Prentsa Aretoa
2020/11/06
Bizkaiak bere errepideetan bide-azpiegituretako zazpi berrikuntza-proiektu diruz lagundu eta testatu ditu
Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat eman du bide-azpiegituretan berrikuntza-neurriak ezartzeko. Horretarako ingeniaritzaren eta eraikuntzaren sektoreetako Bizkaiko zazpi enpresaren I+G+b proiektuak lagundu ditu guztira 257.000 euroko dirulaguntzekin
Foru Aldundiak Bizkaiko bide-azpiegituretan berrikuntza-proiektuak garatzeko laguntzen deialdia ebatzi du. Deialdi honen bidez diruz laguntzen ditu, 257.000 eurorekin, Bizkaiko beste horrenbeste enpresak aurkeztutako zazpi proiektu. Halaber, garatzaileek baimena izango dute foru-bideen azpiegiturak erabiltzeko, hala nola errepideak, bidegorriak, tunelak edo bidezubiak, euren proiektuak baldintza errealetan froga ditzaten. Hau bereziki garrantzitsua da teknologia edo material berrien garapenaren azken faseetan, produktu berri horien baliozkotasuna eta eraginkortasuna egiaztatu behar direnean.
Hautatutako zazpi proiektuek hainbat helburu dituzte, besteak beste: bide-segurtasuna hobetzea; kutsadura akustikoa murriztea; tunelak eta bidezubiak ikuskatzeko eta mantentzeko lanak optimizatzea; edo trafiko-fluxuak zehatz-mehatz ezagutzea, errepideen foru-sarearen kudeaketa hobetzeko. Kasu bakoitzerako teknologia berriak erabiltzea planteatzen dute, adibidez azpiegiturak digitalizatzea, 5G sentsoreak erabiltzea, big data eta adimen artifizialeko teknikak aplikatzea, kudeaketarako software berriak, matrikulak irakurtzeko kamerak dituzten droneekin hegaldiak egitea, edo zoladura luminiszenteak edo isilak instalatzea.
Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak azpimarratu duenez, proiektu horiek Bizkaiko Bide Azpiegituren Berrikuntza Planean zehaztutako hiru jarduera-esparruetan kokatzen dira: garraio-sistema adimendunak, azpiegituren digitalizazioa eta jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra.
Berrikuntzaren aldeko apustua
Etorkizuna lortzeko urrats zehatzak eman behar dira orainaldian, adierazi du Pradalesek eta, azaldu duenez, proiektu hauek garatzea beste urrats garrantzitsu bat da errepide adimendun eta jasangarrien etorkizunerako. Berrikuntza funtsezko elementua da Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren eguneroko kudeaketan, eta 25 milioi euro bideratuko dira horretara 2020-2023 aldian.
Arlo horretako mugarri berri gisa, joan den uztailean Bizkaiko Bide Azpiegituretako Berrikuntza Plana onartu zen eta irailean Bizkaiko bide-sareari eragiten dioten kontratu publiko guztietan, errepideak zein bidegorriak, derrigorrez irizpide berritzaileak bete beharra ezarri zen. Bi kasuetan Aldundiak bat egiten du bide-azpiegituren kudeaketaren munduko joerekin; izan ere, joera horiek zuzenean daude teknologia berrien erabilerarekin, ingurumen-jasangarritasuneko irizpideen aplikazioarekin eta ardatz moduan erabiltzailea duten mugikortasun-eredu berriei erantzutearekin lotuta.
Zazpi proiektuak
- Sostenibilidad y Transporte Consultores enpresak proiektu bat garatuko du Bizkaiko bide-sarearen eraginkortasuna neurtu eta trafikoaren egoerara egokitutako aginte-aginduak sortzea ahalbidetuko duen softwarea diseinatzeko. Tresna horren helburua errepideetan instalatutako trafiko-sentsoreek ematen duten informaziotik abiatuta funtsezko adierazleak izatea da. Informazio araztu eta prozesatu horrek aukera emango du laguntza-irtenbide berriak eskuratzeko erabakiak denbora errealean hartzeari dagokionez. Proiektua betearazteko hamabi hilabeteko epea dago. Aldundiak 41.573 euroko dirulaguntza eman dio eta, era berean, metropoliaren eremuko trafiko-intentsitateei buruzko datuen iturria jarriko du bere esku.
- Teknés Innovación enpresaren proiektua hainbat azpiegituratan, adibidez tunelak edo bidezubiak, instalatutako neurketa-tresnek emandako informazio-bolumen handiak aztertzeko big data metodologiak garatu eta ezartzea da. Metodologia horiek adimen artifizialeko teknikekin garatuko dira eta, besteak beste, azpiegitura horien portaera-patroi ezkutuak detektatzea ahalbidetzen dute, jarraipena egiteko. Proiektua garatzeko sei hilabeteko epea dago eta Aldundiak 27.246 euroko dirulaguntza eman dio.
- Ceprenor enpresak proiektu bat jarriko du abian Bizkaiko bide-azpiegituretan zoladura-eredu berriak garatu eta aztertzeko. Irantzu Boresek, Ceprenorreko Berrikuntza arduradunak zehaztu duenez, funtzio ezberdinak dituzten hiru zoladura probatuko dira: errepideetako kutsadura akustikoa murriztea; baldintza txarretan seinale horizontalen ikuspena hobetzea; eta bidegorrien argiztapena hobetzea galtzadari argitasuna emango dion zoladura fotoluminiszentearen bidez. Proiektua burutzeko bederatzi hilabeteko epea ezarri da. Aldundiak 18.424 euroko dirulaguntza ematen dio, eta Bizkaiko bide-azpiegituretan hautatuko diren toki batzuetan segurtasun-baldintzetan proba egiteko baimena izango du.
- Gertek enpresak bide-segurtasuna hobetzeko proiektu bat egingo du, bide-azpiegiturak denbora errealean monitorizatuz eta azpiegituren, kontrol-zentroen eta ibilgailuen arteko konexioaren bidez. Azpiegitura zer egoeratan dagoen objektiboki jakiteak aukera emango die arduradunei jarduteko eta, horren guztiaren arabera, bidearen erabiltzaileei horren berri emateko. Era berean, azpiegituren kudeaketa eta eragiketa hobetzen ditu, eta gorabeherak simulatzeko aukera ematen du (eguraldi txarra, pilaketa, sutea, etab.) plataforma digitalen bidez. Proiektu hori garatzeko ITS-G5 teknologia ezarriko du A-8 autobidean eta Bizkaiko edukiera handiko sareko kontserbazio-ibilgailuei errepidearen egoera monitorizatzeko sistema bat emango die. Lanak egiteko 18 hilabeteko epea du, eta Aldundiak 85.694 euroko dirulaguntza eman dio.
- Euskontrol enpresak garatuko duen DroneSaat proiektuak bide-azpiegituren kudeaketa hobetzeko matrikulak irakurtzen dituzten droneak eta kamerak erabiltzea bideratuko du, proiektuaren zuzendari teknikoa den Francisco Javier Saurak azaldu duenez. Teknologia berri horiek eta adimen eta ikusmen artifizialeko algoritmoak erabiliz, informazio asko lortzen du eta prozesatzeko gai da. Horrela trafikoaren jatorri-helmuga matrizeen, ibilbide-denbora errealen eta beste aldagai batzuen erregistroak lortzen dira, eta iragartzeko eta kontrolatzeko sistemen patroiak eta ereduak sortzen dira. Proiektuak 18 hilabeteko epea du eta Aldundiak 29.314 euroko dirulaguntza eman dio. Drone bidezko hegaldiak egin beharko ditu eta matrikulak ezagutzeko kamerekin datuak hartu.
- Fulcrum enpresaren Tunel 4.0 proiektua jauzi kualitatiboa da tunelak mantentzeari eta kontserbatzeari dagokionez; izan ere, hori aplikatzeak aurrerapena dakar tunelak ikuskatzeko prozesuaren digitalizazio integralean eta bulegotik bertatik urrutiko ikuskapena egitea ere ahalbidetzen du. Arturo Delgadok, Fulcrumeko delineazio eta diseinu aurreratuko taldeko buruak, eman du proiektuaren berri. Proiektua burutzeko epea 18 hilabetekoa da eta foru errepide sareko gutxi gorabehera kilometro bateko luzerako tunel baten garatuko da. Aldundiak 30.646 euroko dirulaguntza eman dio.
- Ingartek Consulting enpresak jatorri/helmuga matrizeak kalkulatzeko proiektu bat egingo du, trafikoa banatzeko moduari buruzko ezagutza hobetuz, funtsezko elementua baita trafikoa kudeatzeko. Horretarako hainbat metodo erabiliko ditu, hala nola matrikulak ezagutzeko kamerak eta 5G sentsore-ekipoak. Proiektuak sei hilabeteko epea du eta Aldundiak 24.595 euroko dirulaguntza eman dio. Proiektua garatzeko 5G kamerak eta sentsoreak instalatu behar dira edukiera handiko bideen sarean (A-8 eta korridore paraleloak).
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09