Prentsa Aretoa

2022/09/28

Lotura-trenak 4 minutuko maiztasunarekin lotuko ditu Sestaoko eta Areetako geltokiak

Aste honetan bertan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lankidetza-protokolo bat onartu da, proiektuaren irtenbide teknikoa zehazteko eta finantzaketa-eredua ezartzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itsasadarraren azpiko tunela tunel multimodala izango da, ibilgailuentzako eta trenbideentzako sekzio bikoitza eta guzti, itsasadarraren bi ertzak eta metroko 1. eta 2. lineak lotzeko. Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatu Imanol Pradalesek proiektuaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur. Foru erakundeak hilabeteak daramatza azpiegituraren potentziala aprobetxatzeko lanean.

Faltan sumatzen genuen metroaren 1. eta 2. lineak lotzeko aukera. Itsasadarraren sare bikoitz hori egia bihurtzea, baina bagenekien asmo handiko helburua zela, eta teknikoki oso konplexua. Gaur egun badakigu posible dela hori egitea, badakigu zehazki nola egin eta zeintzuk diren kostua eta balizko onurak. Hilabete asko daramatzagu lanean eremua xehetasunez erradiografiatzeko. Eta aztertu diren aukera ugarietatik onena Sestaoko eta Areetako metro-geltokiak lotura-tren baten bidez lotzea da, aireportu batzuetan ikus daitekeen sistemaren oso antzekoa. Trenbidea lurpeko 2.600 metroko trazadurarekin lotuko da, eta itsasadarraren azpiko tunelaren hodietako batekin batera elkartuko da 300 metrotik gorako luzapenean, azaldu duenez.

Sestao eta Areeta arteko lotura-trenak 5.000 erabiltzaileri emango die zerbitzua; 4 minutuko maiztasuna izango du eta 4 minutuko geltokien arteko bidaia-denbora. Hau da, lineen arteko transbordoetan 20 minutu aurrezteko aukera emango du, egungo egoerarekin alderatuta. Sestaotik Areetara doan norbaitek 25 minutu inguru behar ditu San Inaziotik barrena joateko.

Era berean, ibilgailu pribatuaren erabiltzaileek ere baliatu ahalko dute, eta ez dute autoa hain sarri hartuko, trenbide-konexio berri horrek beste aukera emango dielako.  Lehenengo kalkuluen arabera, urtean 180.000 bidaia saihestu ahal izango dira bi aldeen artean, lotura-trenari esker. Kopuru apala da, baina ezin da gutxietsi, eta horri gehitu behar zaio egunean 6.000 kilometro inguruko ibilbideak egiten dituzten ibilgailu horien emisioen inpaktua.

Proiektu honen beste mugarri nagusietako bat betetzen dugu, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin lankidetza-protokoloa sinatuz. Zaila da zehaztea zenbat denbora behar den xehetasun teknikoak izateko. Badakizuenez, beti esaten dut azpiegitura handi bat eraikitzeko proiektua idazten emandako denbora ustekabeetan eta akatsetan aurreztutako dirua dela. Nolanahi ere, protokoloaren sinadurak abiaraziko ditu xehetasun-azterketak egiteko zereginak. Bizkaiko Garraio Partzuergoak eraikuntza-proiektuari ekin beharko dio, ondoren lizitatzeko. Proiektuak eraikuntza-denbora zehatza markatuko du, eta, edonola ere, ibai-azpialdearen eraikuntzarekin batera joango da, Pradalesek adierazi duenez.

Trenbide-konexio berri hori martxan jartzeko 185 milioi euroko inbertsioa egingo da. Laburbilduz, ibarren arteko konponbide multimodal globalak 600 milioi euroko inbertsioa ekarriko du datozen urteetan.

Ibai-azpialdearen eraikuntza-proiektua 2023ko udan amaituko da, eta lanak 2024an hasiko dira. Azpiegitura 2028an martxan jartzea aurreikusten da.

Imanol Pradalesek gogorarazi du ibai-azpikoa funtsezko proiektua dela Bizkaiko errepide-sarearen etorkizunerako, premiazkoa baita Arrontegiren alternatiba bat izatea, lurraldeko bide-sareko punturik ahulena baita, batez beste 155.000 ibilgailuko intentsitatea baitu egunean. Eta, gainera, aldaketa handia ekarriko du metropoli-eremuko mugikortasunean, auto-ilarak murrizten lagunduz; kalkuluen arabera, ibai-azpikoak 51.000 ibilgailu hartuko ditu egunero, Max Centerreko zuzengunea, Avanzada eta Arrontegiko trafikoa arinduz.