Prentsa Aretoa

2022/01/27

200 jarduera baino gehiagok osatzen dute Bizkaiko museo eta foru aretoetako kultur eskaintza

Aldundiak 2022an kultur eta ondare intereseko museo, areto eta enklabeetan garatuko den jarduera egitarau zabal eta anitza aurkezten du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko ondarearen atal bat hurbiltzen die Bizkaiko herritarrei 2022an 200 jarduera desberdin baino gehiagoren bidez. Askotariko programazioak 31 erakusketa, 40 bisita gidatu desberdin, era askotako 28 eskola-tailer, familientzako 50 tailer, 15 hitzaldi, 14 ondare-ibilbide, 75 erakustaldi, 6 dastaketa eta 3 argitalpen eskaintzen ditu. Herritarrek urtean zehar foru museoetan egingo diren jarduera horiez eta beste batzuez gozatu ahal izango dute, besteak beste kontzertuak, jolasak, bisita antzeztuak, topaketak artistekin…

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, aurtengo jardueren egitaraua aurkeztu du gaur goizean Bilboko Rekalde Aretoan. Diputatuak azpimarratu du Aldundiaren museoak berriro ere Bizkaiko gizartearen eta bisitatzen gaituztenen zerbitzura jartzen direla gure bitxirik preziatuenak erakusteko, nor garen eta nondik gatozen erakusteko, eta hori guztia jarduera programa askotarikoaren baten bidez garatuko dela. Programa horretan kalitatezkoa, erakargarria eta askotarikoa izatea gailentzen da, publiko guztientzat da eta Bizkaia osotik eskaintzen da, eta guztiok aurkituko dugu gure espazioa eta modu entretenigarrian ikasi egingo dugu. Programa harrigarria da eta 9,5 inguruko nota lortu zuen aurreko urtean bisitatu gintuztenen artean. Diputatuak azaldu duenez gure museoek tresna erabilgarria eta beharrezkoa izaten jarraitzen dute gizarte hau sendotzeko eta hazteko: 50 ikasle inguruk euren lehen praktikak egin dituzte gure zentroetan. Bilbao Ibarrak gogorarazi du museoak funtsezkoak direla talentua sustatzeko, Rekalde Aretoko Barriek programako ia ehun artista hasiberrien kasuan bezala. Frantziako, Italiako, Britainia Handiko, Esloveniako, Alemaniako edo Poloniako kultura- eta prestakuntza-erakundeekin lankidetzan aritu gara, herrialde batzuk bakarrik aipatzearren. Gainera Lorea Bilbaok adierazi du museoak tresna garrantzitsuak direla udalerrietako kultura-eskaintza hobetzeko, azken hamar urteetan 80 erakusketa ibiltari baino gehiago antolatuz. Horrek guztiak euren ingurunearekin lotuta dauden museo, areto eta foru-guneak ditugula frogatzen du, gure gizartea hobeto egituratzeko beharrezkoak direnak.

El Pobal burdinolaren eta La Encartada Fabrika-Museoaren erakustaldiak; Txakomic programa eta dastaketak Txakolingunean; Indautxuko Jesuiten ikastetxearen mendeurreneko erakusketa Ondare Aretoan eta Ertibil Erakusketaren 40. urteurrena Rekalde Aretoan; Arkeologi Museoaren erakusketako gaztelu oroigarriak eta emakumeen protagonismoa Gernikako Euskal Herria Museoan Mairin Mitchelli eskainitako erakusketan. Izaro uhartearen presentzia Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Santimamiñeko kobaren eskaintza berritua edo Muñatones gazteluaren birsortzeak. Bisita gidatuak, ibilbideak, erakusketak, erakustaldiak, hitzaldiak eta tailerrak dira Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museoen, aretoen eta interes kulturaleko lekuen programa osatzen duten jardueretako batzuk.

2022an 200 jarduera baino gehiago egingo dira foru museoen sareak egunero eskaintzen duen kultur eskaintza ikusarazteko eta lurraldearen kultura eta ondarea, historia eta nortasuna herritarren eskura jartzeko Bilboko Arkeologi Museoan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Muskizko Muñatones Gazteluan, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Muskizko El Pobal Burdinolan, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan, Bakioko Txakolingunean, Kortezubiko Santimamiñeko haitzuloetan eta Bilboko Ondare Aretoan eta Rekalde Aretoan.

2022ko programazioa doan eskura daiteke foru sareko museo eta areto guztietan, eta katalogoa online ere deskarga daiteke www.bizkaikoa.bizkaia.eus-en.

Jarduera aipagarriak

Bilboko Arkeologi Museoan ekainaren 22tik aurrera ikusgai egongo den "Euskal Herriko gazteluak eta gotorlekuak" erakusketa nabarmentzen da. Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluei buruzko ekoizpen propioko erakusketa da; bertan gazteluetako bizitza eta duela 1.000 urte bete zituzten funtzioak (militarrak ez ezik, politikoak, sozialak edo ekonomikoak ere) ezagutzeko aukera emango duten pieza eta objektu oso adierazgarriak erakutsiko dira. Ikusgai egongo diren piezak ez dira bakarrik Arkeologi Museoan induskatu eta kontserbatu eta erakusketan BIBAT, Gordailua, Nafarroako Gobernuaren Gordailu Arkeologikoaren Zentroa, Leongo Museoak eta abarrek aurkitu dituztenak ere erakutsiko zaizkigu.

Bermeoko Arrantzaleen Museoan erakusketa berria izango da: "Izaro". Erakusketak Izaro uhartearen eta bertan ezarritako frantziskotar komentuaren historia ezezaguna erakusten du. Erakusketa harrigarria da, dokumentuetan eta hainbat objektutan zehar ibilbidea proposatzen duena.

Gernikako Euskal Herria Museoak "Mairin Mitchell. Euskaldunen kronikari irlandarra" erakutsiko du martxotik aurrera. Erakusketak bere garaira aurreratutako emakume baten bizitza eta obra biltzen ditu. Idazle irlandarrak bere kroniken bidez harreman estua eraiki zuen euskal kulturarekin, bereziki itsasoari lotutako kulturarekin. Mitchellek denboraldi luzeak eman zituen Bermeon, Getarian, Gernikan, Zumaian, Tolosan eta Ibarran eta "Acurioren odisea" nobelagatik da ezaguna; kontakizun horretan Elkanoren kontramaisuak lehen ingurabidean izandako gorabeherak kontatzen ditu. Harreman estua izan zuen José de Arteche, Koldo Mitxelena edo Manuel de Irujo bezalako euskaldun ezagunekin eta adibidez Irujok honako hau esan zuen berari buruz: Ez dut ezagutzen atzerriko beste idazlerik gure nazioan letren erresuman Mairin Mitchellek egiten duena baino gehiago egiten duenik (…).

El Pobal Burdinolak El Pobal baino haratago emango du ezagutzera Bizkaiko burdinaren historiari eta kulturari lotutako ondarea. Aurten jarduera bereziak izango dira leku berrietan, inoiz baino ibilbide gehiago eskainiko dira, bisita-programa indartuz. Lehen aldiz irteera antolatuko da Sopuertako Olabarrietako fanderiara, XVIII. mendeko aurrerapen teknologikoa eta burdinola-instalazio tradizionalenak berritzeko ahalegina izan zena. Bizkaian kontserbatzen den fanderia bakarra da eta bere hondar ikusgarriak Barbadun ibaiaren goialdean daude. Horrez gain Bizkaiko burdinola berezienak ezagutzeko bisitak egingo dira, Markinako Oxillain edo Etxebarriko Ansotegi, esaterako. Aldi berean aurten aldi baterako erakusketa txikien programa bat inauguratuko da: bi erakusketa horiek, gainera, euren komisarioek emandako hitzaldi bat izango dute, eta irteera batekin osatuko dira. Alde batetik "Los grafitos históricos de San Julián. Muskiz portuario y venaquero" gaiari burtuzko erakusketa monografikoa antolatuko da. Bigarren erakusketaren izenburua "Señales del tiempo. Veletas forjadas con hierro" da eta irailetik aurrera bisitatu ahal izango da, eta El Pobalek iaz inauguratu zuen forja artistikoko zikloaren barruan kokatzen da.

Muñatones gazteluak, beste alde batetik, udako igande guztietan bisitaldiak eskaintzen jarraituko du, ekainetik irailera: lau emanaldi goizean, El Pobal burdinola-errotaren multzoan zehar egin daitekeen gidatutako ibilbidearekin osatu ahal izango direnak. Gazteluak, halaber, ateak irekiko ditu ekitaldi eta data berezietan, besteak beste San Jose egunean (martxoan), Aste Santuan, Museoen Nazioarteko Egunean (maiatzean), Europako Ondare Jardunaldietan (urrian), eta jai-zubietan. Urtean zehar hainbat adituk gidatutako gaikako bisitak eskainiko dira, hala nola: «Eguneroko bizitza gazteluan» (ekaina), «San Martin, dorrea, atea eta baseliza» (azaroa) edo "Harri bitxia: ondarea eta geologia" (apirila eta urria). Eta 2022an, bereziki familientzat, askotariko programaz gozatu ahal izango dugu, magia-ikuskizun batetik hasi eta hainbat bisita antzeztu arte. Eta udako kanpainari amaiera berezia emango dion Erdi Aroko Jolas Historikoak: Muñatones Erdi Aroko museo bizia bihurtuko den asteburua.

La Encartada Fabrika-Museoak bisitaldi gidatuen bidez erakutsiko dio jendeari bere makineria berreskuratzeko burutu duen prozesua. Gainera azaroan berriki berreskuratutako eta konpondutako makineriaren erakustaldiak eskainiko dituzte, adibidez Jacquar ehungailua erabiliz, eta lan eta irun tradizionalaren eta tailer mekanikoaren erakustaldiak eskainiko dituzte. Aurten, gainera, La Encartada Fabrika-Museoak Industria Ondarearen Kontserbaziorako eta Babeserako Nazioarteko Batzordearen (TICCIH) urteroko bilera hartuko du.

2022an Santimamiñen, barrunbearen ondarearen hezkuntzarekin eta zabalkundearekin lotutako programak garatzen jarraitzeaz gain, haitzuloko atarirako sarbideak hobetzea planteatu genuen, benetako bisita egokituagoa eta zuzenagoa izan dadin.

Urtean zehar Bakioko Txakolinguneak bere jardueren artean era askotako ardoen dastatzeak eta uztarketak eskaintzen jarraituko du sommelier eskarmentudunen eskutik, zentrora jende gehien erakartzen duen jardueretariko bat. Horrekin batera txakolina eta komikia uztartzen dituen Txakomic lehiaketa berriaren bigarren edizioa ere eskainiko da, Euskadin aitzindaria den esperientzia batean.

Rekalde Aretoan 2022an 40. edizioa ospatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ERTIBIL BIZKAIA 2022 arte bisualen erakusketa ibiltariak, Bizkaian sormen-lana garatzen ari diren artista emergenteei laguntzeko eta sustatzeko helburua betez. Rekalde Aretoak, halaber, Manuel Quintana Marteloren erakusketa hartuko du. Erakusketa honek lehen aldiz bilduko du Containers saila, ia inoiz erakutsi ez dena. Manuel Quintana Martelo (Roxos, Santiago de Compostela, 1946) lanean ari da etenik gabe horretan 2012tik, eta bere arrazoia, abiapuntua edo aitzakia eskultura-presentziatzat tratatutako edukiontziak dira, baina baita, besteak beste, bisitatzen dituen hirietan aurkitzen dituen hiri-natura hilak ere. 2022an nabarmendu beharreko beste erakusketetako bat Eduardo Sourrouille artistarena izango da, gizakiaren irudikapenari buruzko gogoeta egiten duen erakusketa. Rekalde Aretoan izango da, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiaren arte plastikoak sortzeko bekez gozatu duten artisten aukeraketa bat hartzen duen "Barriek 2022" erakusketa-programa.

Ondare Aretoan Indautxuko Jesuiten Ikastetxearen sorreraren mendeurrena ospatzeko erakusketa izango da.

Gainera, aurreko urteetan bezala, maiatzetik irailera bitartean Ibilbide Historikoen programa jarriko da abian. Ibilbide horiek Bizkaiko historiako eta geografiako gune berezietan zehar burutzen diren gidatutako txangoak dira eta aurten Lea eta Barbadun ibaien arroetan barrena, Burdinolen Bideak programa berrabiaraziko da eta, era berean, hainbat aztarnategi arkeologiko bisitatzen jarraituko da, Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibairen inguruan egindako indusketekin eta Zin-Bide zaharretik oinez eta autobusez egindako ibilbidearekin.

Hiru argitalpen berri argitaratuko dira:

  •  El Pobal burdinola: "Viaje por las ferrerías vascas Cuaderno de campo del ingeniero Luis Barreiro (1909-1917)".
  •  Arkeologi Museoa: "Cuaderno nº 11: Catálogo de la exposición "Castillos y fortalezas".
  •  La Encartada: "Tejiendo historias", fabrikako langile ohien testigantzak biltzen dituen argitalpena.

ITURRIA: BFA

  Bideo erlazionatuak...

Bizkaiko Foru Aldundia

2022/01/27