Prentsa Aretoa
2019/10/09
2020-2023 enplegu-plan berriak hobetu egingo ditu langabeak lan-merkatuan sartzeko aukerak
Aldundiak Bizkaiko lan-merkatuaren egoerari buruzko diagnostiko bat egiten ari da enplegu-plana abiarazteko; horri esker, inbertsioa gehituko da, programak berrituko dira, eta langabetuei informazio hobetua eskainiko zaie.
Gaur, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak iragarri du sailean Bizkaiko lan-merkatuaren egoerari buruzko diagnostiko bat egiten ari direla 2020-2023 enplegu-plan bat egin eta abiarazteko. Plan horri esker, inbertsioa gehituko da; programak berrituko dira, eta langabetuei informazio hobetua eskainiko zaie.
Hori guztia Batzar Nagusietako Batzordean egin duen agerraldian iragarri du, gaur, Laespadak. Diputatuak berak eskatu du Batzar Nagusien aurrean agertzeko, banan-banan azaltzeko zuzentzen duen sailak hasi berri dugun foru-legegintzaldian izango dituen ildo estrategikoak.
Enpleguaren arloan, azaldu duenez, legegintzaldi berriaren hasieratik jardun dute Bizkaiaren egoerari buruzko diagnosi bat prestatzen, hura abiapuntu dutela, 2020-2023 Enplegurako Plan Estrategiko bat egin eta onesteko. Erabakigarri, efikaz eta eraginkorrak diren enplegua aktibatzeko politikak garatzea izango du helburu plan horrek.
Laespadak gogorarazi duen bezala, Foru Aldundia, azken lau urteetan, lanean aritu da enplegu-politika aktiboak martxan jartzeko; eta, politika horiei esker, legegintzaldian 10.000 langabeturi baino gehiagori lagundu zaie eta 5.000 pertsona baino gehiago zuzenean laneratzeko laguntza eman da, 4.000 enpresatik gora sortzeaz gainera.
DEMA Enplegu eta Ekintzailetzarako Agentziari dagokionez (Sailaren menpe dago), adierazi du badituela enplegu-plan berri horrekin bat etorriko liratekeen autoenpleguaren eta enpleguaren arloko programak finkatzeko behar besteko jakintza eta egonkortasuna.
Haren esanetan, 64.966 langabetu daude Bizkaian, abuztuko datuen arabera; haietatik 36.758 emakumeak dira, hau da % 56,58. Eta, langabeziaren sailkapenean, emakumeak goiko posizioan daude, adin-tarte guztietan. Langabezia heterogeneoa da. 64.966 aurpegi eta errealitate dira. Dibertsitate hori dela eta, langabetuek ez dute denbora bera emango langabezian; ziur aski, enplegua lortzeko laguntza-mota desberdina behar izango dute, intentsitate desberdinean, eta ez dituzte modu berean profitatuko eskainitako zerbitzuak.
LANKIDETZA ETA DIBERTSITATEA
Lankidetza-politikei dagokionez, diputatuak baieztatu du begirada gure mugetatik harago jarrita dagoela, hain zuen, iparraldeko herrialdeen politika ekonomikoek eragin handiena duten lekuan. Hark nabarmendu duenez, begirada talde kalteberatan kalteberenetan ipinita dago: emakumeak, neskatoak, bizitza arriskuan duten gazteak, nagusiak, beren izaeragatik jazarpena jasaten duten LGTBI taldeak.
Gainera, apustu egiten du politiken eta agente desberdinen ekintzen arteko koherentzia-begirada baten alde, NBEk ezarritako garapen iraunkorreko helburuak gauzatu ahal izateko. Gaur egun, Aldundiak funtsezko tresna bat du erreferentzia-esparru gisa: Lankidetzaren Plan Zuzentzailea. Datorren urtean amaituko da plan hori, eta, beraz, datozen urteetarako lankidetza-estrategia bat diseinatu beharko da.
Horregatik guztiagatik, lankidetzarako estrategia berria zuzendu behar duten parametroak 2030 Agenda, garapen iraunkorreko helburuak, giza eskubideen ikuspegia eta Garapenerako politiken koherentzia dira.
Bestalde, dibertsitatea (sexuala, kulturala, belaunaldikoa, funtzionala ...) kudeatzeko politikekin hartutako konpromisoan eta bazterkeria-mota guztien borrokan sakonduko da, kultura, etnia eta jatorri desberdinetako pertsonen eta taldeen arteko elkarrizketa eta topatzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan. Oro bat, dibertsitate afektibo-sexualaren eta familia-dibertsitatearen arloko ekintzak bultzatuko dira.
GIZARTERATZEA
Gizarte-inklusioaren aldeko ekintzak direla eta, lanean jarraituko da intentsitate handiko esku-hartzea behar duten pertsonen alde, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta haien seme-alabei lagunduko zaie.
Inklusiorako programak birplanteatzeko prozesuak bira estrategiko bati heldu zion aurreko agintaldian. Datozen lau urteetan, prozesu horri amaiera eman beharko zaio. Horretarako, diagnostikatutako beharrizan sozialetara egokituko dira zerbitzuak, eta sistema osoaren erantzukizun publikoa eta itundutako zentroena azpimarratuko da.
Halaber, aurreikusita dago indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei —haiei zein adingabeei—laguntza ematen dieten zerbitzu sozialak birplanteatzeko prozesu bat garatzea, indarkeria mota horrek duen genero-dimentsioa ulertzeko, haren arrazoien aurka egiteko eta ondorioak arintzeko.
BERDINTASUNA
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloari dagokionez, diputatuak adierazi du ezen beste une historiko batean gaudela eta zerbait azaleratzen ari dela, baina emakumeak oraindik ere desberdintasun-egoeran daudela eremu askotan.
Gogorarazi duenez, 2018ko uztailaren 13an, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Foru Araua onartu zen Bizkaian; horrek esparru berri bat dakar, berdintasuna Aldundiaren politiken ardatz nagusian kokatzen duena. Ildo horretan, sailak aurrera jarraituko du genero-ikuspegia aurrekontuan sartzeko lanean; izan ere, gainerako sailekin batera estu lan egin dihardute proiektu horretan, berdintasun-arloak aurrekontuaren % 1 kudeatzeko.
Aldundiak oro bat gehitu du Bizkaian oparotasunaren B aldearekin ere bizi garela. Eta haren formarik dramatikoenetan ikusten dugula: iraupen luzeko langabezian, pobrezian, indarkeria matxistan eta bazterketan. Icerberg horren tontorra besterik ez dugu ikusten; % 90 ikusezina da. Gehitu duenez, iceberg hori pertsonen ekintzak baino ezin du ahuldu.
Azkenik, defendatu du ezen badaudela alternatibak eta beste erantzun batzuk posible direla, baina balio unibertsaletatik, hau da, justizia, berdintasun eta elkartasunetik eta giza eskubideetatik abiatuta. Haren esnetan: politikak enpatia bidez bultzatuz, haien muinean sartuz. Emakumeekin zein gizonekin. Inor atzean utzi Gabe.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09