Prentsa Aretoa
2023/07/14
Ikurrinaren 129. urteurrena bete den egunean, EAJ-PNVk Euskal Taldea aldarrikatu du “Madrilen Euskadi defendatzeko sinbolo gisa”
Andoni Ortuzarrek eta Aitor Estebanek mobilizaziorako deia egin dute U23ko hauteskundeei begira, alderdi jeltzaleak euskal herritarren "interesak, eskubideak eta pentsioak" erabakitasunez eta eraginkortasunez babesten jarrai dezan, Estatuaren menpeko alderdien eta "Euskal Herriari traizioa" egiteagatik urteetan estrategia hori iraindu zutenen zalantzei aurre egiteko
2023-07-14 - Bilbo - Aitor Esteban
MINTZALDIA - 2023/07/142023-07-14 - Bilbo - Andoni Ortuzar
MINTZALDIA - 2023/07/14
Ikurrinaren sorreraren 129. urteurrena betetzen den egunean, Luis eta Sabino Arana anaiek diseinatu eta 1894ko uztailaren 14an lehen aldiz altxatu zen euskal sinbolo nazionala den Ikurrina, EAJ-PNVk Euskadiren beste ‘sinbolo’ baten balioa ere aldarrikatu eta aitortu nahi izan du, Euskal Taldearena, Madrilen euskal herritarren interesen eta eskubideen babesle eta jatorrizko aldarrikatzaile denarena. Bilboko Arriaga Antzokiaren ondoan egin den ekitaldi politiko batean, Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek ziurtatu du Espainiako parlamentuan diputatu eta senatari jeltzaleek osatzen dutena dela “talde serio, langile, arduratsu eta zorrotza euskaltasunaren eta gure autogobernuaren defentsan; denekin hitz egiteko gaitasuna erakutsi du eta akordioen laguna da, sendoa tribunan eta legegintzako negoziaketetan”, eta bertute horiek bihurtu dute “euskal hiritargo osoaren interesen defendatzailerik handiena: gure pentsioena, gure industriarena, kalitatezko enpleguarena, Europako Funtsena, euskal eskuduntzekiko eta gure autogobernuarekiko errespetuarena, Ekonomia Itunarena… Hori dena dugu jokoan U23an, eta horregatik da hain garrantzitsua Euskal Taldea indartsua eta eraginkorra izan dadila”.
Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaile eta Bizkaiko zerrendaburu Aitor Estebanek, bere aldetik, aldarrikatu du EAJ-PNVk Ikurrina lehen aldiz igo zen egun bereko asmoari eta jarduera ildoari eusten diela, hau da “gure herriaren autogobernuaren alde egitea, bere bizimodua hobetzea eta ikuspuntu demokratiko batetik egitea”. U23rako kanpainako ekitaldiari hasiera eman aurretik, EAJ-PNVren ehunka alderdikide, alderdizale, herri kargudun eta barne kargudunek eta Euzko Gaztedi-EGI taldeko kide ugarik parte hartu dute alderdi jeltzaleak urtero, uztailaren 14an, Ikurrinari egiten dion omenaldian. Omenaldiari hasiera eman zaio Dendarikaleko Bilbo Zaharra Batzokian euskal bandera nazionala igoz eta , aldi berean, ‘Eusko Abendaren Ereserkia’ abestuz. Jarraian, talde osoa Posta kalean 1894an ‘Euskeldun Batzokija’ kokatuta zegoen tokiraino joan da, leku hartan igo baitzen lehen aldiz Ikurrina orain dela 129 urte. Urteurrena gogoratuz, aurresku hunkigarria dantzatu dute bertan.
Aitor Estebanek gogoratu du EAJ-PNV Ikurrina lehen aldiz igo eta urtebete geroago eratu zela, 1895. urtean. Ordutik “ibilbide berberari heldu zaio: gure herriaren autogobernuaren alde egitea, bere bizimodua hobetzea eta ikuspuntu demokratiko batetik egitea”. Zentzu berean nabarmendu du EAJ-PNVren zutabe nagusiak direla “demokrazia eta giza eskubideak”, “inposaketarik gabeko eredua proiektatuz, integratuz eta ez baztertuz”. Hautagai jeltzaleak hiritargoari adierazi nahi izan dio egun bizi dugun momentuaren garrantzia eta esan du “bidegurutze konplikatua” dela .“Ziurgabetasunez betetako panorama baten aurrean, non alderdi batetik zein bestetik birzentralizatze, autoritarismo, populismo, faszismo eta segurtasunik gabeko haizeteek jotzen baitute, Euskal Herriari esaten diogu gaur, inoiz baino gehiago, defentsa-lerroa ezarri behar dela Madrilen; Madrilen egon behar dela euskal ahotsa entzun dadin, kostata lortu genuen autogobernua defendatzeko, euskara eta Ekonomia Ituna defendatzeko, Kupoa, gure hezkuntza eredua, gure industria, gazteen enplegua eta gure eskubide eta askatasunak”, Azken finean, Estebanek ohartarazi du Madrilen behar dela “motxilarik ez daraman ahotsa, Euskal Herriaren zerbitzura baino egongo ez dena, bere ongizatearen zerbitzura. Ahots sendoa, zalapartarik egin gabe, ahots garbia eta zintzoa, orekatua, muturreko posizioetan edo demagogian eroriko ez dena. Horixe da EAJ-PNV”, amaitu du.
Ortuzarrek bere aldetik gogora ekarri duenez, “azken 46 urteotan” Madrilen euskal herritarren defentsa Euskal Taldeak bakarrik egin du, “beste alderdiek beste interes zabalagoei begira zeudelako Estatuko alderdiak zirelako edo, bestela, Madrilgo lan instituzionalari boikota egiten ziotelako hara joatea Euskal Herriari traizioa egitea jotzen zutelako. Gaur, zorionez, aldatu egin dira, baina funtsean Euskal Taldea da Madrilen euskaltasunaren defentsa eta ordezkaritza bere gain daramana. Eta indartsu eta gogotsu gaude eta ideiak ditugu zeregin horretan jarraitzeko”, ziurtatu du. “Eta Taldea pertsonifikatzen badugu, Aitor Esteban da gaur egun euskal gizarte osoarentzat, abertzaleak izan zein ez izan, Euskadiren aurpegia Madrilen. Egunez egun, bulegoz bulego, ministroz ministro, hor izan dira, ekinean, akordioak bete zitezen, Aurrekontuak Euskadira hel zitezen, Europako Funtsak ondo erabil zitezen. Eta ez bakarrik euskal gaietarako edo euskal interesetarako: Aitor, Euskal Talde osoa, erreferente izan da legealdi honetan giza eskubideen eta askatasun zibilen defentsan: sekretu ofizialen legeari buruzko proposamenak, mozal legea, lege sozial guztiak hobetzeko zuzenketak. Euskal gaien defentsa bai, baina baita elkartasuna ere kausa bidezko guztiekin eta demokraziaren defentsarekin”, aldarrikatu du buru abertzaleak. “Eta horregatik, topera mobilizatu behar dugu uztailaren 23ra arte geratzen zaizkigun hamar egun hauetan guztietan”, aldarrikatu du. “Inkestetan ikusiko duzue, dena jokatuko da zapi txiki batean. Eta, zapia izan behar da berde, gorri eta zuria. Zapia izan behar da Ikurrina, Euskal Taldea. Ikurrina, aurtengo Tourrean nagusi izan dena; eta Euskal Taldea, azken lau urteotan Euskadi eta euskal hiritargo osoa defendatu duena”, amaitu du Ortuzarrek.
Bideo erlazionatuak...
BIDEOA
2023/07/14
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09