Prentsa Aretoa

2020/04/29

Aldundiak 'Bizkaia aurrera!' plana onetsi du, Covid-19aren krisiari aurre egiteko hamabi neurri dituena

Krisia gehien pairatu duten pertsonengan eta sektoreetan finkatuta, planak 95,5 milioi euro emango dizkio lurraldeko ekonomiari zuzeneko inbertsioen eta zerga-pizgarrien artean, eta horrek 672 milioi euroko eragin ekonomikoa ekarriko du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia aurrera! koronabirusaren krisiaren ondoren ekonomia suspertzeko premiazko plana onartu zuen atzoko Gobernu Kontseiluan, eta 95,5 milioi euro jarriko ditu lurraldeko ekonomian, krisiaren ondorioak geldiarazteko. Plan hau maiatzaren 11n aktibatu eta abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta 12 milioi euro birbideratzen ditu foru-sailek erabilgarri dutenetik, eta beste 30 milioi euro gehitzen ditu dozena bat neurri ekonomiko garatzeko, egoera okerrenean dauden pertsonei eta sektore ekonomikoei laguntzeko: autonomoak, lana galdu duten pertsonak eta mikroenpresa, enpresa txiki eta ertain eta enpresa handiak. Zuzeneko inbertsio horri, gainera, plan honetan aurreikusitako 53,5 milioi euroko zerga-pizgarri berriak gehitu behar zaizkio.

Bizkaia aurrera! premiazko neurri batzuk jasotzen dituen plan bat da; Aldundiko sail guztiek hartu dute parte haren sorreran, eta diputatu zein haien talde guztien zuzeneko inplikazioa izan du. ‘Talka-plan’ bat da, alarma-egoeraren ondoren suspertzeko eta berriro ere martxan jartzeko plan bat, eta oposizio-taldeek proposatutako neurri batzuk jasotzen ditu. Krisiaren kontrako lehenengo plana da; ondoren, beste neurri eta erabaki batzuk hartuko dira hurrengo hilabeteetako eboluzio ekonomikoaren arabera. Ildo horretan, Unai Rementeria ahaldun nagusiak plana helarazi dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta jakinarazi dio Bizkaia prest dagoela Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako erakundeekin batera lan egiteko egiten dituzten ekimenetan eta hartzen dituzten neurrietan.

Planean, hamabi neurri daude, ondo funtsatutako dotazio bat eta aurreikuspen bat eginda. Gainera, beste erakunde batzuek hartu dituzten neurriak osatzen dituzte, ahaleginak ez bikoizteko. Beraz, emaitza hobeak lortzen dira inbertsio batekin. Bizkaia aurrera! planaren neurriak laguntzaren eta sarreraren arteko orekian oinarritzen dira; izan ere, beharrezkoa da laguntzea sarrerak izateko, eta sarreran izatea lagundu ahal izateko.

Bizkaiko Foru Aldundiak egin dituen kalkuluen arabera plan honetan inbertitutako euro bakoitzak zazpi euroko eragin ekonomikoa izango du. Horrela, 95,5 milioi euroko gehieneko kostua izango du diru-kutxa publikoarentzat, planaren zuzeneko inbertsioaren eta zerga-arintzeen artean, eta eragin ekonomikoko 672 milioi euro sortzea espero da, hau da, krisiaren lehen astean premiaz hartutako zerga-neurrien eta neurri fiskalen bidez lurraldeko ekonomian sartutako 538 milioi euroko likideziari gehituko zaizkio. Horri esker, guztira 1.210 milioi euro mugiaraziko dira lurraldeko ekonomian urtea amaitu arte.

Hori izango da koronabirusaren krisiak Bizkaiko enpleguan eta ekonomian izan dituen ondorioak sakon aztertu ondoren diseinatu diren hainbat jarduketaren eragina. Hala nola, martxoan langabeziaren % 8,66ko hazkundea (2019ko martxoan baino 5.373 langabe gehiago) edo 12.681 ABEE, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente, (80.796 pertsona) aurkeztea, besteak beste.

12 neurri krisiaren aurrean

Gai horiek kontuan hartuta, 12 jarduketa diseinatu dira krisialdi honetan okerren pasatzen ari diren pertsona eta sektore ekonomikoei laguntzeko: alarma-egoeraren adierazpenaren ondorioz negozioak eta jarduera ixtera behartuta dauden 15.343 langile autonomoei eta lanean jarraitu duten baina kalte handiak jasan dituzten 22.764 langileei; koronabirusaren krisiaren ondorioz lana galdu duten 5.373 pertsonei; eta alarma-egoera deklaratu ondoren pertsiana jaistera behartuta dauden lurraldeko 3.347 mikroenpresa, enpresa txiki  eta ertain eta enpresa handiei eta eraginak pairatzen ari diren 6.607 enpresei.

Hamabi neurriak eta bakoitzean egingo den inbertsioa:

  1. Bizkaiko autonomoei eta besteren konturako bost langile edo gutxiago dituzten enpresa txikiei laguntzeko mikrokredituak. (15M€)
  2. Lanpostuei eusten laguntzeko eta langabezian dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko enplegu-plan berezia. (5M€)
  3. Bizkaiko tokiko merkataritzan, kulturan, turismo-establezimenduetan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko bonoak. (5M€)
  4. Renove Etxea Plana, Bizkaiko eraikuntzako gremioen artean jarduera sustatzeko.
  5. Elkargik abalatutako enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen maileguen gabeziarako laguntza-programa. (150.000 €)
  6. Bizkaiko herrietan mugimendua, jarduera, kultura eta kontsumoa sustatzeko barneko turismo-plana. (300.000 €)
  7. Industriari lotutako sektoreetako enpresa txiki eta ertainen eta bost eta ehun langile arteko enpresen ekonomia suspertzeko zuzeneko laguntzen programa. (4M€)
  8. Bizkaia aurrera! digitalizazio-plana. (10.4M€)
  9. Ekonomia eta enplegua suspertzea errazteko zerga- eta tributu-neurriak.
  10. Kultura, kirol eta Covid-19ren ikerketa-jardueretarako mezenasgoa handitzea, eta 2020an haiek lehentasunezko jarduera izendatzea.
  11. Bizkaian jarduera, ekonomia, kultura eta aisialdia dinamizatzen dituzten jarduerak bultzatzea osasun-agintaritzak baimentzen baditu. (2.1M€)
  12. Bizkaia Gara, lurraldeko boluntarioen sarea, indartzea, eskatzen diren zeregin guztiak indartzeko eta laguntzeko. (50.000 €)

Horrela, Bizkaia aurrera! ekimenak 15 milioi euro bideratuko ditu mikrokredituetara, Bizkaiko autonomoei eta besteren konturako bost langile edo gutxiago dituzten enpresa txikiei laguntzeko. 7.500 euroko maileguak dira, interesik, komisiorik eta abalik gabe, eta gehienez bost urtean itzuli beharko dira, urtebeteko gabealdiarekin. Mikrokreditu horiek merkataritzaren, ekoizpenaren eta antolaketaren suspertzearekin lotutako gastuak ordaintzeko erabiliko dira, baina ezingo dira bideratu zorra birfinantzatzera edo pasiboa berregituratzera.

Bizkaia aurrera! ekimenak, halaber, enplegu-plan berezi bat ezartzea aurreikusten du, lanpostuei eusten laguntzeko eta langabeen kontratazioa sustatzeko, 5 milioi euroko zuzkidurarekin, enplegua sortzeagatiko zerga-kenkaria 5.000 eurotik 7.500 eurora igotzea barne, hiru programaren inguruan egituratuta:

  • Manten, gehienez 10 langile dituzten 25.000 enpresa baino gehiagori zuzendua, enpleguari eusten laguntzeko, 2.500 eta 3.500 euro bitarteko zuzeneko laguntzen bidez.
  • Kontrata, 100 langilera arteko enpresetan pertsonak kontratatzen laguntzeko, langile-premia badute, baina jarduera faltagatik gaitasun ekonomikorik ez badute.
  • 3R, lanpostua galdu duten pertsonak bir-orientatzeko, birkualifikatzeko eta birkokatzeko, baldin eta prestakuntza egokiaren bidez eta sei hilabete baino gutxiagoko epean, krisiaren aurretik lan egiten zuten sektorea ez den beste sektore batean birkokatu badaitezke.

Beste bost milioi euro Bizkaiko tokiko merkataritzan, kulturan, turismo-establezimenduetan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko bonuetara bideratuko dira. Eta 4 milioi gehiago inbertituko dira industriarekin lotutako sektoreetako enpresa txiki eta ertainen eta bost eta ehun langile arteko enpresen ekonomia era adimentsuan bizkortzeko zuzeneko laguntzen programa batean. Programa honek digitalizazioarekin, ekonomia zirkularrarekin eta ingurumen-inpaktuaren murrizketarekin lotutako proiektuak lehenetsiko ditu. Diruz lagunduko dira langileen barne-gastuak, kanpo-gastuak eta ibilgetu materialean egindako inbertsioak, % 50ean, 15.000 euroko mugarekin.

Bizkaia aurrera!-k, halaber, gure lurraldeko eraikuntzako gremioen artean jarduera sustatzeko plan bat aurreikusten du, Renove Etxea Plana izenekoa. Plan horren bidez % 10eko kenkari fiskal iragankorra aplikatuko da Bizkaian bizi diren eta dagokion udal-lizentzia barne hartzen duten pertsonen ohiko etxebizitzan aldaketak egiteagatik. Kenkari hori 3.000 euroko gutxieneko aurrekontua eta 15.000 euroko gehieneko aurrekontua duten berrikuntzetan aplikatuko da, hamar urtetik gorako antzinatasuna duten etxebizitzetan.

Suspertzeko premiazko planak, gainera, Elkargik abalatutako enpresa txiki eta ertainentzako laguntza-programa ezartzen du,  hain zuzen ere maileguei dagokienez dagoen gabeziari aurre egiteko. Programa honek 150.000 euro ditu, finantza-erakunde horrek bermatutako 50 milioi euroko maileguak birfinantzatzeko laguntzetarako, printzipala itzuli gabe sei edo hamabi hilabeteko gabealdiarekin.

Bizkaia aurrera! Programan, beste alde batetik, 10,4 milioi euroko digitalizazio-plan bat dago. Horren bidez, inbertsio produktiboko premiazko programa bat jarriko da abian banda zabala Bizkaiko eskualde guztietara zabaltzeko, Arratia, Mungialdea eta Enkarterritik hasita, eta plataforma digital bat, gure lurraldeko tokiko merkataritza eta trebetasun digitalen arloko prestakuntza sustatzeko. Plan horren barruan adineko pertsonek eta baliabide gutxiko etxeek edo familiek teknologia berriak eskuratzeko programa bat ere egituratzen da, eten digitala saihesteko, eta banku nagusiekin batera egindako beste programa bat ere bai, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan bitarteko digitalen bidezko ordainketa bultzatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren premiazko berrindartze-planak, era berean, hainbat zerga-neurri  eta neurri fiskal  jasotzen ditu, suspertze ekonomikoa eta enplegua errazteko. Hauek dira neurri horiek:

  • BEZaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta PFEZaren itzulketen gehieneko arintzea.
  • Pertsonak kontratatzeko pizgarri fiskalak. Modalitate orokorrean enplegua sortzeagatiko kenkariaren % 50eko gehikuntza (kenkari orokorraren zenbatekoa 5.000 eurotik 7.500 eurora pasatuz) eta halako bikoa laneratzeko zailak diren kolektiboena kasuan.
  • Digitalizazio-prozesuetarako pizgarri fiskalak. % 10eko gehieneko desgrabazioa eta gehienez 3.000 eurokoa Bizkaia aurrera! Programan sartzen den digitalizazio-planaren barruko gastu eta inbertsioetarako.
  • Enpresak elkartzeko plataforma digital bat aktibatzea, 64bis sistemaren potentzial guztia aprobetxatzeko.
  • 2019ko SZren kuotaren % 60a bere fakturazio eta errendimendua txikiagotu duten enpresek bizkortze ekonomikoa sustatzera bideratzea ahalbidetzea, 2020ko galerak konpentsatzeko, enplegua sortzeko, aktibo produktiboetan inbertitzeko, I+G egiteko, 64.bis artikuluko proiektuak finantzatzeko edo ekintzailetzan inbertitzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak barne turismoko plan bat ere jaso du, gure lurraldeko herrietan mugimendua, jarduera, kultura eta kontsumoa bultzatzeko. 300.000 euroko plan horrek ia ehun plan sustatzea aurreikusten du, eskualde guztietan proposamen inspiratzaileak, erosteko errazak eta gozatzeko errazak dituztenak; web-plataforma baten bidez sustatzea eta merkaturatzea, familian, haurrekin, bikotekidearekin edo taldean gozatzeko planak ezartzea, eta proposamen tematikoak (kultura, gastronomia eta tokiko produktua, kirola, natura/paisaia...).

Bizkaia aurrera! Ekimenak kultura-, kirol- eta COVID-19aren ikerketa-jardueretarako mezenasgoa areagotzea aurreikusten du, 2020an lehentasunezko jarduerak izendatuz, eta 2,1 milioi eurorekin bultzatuko ditu Bizkaian sormena, ekonomia, kultura eta aisialdia dinamizatuko dituzten jarduerak. Jarduera horien artean daude ekintzailetza eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko ekitaldiak (Techstars Startup Week, South Summit Bizcay, ESG Biscay Global Summit...) eta musika-, kultura-, kirol- eta aisialdi-jarduerak, betiere osasun-agintariek baimentzen badituzte; esaterako, Bizkaia aurrera! izenpean BECen gure lurraldeko talderik onenak izango dituen kontzertu handi bat, edo Getxon egingo den Bizkaia Music On delakoa, kaleko bizitza lehengoratzeko eta Bizkaiko musika taldeak bultzatzeko ekitaldia. Aurreikusten diren beste jarduera batzuk hauek dira: Bizkaia Txapeldun! Erakusketa, konfinamenduan zehar txikiek egin dituzten marrazkiak eta idatzi dituzten ipuinak erakusteko udalerrietan zehar egingo dena; Bizkaia Eskola Kirola Festa, txikienek kirolaz berriro gozatzeko aukera izan dezaten buruko dena; edo Kultura Bideak, artista bizkaitarrek aire zabaleko lanak sortzeko proposamena.

Azkenik, 50.000 euro bideratuko dira Bizkaia Gara indartzeko, hau da, eskatzen diren zeregin guztietan laguntzeko lurraldeko boluntarioen sarea indartzeko, hala nola krisian hasitako martxan dauden programak egonkortzeko (elikagaiak, farmaziak, deiak), adinekoei aisialdian laguntzeko (Bizilagun), adinekoen artean irakurketa bultzatzeko Liburuak Etxera programa eta bizitza aktiboa sustatzeko Kirola Alkarregaz  programa eta larrialdietan eta ekitaldiak eta jarduerak antolatzen laguntzea.

Planaren informazio guztia www.bizkaia.eus/bizkaiaaurrera webgunean.

ITURRIA: BFA

  Bideo erlazionatuak...

Bizkaiko Foru Aldundia

2020/04/29