Prentsa Aretoa

2022/05/03

BI-711 errepidea eraldatuta Getxo, Leioa, Erandio eta Bilbo lotuko dituen bulebarra eraikitzeko proiektua aurkeztu du Aldundiak

Urtebete barru hasiko dira itsasadarreko oraingo errepidean oinezkoen pasealekua eta bizikleta-bidea barne hartuko dituen bulebarra eraikitzeko obrak; horretarako, 20 milioi euroko inbertsioa egin beharko da

rss Ezagutzera eman
BI-711 errepidea eraldatuta Getxo, Leioa, Erandio eta Bilbo lotuko dituen bulebarra eraikitzeko proiektua aurkeztu du Aldundiak

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak itsasadarreko bulebarraren trazatu-proiektua aurkeztu du. Bulebarrak Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxo lotuko ditu, oraingo BI-711 errepidea espazio berri batean eraldatuta. Zehazki, 6,5 kilometroko luzeran, itsasadarraren eskuinaldeko aurrealdea hiri-bilbean integratuko da, trafikoa geldotuz eta oinezkoentzako pasealeku bat eta bizikleta-bide bat sortuz. Aurkezpen-ekitaldian, Rementeriarekin batera, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatu Imanol Pradales foru diputatua, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Erandioko alkate Aitziber Oliban, Getxoko alkate Amaia Agirre eta Leioako alkate Iban Rodríguez izan dira.

Rementeriak iraultzailetzat jo du proiektua; izan ere, itsasadarraren ertz osoa bulebar bihurtuko du, pertsonek gozatu dezaten, eta lehenaren eta ondorengoaren arteko muga ezarriko du bizitzeko eta mugitzeko moduan. Halaber, ziur da uraren aurrealdea berreskuratzeak era guztietako aukera berriak sortzen lagunduko duela.

Proiektua exekutatuta, bi helburu lortu nahi dira: batetik, hiria eskuinaldeko fatxadan berroneratzea, itsasadarra gozatzeko espazio gisa hiri-bilbean sartuz, eta, bestetik, mugikortasun jasangarria sustatzea. Horretarako, Aldundiak BI-711 errepidearen plataforma eraldatuko du— gaur egun, motordunen zirkulazioak hartzen du, nagusiki—, mugikortasun jasangarrirako hiri-bide gisa, non motordunen zirkulazio geldoa eta oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna elkarrekin ibiliko diren.

Proiektuaren alderdi nabarmenak

Getxon eta Bilbon dauden oinezkoen eta bizikleten bideekin konektatuta, bulebarrak oinezkoen pasealekurako hiru metroko sekzio bat izango du ibilbide osoan zehar, itsasadarretik hurbilen dagoen bandatik igaroko dena, eta, haren ondoan, lau metroko zabalerako bizikleta-bide bat. Motordunen zirkulazio geldorako galtzada-espazioa, berriz, 6,8 metrokoa izango da. Hiru espaziook behar bezala identifikatuta eta bereizita egongo dira, mugikortasun-modu bakoitza segurtasunez erabil daitekeela bermatzeko. Jakina denez, bulebarra ezkerraldeko bizikleten eta oinezkoen sareekin konektatuta egongo da, Aldundiak Erandio eta Barakaldo artean eraikiko duen zubi mugigarriaren bitartez.

Gaur egungo plataformak espazio nahikorik eskaintzen ez duen tarteetan, behar den espazioa ur-laminaren gaineko plataformen bidez irabaziko da. Trazatuaren 6,5 kilometroetatik, 1,8 kilometro gehiago plataforma eraiki beharko da, hegan edo piloten gainean, zeinek 5,9 metroko zabalera izango duten gehienez ere.

Proiektuan nabarmendu beharreko beste elementu bat: motordunen zirkulazioa kentzea itsasadarraren aurrealdean, Lamiakoko paduretan, 800 metroko tarte batean, non oraingo BI-711 errepidea oinezkoentzako eta bizikletentzako espazio bihurtuko den aisialdirako espazioekin. Horretarako, motordunen zirkulazioa Felipe del Río kaletik bideratuko da.

Azkenik, azpimarratu behar da Asuako (BI-747 errepidearekin) eta Astrabuduako (BI-647 errepidearekin) bidegurutzeak berrantolatzeko proposatu den irtenbidea. Bi bidegurutzeak, gaur egun Tn daudenak, hiri-biribilgune bihurtuko dira, eta bide-zirkulazioaren arintasuna hobetuko dute. Era berean, zirkulazioa baretzeko kontrol-elementuak izango dira.

Inbertsioa eta epeak

Itsasadarreko bulebarraren trazatu-proiektua informazio publikoaren izapidearen pean jarriko da, datozen egunetan; ondoren, eraikuntza-proiektua egingo da. Eraikuntza-proiektuak —abuzturako aurreikusita dago onartzea— behar den inbertsioa eta eraikitzeko epeak zehaztuko ditu. Dena den, Foru Aldundiak 20 milioi euroko inbertsioa egin beharko dela uste du, eta, haren iritziz, obrak 2023ko apirilean hasiko dira, eta 2024ko bigarren erdialdean amaitu.

FUENTE: BFA