Prentsa Aretoa

2018/09/24

EAJ-PNVk alderdi guztiak gonbidatu ditu Bizkaiarentzako funtsezko apustu estrategikoen “protagonista” izatera

Jon Andoni Atutxak, Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak batzarkide taldeko bozeramaileak, gobernuaren eta oposizioaren arteko dialektika apurtu nahi du herrialdearen aldeko elkarlana bultzatzera begira: “Bat egin ezazue, zuen ekarpenak planteatu eta proposamenak partekatu. Bizkaiko gobernua zaretela sentitzera gonbidatzen zaituztegu, bizkaitar guztien gobernua”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk alderdi guztiak gonbidatu ditu Bizkaiarentzako funtsezko apustu estrategikoen “protagonista” izatera

ARGAZKIA JAITSI

“Normaltasuna partekatu nahi dugu. Apur dezagun gobernuaren eta oposizioaren arteko dialektikarekin eta izan gaitezen bat egiteko gai. Gaur ere ahaldun nagusi jaunak lana eta konpromisoa ekarri dizkigu; proiektuak, orain aldirako eta etorkizunerako apustu estrategikoak. EAJ-PNVren aldetik horiek denak partekatzera animatzen zaituztegu, horiek denak hobetzera; pankartak bazter batean utz itzazue eta bat egin ezazue… Bizkaiko gobernua zaretela sentitzera gonbidatzen zaituztegu, bizkaitar guztien gobernua”. Hitz horiek esan dizkie Jon Andoni Atutxak, Euzko Abertzaleak (EAb) batzarkide taldeko bozeramaileak, Gernikako ganbera osatzen duten oposizioko taldeei, gaur foru hiribilduan egiten ari den Bizkaiko Politika Orokorreko osoko bilkuran hitz egiteko izan duen tartean.
Legealdi honetan Bizkaiko Politika Orokorrari buruz egingo den hirugarren eta azken osoko bilkuran, Atutxak zera azpimarratu du: “Ilusioz betetzen gaitu foru gobernu ekintzailea daukagula ikusteak, aurrera jarraitzen duen gobernua, etorkizunerako aurreikuspenekin”. “Gaur erronkak mahaigaineratu ditu”. “Hainbat alderdi dituen erantzukizuna: epe laburretik harago doana begiratzeko eta ikusteko eta mugatuak diren baliabideak banatzeko; edo, bestela esanda, gobernatzeko erantzukizuna; eta, hainbatetan, horrek esan gura du ezetz esaten jakin behar dela”, esan du bozeramaileak. “Aldundi hau erantzukizunez eta arduraz ari da, ez du agintzen egingo ez duena, egiterik izango ez duena, eta sarri askotan tokatu zaio ezetz esan beharra. Eta erantzukizuna ere bada agindutakoa egitea, hitza betetzea; eta hori da Foru Aldundi honen nortasun ezaugarrietako bat”, baieztatu du.
Jon Andoni Atutxak gogora ekarri ditu Bizkaiak une honetan dituen eta etorkizunean izango dituen erronkak. “Foru Ahaldun Nagusiak konponbide errazik ez duten bi kontu garrantzitsu ekarri dizkigu, eta ez dute konponbide erraza ganbera honen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren erabaki politikotik kanpo dauden erabakiei eta errealitateei erantzuten dietelako: adingabeak eta merkataritza”. Beste alde batetik, “beste gai batzuk azpimarratu dituzue, eta horietako batzuetan bat egin dezakegu: gure gizarte zerbitzuen iraunkortasuna, kalitatezko enplegua, eredu industriala, ingurumena… Batzuen inguruan ados gaude, gure ardurakoak direlako. Baina gehienetan, EAJ-PNVren aldetik ez dugu zuen diagnosia partekatzen eta,argi eta garbi, ezin gara eskaintzen dituzuen konponbideekin ados egon”.
Adingabeen gaiari dagokionez, batzarkide jeltzaleak zera baieztatu du “Bizkaira iristen diren adingabeei gure herrialdean gizarteratzeko aukera eman behar diegu, beren bizitza-proiektua gure artean garatzeko aukera eman behar diegu. Eta argi eta garbi izan behar dugu gure mugak zein diren. Bizkaiak gizarteratzeko ahalmen mugatua dauka”. Gogora ekarri duenez EAJ-PNVk “Gobernu Zentralarengana jo du konponbide bila”. “Mariano Rajoyren gobernuaren aurrean egin genuen eta berdin ari gara Pedro Sánchezen gobernuaren aurrean. Bizkaiak berak bakarrik ez du lortuko behar eta nahi den erantzuna ematea. Gure misioa betetzen jarraitu nahi dugu, gure eskumenak aurrera eramaten… baina behar bezala egingo badugu, ezinbestekoa da inplikatutako administrazio guztiek dagokiena egitea, Tarifatik hasita eta Iruneraino. Eta benetan egin dezatela”, baieztatu du.
Merkataritzaren inguruan esan duenez, “ahaldun nagusiak esan bezala, administrazio guztiek ahaleginak egin arren oraindik ez dugu konponbidearekin asmatu”. Teknologia berriek 180 graduko aldaketa eragin dute kontsumitzeko eran, “ezin dugu ahaztu gaur egun denda bat daramagula aldean, gure telefonoa, eta kontsumitzaileen ohiturak aldatu dituela”. “Ondorioz, esan dezakegu gure auzo eta herrietako bizimodua aldatzen eta txirotzen ari garela. Rementeria jaunak hausnarketa egitea eskatu dio sektoreari. EAJ-PNVk hausnarketa pertsonala ere eskatzen du: errazena, erosoena, ezin da beti onena izan. Gure esku ere badago”, gaineratu du.
Unai Rementeriak, Bizkaiko foru ahaldun nagusiak, gaur goizean aurreratu ditu Aldundia etorkizunera begira lanketa prozesuan dituen proposamenetako batzuk, hauen artean Bizkaiko herrialdea zahartzeari aurre egiteko prozesuen mundu mailako erreferente bihurtzea. Xede horrekin, Bilboko Udalarekin batera jarriko du abian Nagusi Intelligence Center izenekoa, ezagupenen, teknologia berrien produkzioan eta big datan espezializatuko dena. Estrategia honek dakar “zahartzea gastuarekin lotzeari uztea eta garapen sektore berritzat jotzea, ekonomiari bultzada berria emateko, enplegu berriak sortzeko, etorkizunera begira”, adierazi du Atutxak. Foru politikak datozen urteotan garatuko duen beste proiektua izango da Ekintzailetzarako Nazioarteko Zentroa, Bilboko plaza Biribilean kokatuko dena. Bizkaia Dorrea izena hartuko duen eraikina hainbat foru zerbitzuren egoitza izango da aurrerantzean. EAbko batzarkideak ez ditu ahaztu nahi izan Rementeriaren Gobernuak eguneroko jardunean jomuga dituen hainbat konpromiso, esate baterako Aldundiaren kontratuetan klausula sozialak jasotzea, azpiegituren lanen amaiera (Autzaganeko tunelak edo Ermuko saihesbidea), herrialdeari hainbat onura ekarriko dizkion ekitaldi nagusiak ahaztu gabe: “Bizkaia erakusleihoan jartzeak munduarekin konektatzen gaitu eta denontzako aukera gehiago sor ditzake, aukera partekatuak. Bizkaiak martxan jarrai dezan”.