Prentsa Aretoa

2017/12/01

Aldundiak eta Lea Artibaiko Amankomunazgoak proba pilotua jarri dute abian edukiontzi marroian haragia eta arraina sartzeko

Berriatua, Etxeberria, Markina-Xemein, Lekeitio, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarren bildutako hondakin organikoak Mereludi auzoko plantan ezarritako biltegi berrira eramango dira

rss Ezagutzera eman
Aldundiak eta Lea Artibaiko Amankomunazgoak proba pilotua jarri dute abian edukiontzi marroian haragia eta arraina sartzeko

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lea Artibaiko Amankomunazgoak proiektu pilotu bat abian jarri dute gaur eskualde honetan, edukiontzi marroian mota guztietako materia organikoa (landare eta animalia-jatorrikoa, haragia eta arraina, gordina eta prestatutakoa) biltzeko; ondoren, hondakin horiek barne hartuta handik ateratako konpostaren kalitatea aztertuko da, eredu hori Bizkaia osora zabaltzea bideragarria ote den erabakitzeko. Hona hemen hizpide dugun ekimenean parte hartuko duten udalerriak: Berriatua, Etxeberria, Markina-Xemein, Lekeitio, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar; aurreikuspenen arabera, 24.000 biztanlek hartuko dute parte.

Udalerri horietan jasotako hondakin organikoak (Bizkaiko bakarrak izango dira kozinatutako haragi eta arrain hondakinak izan ahal izango dituztenak) Konpostegiren instalazioetara eramango dira eta han ez dira beste leku batzuetatik datozen hondakinekin nahastuko. Horrela, orain arte konposterako foru instalazioetan sortu den konpostarekiko ezberdina den konposta sortuko da. Konpost berri hori aztertu egingo da bere kalitatea zehazteko, eta etorkizunean bilketa eredu hau Bizkaiko gainerako udalerrietara hedatzearen aukera aztertuko da.

Proba pilotu hau garatzeko, foru erakundeak galbanizatutako altzairuzko 10,47 x 16 metroko teilatua eraiki du Lea Artibaiko Amankomunazgoak Berriatuko Mereludi auzoan dituen instalazioen ondoan. Hala, teilatu horren azpian 30 metro kubikoko edukiera duen biltegia jarri da, eta bertara botako dira proban parte hartuko duten sei udalerrietako edukiontzi marroietako hondakinak. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak 68.545 euroko inbertsioa egin du obra honetan. Horrez gain, 80.000 euroko beste inbertsio bat ere egin zuen Lea Artibaiko Amankomunazgoko udalerrietan bosgarren edukiontzia jartzeko.

Laguntza horrekin, eskualdeko erakundeak 73 edukiontzi marroi jaso zituen (Berriatuan 9, Etxeberrian 4, Lekeition 20, Markina-Xemeinen 11, Ondarroan 27 eta Ziortza-Bolibarren 2 jarriko dira) eta horrez gain, materia organikoa jasotzeko kitak ere banatu ziren. Kit horien barne dago 10 litroko edukiera duen edukiontzi txiki bat, konpostagarriak diren poltsak (100 kit bakoitzean), edukiontzi marroia irekitzeko pertsonalizatutako txartel magnetikoa, hozkailurako iman bat eta edukiontzi horietara bota daitezkeen hondakinei buruzko azalpenezko esku-orri bat.

Lea Artibaiko Amankomunazgoa sei udalerri horietan kanpaina garrantzitsu bat gauzatzen ari da "Lurretik Lurrera" lemapean, eta hala, hezitzaile talde bat (Amankomunazgoaren logoa duten txalekoak jantzita eramaten dituzte) sei udalerrietan bizi diren bizilagunen etxe guztietara joaten ari da konpostajeari eta eskualdean gauzatzen ari den proba pilotuari buruzko informazio guztia emateko. Kanpaina horretan gainera karpa mugikor bat, esku-orriak eta kartelak erabiltzen ari dira baita ere.

Kanpaina modu progresiboan garatzen ari da: Ondarroan eta Berriatuan azaroan gauzatu da, abenduan Lekeition egingo da eta urtarrilean Etxeberriara, Markina-Xemeinera eta Ziortza-Bolibarrera iritsiko da.

ITURRIA: BFA