Prentsa Aretoa
2022/09/13
Urkullu Lehendakariak enpresa-munduan berdintasuna sustatzeko beharra azpimarratu du, “justizia sozialagatik eta hobekuntzari egindako ekarpenagatik”
Iñigo Urkullu EnpresariAK Euskadiko Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioaren aurkezpenean izan da, eta, bertan, emakumeak gehiago kontuan hartuko dituen enpresa-kultura berri bat defendatu du
Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, EnpresariAK Euskadiko Enpresarien, Zuzendarien eta Profesionalen Federazioaren aurkezpenean izan da.
Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioa AED (Bizkaia) AMPEA (Araba) eta ASPEGI (Gipuzkoa) hiru lurraldeetako elkarteek osatzen dute. Federazioa duela hogeita bost urte baino gehiago sortu zen, baina berritu egin da helburuei eta proiektuei dagokienez.
Bere hitzaldian, Urkullu lehendakariak enpresa-munduan berdintasuna sustatzeko beharra azpimarratu du, justizia sozialagatik eta errendimendua, kalitatea, antolaketa eta sormena hobetzeko egiten duen ekarpenagatik. “Laburbilduz, talentuaren aprobetxamendua”, gehitu du.
Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) 70 herrialdetako konpainietan egindako azterketa baten arabera, zuzendaritza-karguetan emakumeen presentzia sustatu duten lau enpresatik hiruk irabaziak % 5etik % 20ra igo dituzte. Eragin positibo hori ez da diru-sarreren igoerara bakarrik mugatzen; izan ere, enpresen % 57k nabarmendu zuen sustapen horrek talentua duten profesionalak erakarri eta atxikitzen lagundu zuela, bai eta sormenaren, berrikuntzaren eta irekitasunaren arloan hobetzen ere.
Datu horiek errepasatu ondoren, Lehendakariak adierazi du garrantzitsua dela berdintasunean eta erabaki-organoetan emakumeen parte hartzean sinesten duten gero eta enpresa gehiago izatea, “gizartea erdiaren ekarpen baliotsuan sinesten duten enpresa gehiago”. “Enpresa-kultura berri bat behar dugu, emakumeak eta haien beharrak kontuan hartuko dituena. Genero-rolak ezabatzen lan egingo duen eta zuzendaritza- eta lidergo-estilo desberdinak balioetsiko dituen kultura”, gaineratu du.
SOLDATA-ARRAKALAREN AURKAKO EUSKAL ESTRATEGIA
2030 Agendaren 5. helburuak emakumeen erabateko parte-hartze eraginkorra eta bizitza politiko, ekonomiko eta publikoko erabaki-maila guztietan lidergo-aukera-berdintasuna ziurtatzea eskatzen du. Euskadiren kasuan, soldata-arrakalaren aurkako euskal estrategiak enpresa munduan emakumeen sustapena zailtzen duten egiturazko faktoreak azpimarratzen ditu, hesi ikusezin horri aurre eginez, kristalezko sabai horri, emakume askori zuzendaritzako goi-karguetara iristea eragozten diena, gizonen meritu berberak izan arren.
Amaitzeko, Lehendakariak azpimarratu du oso garrantzitsua dela enpresek berdintasunaren trena ez galtzea eta, era berean, gero eta enpresa gehiago eredu bihurtzea. “Hau denon lana da. Gizarte osoak lagundu behar du emakumeek erabakiak hartzeko, zuzentzeko, erabiltzeko eta eragiteko gaitasuna izateko prozesuetan parte-hartze handiagoa izan dezaten”, adierazi du.
Ekitaldian, erakundearen aurkezpenaz gain, Euskadiko enpresaburuen, zuzendarien eta profesionalen erronka berriei buruzko mahai-ingurua egin da, Arantxa Tapia eta Beatriz Artolazabal sailburuekin.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09