Prentsa Aretoa

2022/05/16

Aldundiak Bizkaiko museoekin ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna, herritarrak museo horien “boterea sentitzera” gonbidatuz

'Museoen boterea sentitu' ekimenak Bizkaiko 44 museo ikusaraztea da, herritarrek lurraldearen museo-aberastasuna ezagutu dezaten

rss Ezagutzera eman
Aldundiak Bizkaiko museoekin ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna, herritarrak museo horien “boterea sentitzera” gonbidatuz

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiak, beste urte batez Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimena bultzatu du, Bizkaiko 44 museoekin lankidetzan; efemeride hau maiatzaren 18an ospatzen da. Oraingo honetan ICOMek (Museoen Nazioarteko Kontseiluak) "museoen boterea" azpimarratzen du, eta ildo horretatik Foru Erakundeak herritarrei Bizkaiko museoen aniztasuna eta aberastasuna eskuratzen laguntzea erabaki du.

Museoak aktibo daude eta jarduerak eskaintzen dituzte urte osoan zehar. Hori dela eta, oraingo honetan Foru Aldundiak museo horien garrantzia eta eginkizuna azpimarratu nahi ditu, ez bakarrik efemeride honen inguruan, baita urteko egun guztietan ere. Horrela, edizio honetan inguratzen gaituen munduan duten botere eraldatzaileari buruz hausnartzera gonbidatzen da. Aurkikuntzak egiteko leku paregabe gisa gure iragana erakusten digute eta gure buruak ideia berrietara irekitzen dituzte, etorkizun hobea eraikitzeko funtsezko bi urrats.

Pinakotekek efemeride honi lotutako jarduerekin ospatuko dute Nazioarteko Eguna eta ekitaldiak eta ekintzak bi astez luzatuko dira. Horrela bisitariei museoetara hurbiltzeko aukera eman nahi zaie, ospakizun honen inguruan antolatutako programazioez gozatzeko.

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, aurkeztu du ekimena, Asier Madarietak, Bizkaikoako (Museoen Nazioarteko Eguna ekimenaren erakunde koordinatzailea) zuzendariak eta Bizkaiko museoetako hainbat ordezkarik lagunduta. Lorea Bilbao Ibarrak azaldu duenez, "Museoen Nazioarteko Egunean Bizkaian urte osoan zehar dagoen museoen eskaintza zabala aldarrikatu nahi dugu, herritarrek ezagutu dezaten Bizkaian 40 museo eta ondare zentro baino gehiago daudela, eta horiek guztiek urte osoan eskaintza anitza dutela, edozeinek aurkitu dezakela disfrutatzeko plan zoragarria museotan ere. Jendeak museoen indarra deskubritzea nahi dugu." Diputatua adierazi du "adin guztietakoentzako lekuak direla, jarduera ezberdin eta askotarikotarikoak eskaintzen dituzten tokiak eta gainera, museo bakoitzak bere izaera izan eta erakusten duela. Museoak ezagutzaz beteriko lekuak dira, gure jendearekin elkartzen gaituzte, ikerketa sustatzen dute, herriak eta hiriak eraldatzen dituzte, mundua ulertzen laguntzen dute … museoek gizartea aberasten dute. Hau guztia da museoen boterea. Eta kontuan izan museoen boterea, indarra ez dutela Museoen Nazioarteko Egunean bakarrik, urte osoan baizik".

Parte hartzen duten Museoak

Edizio honetan Bizkaiko hogeita zortzi udalerritako berrogeita lau museo izango dira ospakizunarekin bat egingo dutenak: Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Berreginen Museoa, Itsasmuseum Bilbao, Eliz Museoa, Euskal Museoa, Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Pasio-Irudien Museoa, Bilboko Zezen Museoa eta Euskararen Etxea; Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Abanto-Zierbena); Txakolingunea (Bakio); La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda); Balmasedako Pasio Biziduna C.I.; Burdinazko Hesiaren Museo Memoriala (Berango); Arrantzaleen Museoa (Bermeo);  Margarita María Museoa (Berriz); Ekoetxea Urdaibai (Busturia);  Antzasti Euskaldunon Etxea (Dima);  Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango); San Balentin Berriotxoakoaren Museoa (Elorrio); Loizaga Dorrea (Galdames); Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga); Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo); Bakearen Gernikako Museoa (Gernika);  Bizkaia Zubia (Getxo); Museo Antigua Fábrica de Dolomitas (Karrantza); Santimamiñe (Kortezubi); Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoa (Leioa); "Andrés de Urdaneta" Natur Historiaren Museoa (Loiu);  Hontza Museoa (Mañaria); El Pobal burdinola (Muskiz);  Orozkoko Museoa (Orozko);  Butroeko Plasentia Museoa (Plentzia);  Rialia-Industriaren Museoa (Portugalete); Agurtza Arrantza-Teknikaren Interpretazio Zentroa (Santurtzi); Santurtzi Itsasoa Interpretazio Zentroa (Santurtzi); Enkarterriko Museoa (Sopuerta); Museo de Orduña Hiria Museoa (Orduña) eta Museo Simón-Bolívar Museoa (Ziortza-Bolibar).

Herritarrek horien guztien aberastasun museistikoa ikusteko aukera dute www.museoeneguna.eus  webgunearen bidez, web horretan guztiek eratzen duten Bizkaiko Museo Nagusia biltzen delako.

Zer sentitzen duzu museo bat bisitatzen duzunean?

Horixe da Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko museoek herritarrak ekimenean aktiboki inplikatzeko egiten duten galdera. Erronkarekin bat egiteko herritarrek bideo batekin erantzun beharko dute Facebook eta Instagram sare sozialen bidez. Parte-hartzaile guztiak zozketa batean sartuko dira. Irabazleak bi sarrera lortuko ditu ekimenean parte hartzen duten museoetako bat bisitatzeko eta, gainera, museoak antolatzen duen jardueretako batean parte hartu ahal izango du. Zozketa maiatzaren 17tik ekainaren 17ra egongo da indarrean.

Museoen Nazioarteko Eguna

Museoen Nazioarteko Egunaren (MNE) urteroko ospakizunaren helburua museoak kultura-trukerako, kulturak aberasteko eta herrien arteko elkar ulertzea, lankidetza eta bakea garatzeko bitarteko garrantzitsuak direla ohartaraztea da. Eguna maiatzaren 18an edo egun horren inguruan antolatzen da duela 40 urte baino gehiagotik; MNE ospatzeko antolatutako ekitaldiek eta jarduerek egun bat, asteburu bat edo aste osoa iraun dezakete. Gero eta museo gehiagok parte hartzen dute munduko ospakizun honetan: iaz 37.000 museok hartu zuten parte ekitaldian 158 herrialde eta lurraldetan.

ITURRIA: BFA