru diputatuak esan duenez, sail horren 2023-2027 legealdiko ildo estrategikoetako bat zerga-sistema berrikustea da, politika politikoen osagarri, erronka demografikoari, ingurumen-erronkari eta erronka digitalari. Gainera, Foru Ogasuna gehiago ariko da nazioartean, zergadunen arreta eta zergen arloko profesionalekiko harremanak sendotuko dira eta Katastroa aztertuko da.

Ogasun eta Finantzen foru diputatu Itxaso Berrojalbizek Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean azaldu du zer egingo duen bere sailak legealdi honetan Bizkaia denontzat planean ezarritako helburuak lortzeko: Bizkaia oparoa izatea, gizarte-babes handikoa, berdea, nortasun berezikoa eta lurralde-orekaduna. 

Foru diputatuak esan du Ekonomia Itunak emandako zergen arloko eskumena erabili behar dela zergen bidez erantzuna emateko gure gizartean gertatzen ari diren eraldaketa handiei. Hori dela eta, iragarri du zergak berrikusteko prozesuan honako gai hauek hartuko direla kontuan: etxebizitza, gizarte-aurreikuspena, jaiotza-tasa, ekintzailetza, genero-berdintasuna eta fiskalitate berdea. Gainera, ohartarazi du berrikuspenean orekan mantendu behar direla jarduera ekonomikoa eta ekintzailetza bultzatzea, lanpostu onak sortzea eta zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko behar diren baliabideak lortzea.

Horregatik, adierazi du, berrikuspenaren abiagunea gaur egungo zerga-sistemaren diagnostikoa izango da, eta konpromisoa hartu du abenduaren 31rako eginda edukitzeko, gainerako erakundeekin batera Euskadiko Zerga Koordinazioko Organoan, eta gero Batzar Nagusiei aurkezteko.

Horrez gainera, foru diputatuak legealdi honetan Ogasun eta Finantza Sailak garatuko dituen beste sei ildo estrategiko aurkeztu ditu. Horietako bat Ekonomia Itunean hitzarmen gehiago sartzea sustatzea da. Hori dela eta, foru diputatuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Bizkaiko Foru Ogasunak nazioarteko erakundeen lantaldeetan eta EAEko erakundeen eta Estatuaren arteko negoziazioetan parte hartzea foru ogasunek nazioartean dauzkaten ahalak, eskubideak eta betebeharrak zabaltzeko. Horren adibide gisa esan du laster Estatuarekin  negoziatuko dela foru ogasunekin hitzartzea multinazionalak zuzenean zergapetzeko eredu berria, % 15eko karga gutxienez, Pilar Dos deritzon zuzentarauaren ondorioz.

Ogasun eta Finantza Sailaren beste ildo estrategiko bat honako hau izango da: zerga-iruzurraren aurkako borroka sendotzea eta zergadunei laguntzea beren zerga-betebeharrak betetzen. Ildo honetan honako hauek izango dira Sailaren jarduketa nagusiak: PFEZaren kudeaketarako eredu berria finkatuko da, zergadunei Batuz sistema behin betiko ezartzen lagunduko zaie eta administrazioa herritarrei hurbiltzeko aurrerapausoak emango dira: herritarren arretarako sistema indartuko da eta Foru Ogasunak eta zergen arloko aholkularitzan ari diren profesionalek hobekuntzez jarduteko foroa sortuko da. Halaber, Foru Ogasunarentzat lehentasunekoa izango da zergadunen segurtasun juridikoa sendotzea, eta horretarako aurretiazko administrazio-loturaren prozedura moduko prozedurak erabiliko ditu. Prozedura hori funtsezkoa izango da ekonomia sustatzeko eta Bizkaira inbertsioak, proiektuak eta talentua erakartzeko estrategian.

Epe luzera begira, Berrojalbizek esan du legealdi honetan Aldundia lanean hasiko dela Kupoaren Legearen eta Ekarpenen Legearen hurrengo negoziazioak prestatzeko eta Katastroa berrikusteko. Katastroa berrikusteko prozesuan Bizkaiko udalerriek lagunduko dute. Abiagunea Bizkaiko lurraldeko ondasun higiezinen balio-txostenak berrikustea eta eguneratzea izango da.

Azkenik, Berrojalbizek esan du Aldundiaren ildo estrategikoa dela Ekonomia Ituna bultzatzea, garatzea eta aldeztea, eta, horren ildotik, zenbait jarduketa egingo direla Ekonomia Ituna ezagutzeko, ulertzeko eta Estatuan eta nazioartean zabaltzeko, eta eragile ekonomikoei, gizarte-eragileei eta herritarrei jakinarazteko zein garrantzitsua den gure autogobernurako.

ITURRIA: BFA