Prentsa Aretoa
2020/11/10
Oroimenaren Egunaren kariaz egin diren ekitaldi guztietan parte hartu du EAJ-PNVk
Talde jeltzaleko barne kargudunek eta herri ordezkariek indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu dituzte gaur, egunean zehar hiru herrialdeetan egin diren ekitaldi hunkigarri eta xumeetan
OHARRA: Buletin honetatik jaso ahal dituzu, bereizmen handian, ekitaldi ezberdinetako irudiak.
EAJ-PNVko barne kargudunek eta herri ordezkariek Euskadin Oroimenaren Egunaren kariaz gaur egin diren ekitaldi guztietan parte hartu dute. Indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratzeko eguna izan da gaurkoa, oroimena aldarrikatzen delarik elkarbizitzaren eta errespetuaren oinarri nagusi gisa.
Gaurko ekitaldi nagusia gaur arratsaldean egin da, Bilbon, Gogora institutuaren egoitzan, eta buru izan du Iñigo Urkullu Lehendakaria. Aurtengo edizioaren goiburuak ‘Atzera begiratu aurrera jarraitzeko - Mirar hacia atrás para seguir adelante’, ardatz nagusitzat dauka belaunaldi berriei oroimena transmititu beharra, eta Urkulluk “jakiteko eta parte hartzeko eskubidea” aldarrikatuz eskatu du “oroimen horren eraikuntzan beren ikuskera adieraz dezatela”. Lehendakariaren hitzetan “begirada kritikoa eta autokritikoa da; ikasteko borondatearekin, iraganeko hutsegiteak ez errepikatzeko; begirada hurbila, inklusiboa, enpatikoa, irekia, denon esperientziak eta sufrimenduak barne hartuz; begirada partekatua denontzako ongia lortzeko: elkarbizitza”. Biktimak gogoratzeko egin den ekitaldi horren barruan, Iñigo Urkulluk ‘Memoria eta Hezkuntza lekukotzen bidez - Memoria y Educación a través de los testimonios’ erakusketa bisitatu du, hezkuntzaren inguruan eta Ondarearen Europako Jardunaldien barruan Gogora erakundearen egoitzan egin dena.
Lehendakariarekin batera, Gogora Institutuan egin den ekitaldira joan diren EAJ-PNVko beste hainbat ordezkariren artean izan dira Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzalea; Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiken Sailburu andre Beatriz Artolazabal, lehen lehendakariorde eta Berdintasun, Giza Eskubide eta Lankidetzaren Sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranz eta Gogora Institutuko zuzendari andre Aintzane Ezenarro. Covid-19aren ondorioz sortu den pandemiak eta gaurko testuinguruari aurre egiteko jarri behar diren neurriek eragin dute Bilboko egoitzan egin den ekitaldia inoiz baino xumeagoa izatea, gainerako gonbidatuek ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izan dutelarik. Horien artean zegoen EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar, ekitaldia Sabin Etxeko bulegotik jarraitu baitu.
Goizean, Lehendakariak parte hartu du urtero Eusko Legebiltzarrean biktimen omenez egin ohi den ekitaldi tradizionalean. Ondoan izan ditu Euskal Ganberako presidente andre Bakartxo Tejeria, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailburu andre Beatriz Artolazabal, besteak beste. Beste alderdi politiko batzuetako kideak, PP+C´s eta Vox alderdietakoak izan ezik, eraikinaren kanpo aldean egin den lora eskaintzan parte hartu dute. Segurtasun neurri guztiak betez, ekitaldian parte hartu du ordezkari talde mugatu batek, hauen artean izan dira Iñigo Iturrate eta Joseba Diez Antxustegi jeltzaleak.
Eusko Jaurlaritzak gaurko ekitaldirako aukeratu duen goiburuarekin bat eginik (Atzera begiratu aurrera jarraitzeko - Mirar hacia atrás para seguir adelante), Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak aldarrikatu du belaunaldi berriek ere Herri honek bizi duen iragan mingarria ezagutu behar dutela, baita euskal gizartearentzat ekarri zituen ondorioak ere “iraganeko hutsegiteak ez ahazteko eta ez errepikatzeko”. ETAk indarkeriaren amaiera adierazi zuenetik bederatzi urte igaro direla, gaur egun asko dira gure Herriaren historiaren garai dramatiko hori ezagutzen ez duten gazteak, eta horregatik izan da aurtengo ekitaldian fokua kolektibo horretan jarri nahi izan dela. “Etorkizunean bakea eta adiskidetzea lortuko badugu, ezinbestekoa da gazteek historia ezagutzea eta duintasuna, errespetua eta Giza Eskubide guztien defentsaren balioak lantzea. Denon artean, elkarlanean, Herri berria eraikitzea proposatzen diegu, iraganean oinarri harturik etorkizuna eraikitzeko eta, adiskidetzean aurrea egiteko, iraganeko orrialde guztiak irakurri behar direlako”, adierazi du Iturratek.
Gasteizko Udaleko ordezkaritza batek ere bat egin du Eusko Legebiltzarrak antolatu duen omenaldiarekin. Arabako hiriburuko alkate Gorka Urtaranek eta Elkarbizitza eta Aniztasun zinegotzi andre Miren Fernández de Landa andreak parte hartu dute eraikinaren sarreran egunean zehar egin den lore eskaintzan.
Bilboko Udalak, bere aldetik Azkuna Zentroko atrioa aukeratu du biktimei tributu hunkigarria eskaintzeko. Ekitaldiko burua izan da Juan Mari Aburto alkatea eta ondoan izan ditu udal korporazioko kideak eta Bilboko Bake eta Elkarbizitzarako Foroko kideak. Poesia hunkigarria irakurri dute, Galo Bilbaok euskaraz eta Inés Núñezek gaztelaniaz. Hiribilduan jaiotako biktima guztien izenak ere irakurri dira. Ekitaldi honetan parte hartu dute EAJ-PNVren Bizkaiko hainbat barne kargudunek eta herri kargudunek. Herrialde exekutibaren ordezkaritzako burua izan da Itxaso Atutxa BBBko presidente andrea eta berarekin joan dira Jon Andoni Atutxa eta Jesus Lekerikabeaskoa burukideak. Halaber, Alhondiga zaharraren atrioraino hurbildu dira, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente andrea eta Ibon Areso hiribilduko alkate ohia, beste hainbat ordezkarirekin batera.
Gipuzkoan, herrialde horretako erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak eguerdian elkarretaratu dira Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzan, non lore eskaintzaz gain elkarretaratze isila egin den 2020ko Oroimenaren Egunaren kariaz. Iñaki Olazabal artistak indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratzeko egin zuen eskulturaren aurrean, gainerako herri ordezkariekin batera izan dira Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikorako foru zuzendaria, Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrena, eta EAJ-PNVren batzarkide taldeko bozeramaile andre María Eugenia Arrizabalaga. "Oroimena ezinbesteko balorea da eta, gizarte moderno eta demokratikoa garen aldetik, indarkeriaren biktima guztiei zor diegu. Oroimenik gabe, nekez eraiki baitezakegu elkarbizitzan eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako etorkizuna. Oroimena da zutaberik nagusienetakoa kultura politiko demokratikoa sakonduko badugu”, esan du Olanok.
Donostiako Udalak, Eneko Goia alkatea buru, Memoriaren egunean lore eskaintza egin du Terrorismoaren eta Indarkeriaren Biktimen monolitoan, Alderdi Ederren.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09