Prentsa Aretoa
2017/12/04
Aldundiak, Gobernuak eta udalek plan pizgarri bat onetsi dute Enkarterrirentzat, urtarrilean abiaraziko diren 12 neurri dituena
Bizkaiko Foru Aldundiak 3,6 milioi euroko inbertsioa bideratuko du planaren neurriak martxan jartzeko. Neurri horiek Enkarterriren arazo zehatzei erantzuna emango die eta eskualdeko lehiakortasuna, sektore egitura eta enpresa inguruko hainbat alderdi hobetzera bideratuta egongo dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Enkarterriko udalek plan pizgarri bat martxan jartzea onetsi dute. Urtarrilean hasiko dira plan hori martxan jartzen eta eskualdeko lehiakortasuna sustatzeko 12 neurri ezarriko dira, krisiaren ondorioz bereziki kaltetu baitzen eskualde hori. Era berean, jarraipenerako lan-talde bat jarriko da martxan, eta hiruhilero batuko dira bertako kideak.
Erakundeetako ordezkariak gaur goizean batu dira Foru Jauregian dokumentua balidatzeko. 74 egun igaro ondoren Enkarterrirako larrialdiko hamabi neurri pizgarri onesteko gai izan gara, berehala ezarriko diren hamabi neurri. Eusko Jaurlaritza, udalak, adituak eta Bizkaiko Aldundia gara plan honen baterako arduradunak. Plan hau ez da lehendabizi egiten den gauza, urte asko daramatzagu eta Enkarterrirekin konprometituta. Plan hau ezta bukaera ezta ere, etorkizunean eta epe luzean jarduketa eta hausnarketa gehiago egin behar baitira. Baina plan honek behin betiko bultzada emateko asmoa du, eskualdea krisi ekonomikoan sortutako beheralditik ateratzeko azaldu du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak.
Bizkaiko Foru Aldundiak 3,6 milioi euroko aparteko inbertsioa egingo du plana martxan jartzeko. Hala, 12 neurri izango ditu eskualdeko arazo zehatzei aurre egiteko eta enpresen lehiakortasuna, eskualdeko sektore egitura eta enpresa inguruko hainbat alderdi hobetzera zuzenduta egongo dira. Horrekin, onurak sortuko dira enpresen lehiakortasunerako eta Enkarterriko bizilagunen bizitza kalitaterako.
Neurri zehatzak eta errealistak dira. Eta guztion artean erabaki ditugun neurriak dira. Badakit hainbat eta hainbat neurri eta aukeren gainean eztabaidatzen egon direla lan-taldeak. Ez dira alferrikakoak izango. Egongo da denbora neurri horietariko asko martxan jartzeko, baina orain bideragarriak izan daitezkeen eta berehala martxan jartzekoak diren zenbait neurri aukeratu behar izan dira. Berehala 2018ko urtarrilaren 1a da. Neurri horiek martxan jartzeko Bizkaiko Aldundiak 3,6 milioi euroko aparteko inbertsioa egin du. Beraz, Enkarterrira bideratu dugun kopuru osoari ia lau miloi euro gehiago gehitu behar zaizkio. Eta gogorarazi nahi dut biztanle bakoitzeko inbertsio handieneko eskualdea delaazpimarratu du Rementeriak.
Plana sortzea irailaren 20an egindako topaketan onetsi zen, Ahaldun Nagusiak hala eskatu zuelako eskualdearen egoerari erantzuna emateko. Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Alonsotegiko, Artzentalesko, Balmasedako, Galdamesko, Gordexolako, Guenesko, Karrantzako, Lanestosako, Sopuertako, Turtziozko eta Zallako udalek onetsi zuten lan-dinamika berritzaile bat martxan jartzea eremu horretako erronkak eta aukerak aztertzeko. Hala, Orkestra Lehiakortasunaren Euskal Institutuaren laguntzarekin bi lan-talde eratu ziren eta komunikazio eta azpiegitura eta enplegu eta jarduera ekonomiko alorretako neurriak jorratu zituzten bertan. Lan-taldeetan egon dira alkateak, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta lau aditu hauek: Koldo Saratxaga, K2K Emocionando-koa, Ignacio Quintana, Ihobe-koa, Lola Elejalde, Innobasque-koa eta Mikel Álvarez, Mondragon Unibertsitatekoa.
Enkarterri 2018-2019ko plan pizgarriaren neurriak
Plan pizgarriaren neurriak honako hiru irizpideak betez definitu dira: Nahi diren neurriak izan behar dira, eskualdearen erronka edo behar bati erantzun behar die eta egingarriak izan behar dira. Horretarako, behar adina zehaztuta egon beharko dira. Era berean, neurriek globalki Enkarterriko lehiakortasuna jorratzen dutela zaindu da berariaz.
- Enkarterriko enpresa inbertsioari laguntzeko sustapen programa, Europar Batasunak onetsitakoa.
- Eskualdeko industria sarea sendotzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta lanpostu berriak sortzeko proiektua.
- Ekintzailetza aurreratuko programa enpresa eta enplegu ekimen berriei laguntzeko, gazte eta emakumeei arreta berezia eskainiz.
- Eskualdeko baso baliabideak sozialki eta ekonomikoko aprobetxatzeko ekintzak.
- Abeltzaintza ustiapenen errentagarritasuna hobetzeko neurriak eta nekazaritza sektoreko ekoizle berriak ezartzea.
- Eskualdeko lurzoru industrialen katalogo eguneratua, dauden eremu industrialak garatzea eta jarduketa berriak lurzoru industrialean.
- Lanik gabe dauden pertsonak berriz ere gaitzeko proiektua, bereziki eskualdeko EEE-tatik eta enpresa itxieretatik datozen pertsonentzat, enplegu eskaria duten sektoreetan.
- BI630 errepidea hobetzea, Balmaseda-Malabrigo zatia berehala egikarituz.
- Enkarterriko tren konexioak eta instalazioak hobetzeko plana.
- Banda zabala luzatzea jarduera ekonomikoa eta biztanleria guneak dituzten eremuetan Interneterako konexioa dagoela ziurtatzeko.
- Eskualdeko Bizkaiko lineetan aldaketak egitea.
- Enkarterrin Bizkaiko Foru Aldundiaren arreta integralerako bulegoa irekitzea.
Plan pizgarriaren jarraipena
Larrialdizko neurri multzoa onestearekin batera onetsi da neurrien egikaritzearen jarraipena egiteko lan-taldea sortzea, eta bertan parte hartuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Enkarterriko udal guztiek eta Enkarterriko Udalerrietako Amankomunazgoak. Hala, lan-talde hori gutxienez hiru hilean behin batuko da.
Era berean, Enkarterri 2018-2019 Plan Pizgarria bizirik dagoen eta irekia den ibilbide-orria bezala zehaztu da, eta egikaritzeko bi urteetan bestelako jarduketa batzuk egin ahal izango dira planaren ekintzak garatzean sortu daitezkeen jarduketekin, edo bere garapenean inplikatutako eragile guztien jarduera orokorretik sortutako jarduketekin.
Garrantzitsua da aurretik elkarrekin lan egin izana eta garrantzitsua da baita ere hamabi neurri horiek onetsi izana, baina benetan garrantzitsua dena neurri horiek ahalik eta lasterren martxan jartzea da. Horretarako, plan horren jarraipena egiteko lan-taldea sortuko dugu. Lan-talde hori gutxienez hiru hilean behin batuko da. Lan-talde horrek gainera eskualdearentzat ikuspegi eta proiektu komuna sustatu beharko du, plan pizgarri horrekin jarraitzeko hain zuzen ere. Gure konpromisoa Aldundia beti hurbil egotea da. Enkarterritik eta Bizkaiko herri eta eskualde guztietatik hurbil. 112 udalerri gara, baina bat gara. Bizkaia gara, laburbildu du Ahaldun Nagusiak.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09