Prentsa Aretoa
2017/11/10
Aldundiak 21,2 milioi euro bideratuko ditu lehenengo sektorearen laguntzetarako eta 53 milioi euro ingurumen-azpiegituretarako
Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak nekazaritza sektoreko ekoizleak babesten jarraitzen du
Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak nekazaritza sektoreko ekoizleak babesten jarraitzen du, eta uraren eta saneamenduaren horniduraren kalitatea eta hondakinen kudeaketa hobetzen dituzten azpiegiturak sortzeko apustuari eusten dio. Sail honek bere 2018. urterako aurrekontuetan sartu dituen laguntzen artean daude, Nekazaritza Zuzendaritzan, LGENFak finantzatutakoak, Nekazaritza Politika Bateratuan sartuak (7,7 milioi euro), nekazaritza ustiategietan inbertsioak sustatzen dituztenak eta sektorean gazteak sartzeko egiten direnak (3,6 milioi euro), baso-laguntzen planekoak (3,1 milioi euro), eta nekazaritza eta ingurumeneko, klimako eta nekazaritza ekologikoko neurriak finantzatzen dituztenak (1,5 milioi euro). Ingurumeneko azpiegituren inbertsioaren zati handi bat (30 milioi) Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari ekarpena egiteko da, obra ezberdinak egiteko, hala nola Munitibarreko hondakin uren araztegia sortzeko lanak edo Boluetan Nerbioi ibaiko uren tratamendurako entseguen pilotu-planta. Hondakinak kudeatzeko partidak 14 milioi euro dauzka, eta Artigas eta Igorreko hondakindegiak zigilatzeko lanak hartzen ditu barruan, baita edukiontzi marroia jartzeko laguntzak ere. Aurrekontuan 3,4 milioi euroko partida bat dago, lehen sektoreko profesionalen bizi-kalitatea errazten eta hobetzen duten tresnak finkatzeko zereginetan eta barne lanaren hobekuntzan teknologia berriak erabiltzen jarraitzeko.
Elena Unzeta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan sail honen 2018. urterako aurrekontuen proiektua aurkeztu du. Beraren arabera, 21,2 milioi euro erabiliko dira lehen sektoreari laguntzeko laguntzetan, eta 53 milioi euro inbertituko dira ingurumen-azpiegituretan. Horrela, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko ekoizleen babesa mantentzen da, eta ur horniduraren eta saneamenduaren kalitatea bermatzen duten eta hondakinen kudeaketa hobetzen duten ekipamenduak eta zerbitzuak sortzeko apustuari eusten zaio.
Unzuetak, bere interbentzioan, sailaren bi zuzendaritzen aurrekontua osatzen duten partida nagusiak aletu ditu. Nekazaritzakoak 25,4 milioi euro ditu. Kopuru horretatik, % 83,4, hau da, 21,2 milioi euro, lehen sektorerako laguntzetarako da. Laguntza horien artean, diru-zenbateko handiena dutenak dira Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak finantzatutakoak, 2015-2020 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuan sartuta daudenak, 7,7 milioi eurokoak guztira; nekazaritza ustiategietan inbertsioak sustatzeko eta nekazari gazteek enpresak sortzea sustatzeko helburua dutenak (3,6 miloi euro); baso-laguntzen planekoak (3,1 milioi euro); eta nekazaritza eta ingurumeneko, klimako eta nekazaritza ekologikoko neurriak finantzatzen dituztenak (1,5 milioi euro). Aurrekontuan sartu diren beste diru-laguntza lerro batzuk dira landa garapeneko elkarteen funtzionamendu gastuak eta erakunde horiek abiatzen dituzten proiektuen babesa finantzatzen dituztenak (712.000 euro); orkatzek, otsoek eta saiek egindako kalteengatik eta osasun-kanpainetan nahitaez hil behar diren eta birjarri behar diren abereengatik abeltzaintza-ustiategiei kalte-ordainak emateko xedea dutenak (90.000 euro); edo liburu genealogikoak kudeatzeko edo errendimenduen kontrolerako 19 abeltzaintza-elkarteri bideratutakoak, besteak beste (600.000 euro).
Nekazaritza Zuzendaritzaren aurrekontuak beste jarduketa batzuk biltzen ditu, adibidez basoetako suteak prebenitzeko egin ohi diren lanak (285.000 euro); horien artean, finkatutako basoetako sastraka inbaditzaileak kentzea, bakantze, entresaka eta inauste lan egokiak egitea, eta sute horiek itzaltzeko lanak (352.000 euro). Lan horietan Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko eta Basalan foru sozietate publikoko 120 pertsonak parte hartu zuten, baso-agenteen, langilezainen, beharginen eta baso-teknikarien artean, taktika operatiboak zuzentzen dituztenak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko langileekin koordinatzen direnak.
Modu berean, beste partida batzuk jarri dira: Gorlizko foru granjan Pirinioetako behia hobetzeko programa garatzea (133.500 euro), Zallako frutagintzako estazioan fruta laboreetan, mahastietan eta upategi esperimentalean egiten diren lanak (76.000 euro), Bizkaiko basa fauna leheneratzeko zentroan ematen diren zerbitzuak (230.250 euro), edo Bizkaiko Txakolina jatorri-deituraren hitzarmena, gure lurraldeko txakolina bultzatu eta hobetzeko (52.000 euro).
Ura, hondakinak, hondartzak eta Gaztelugatxeko San Juan
Ingurumen Zuzendaritzari dagokionez, aurrekontuaren % 91,3 ingurumeneko azpiegituretara bideratzen da, 53,3 milioi euroko partida daukana. Diru horretatik zatirik handiena (30 milioi) Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarentzako ekarpenaren barruan sartzen da, ur horniduraren eta saneamenduaren zerbitzuak ziurtatzeko eta horretarako behar diren obrak egiteko. Datorren urtean partida horren kontura finantzatuko diren lanen artean, Munitibarreko hondakin uren araztegia sortzeko lanak daude, udalerriko hiriguneko isurketak araztegi horretara eramateko behar diren kolektore orokorrak eta ponpaketa estazioa egiteko lanekin batera, eta Boluetan Nerbioi ibaiaren urak tratatzeko entseguetarako pilotu-planta (pilotu-esperientzia honi esker, ur honetarako tratamendurik egokiena zehaztu ahalko da, haren eta Zadorra ibaiko uraren ezaugarriak ezberdinak baitira, eta horrela arro horretatik biztanleriari kalitate oneko ura hornitu ahalko zaio, egoera berezietan Nerbioi ibaiaren ura Beteluriko EUTera eramango duen ponpaketa-estazioa martxan jarri ondoren).
Hondakinen kudeaketa ingurumen-azpiegituren programako bigarren partidarik garrantzitsuena da, aurrekontuan 14 milioi euroko hornidura izanik. Diru horrekin, Artigas eta Igorreko hondakindegietako behin betiko zigilatzeko lanei eta kudeaketari lotutako azpiegiturak mantentzea eta hobetzea finantzatuko da, bosgarren edukiontzia jartzeko laguntzak emateaz gain.
Beste 5,7 milioi euro Bizkaiko hondartzak kudeatzera bideratuko dira, garbiketa eta mantentzea, salbamendu eta sorospen zerbitzua, ekipamenduen instalazioa, eta urtero hondartza-denboraldian eman ohi diren gainerako prestazioak barne, ekainetik irailera. Aisialdiko eremuak mantendu eta kontserbatzeko, datorren urtean, 3,34 milioi euro egongo dira. Eta programari amaiera emateko, 600.000 euroko partida ezarri da, Gaztelugatxeko San Juanen inguruan jarduketak hasteko erabiliko dena, biotopo babestu honen turismo-erabilera jasangarria bermatzeko leku honetan egingo den Jarduketa Plan Integrala amaitzen denean.
Ingurumen Zuzendaritzaren aurrekontuaren bigarren programa ingurumena babesteari buruzkoa da, 5 milioi euro baino gehixeago dauzkana. Diru-zenbateko horrekin, asmo hauek daude: toki administrazioarekin, ikastetxeekin, familiekin eta beste gizarte eragile batzuekin ingurumen-hezkuntzako jarduketak egitea (124.000 euro); birziklatzearen alorrean "Gero arte. Birziklatu eta atzera itzularazi" izeneko sentsibilizazio kanpainarekin jarraitzea; zarataren gaineko ekintza plan bat egitea, zarataren eta soinu-kalitatearen gaineko prebentzio eta sentsibilizazio ekimenak barnean hartzen dituena (30.000 euro); eta udalentzako eta mankomunitateentzako diru-laguntzen lerroa mantentzea, energia-eraginkortasuneko proiektuetan inbertsioak egin ditzaten (milioi bat euro).
Bigarren programa honen barruan, hauek dira beste partida batzuk: asiar liztorren habiak kentzeko partida (259.000 euro); Natura 2000 Sareko espazioen barruan udalenak diren baina Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen espazioetan egiten diren ekintzak finantzatzen dituena (560.000 euro); Armañon, Gorbeia eta Urkiolako parketxeetan zerbitzuak ematekoa (335.000 euro), eta Natura 2000 Sarearen leheneratze ekologikorako eta hobekuntzarako lanak egiteko helburua duena (554.000 euro).
Tresna informatiko berriak eta sozietate publikoak
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak legegintzaldi honen hasieran hartu zuen konpromisoa betetzen jarraitzeko helburuz, arlo honetako aurrekontuetan 3,4 milioi euroko partida sartzen da; partida horrekin, lehen sektoreko profesionalen bizi-kalitatea errazten eta hobetzen duten tresna informatikoak finkatzeko lanak eta barne lanaren hobekuntzan teknologia berriak sartzeko lanak finantzatuko dira.
Beste alde batetik, Basalan eta Garbiker foru sozietate publikoek, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren mendekoak direnek, 7,1 milioi euroko eta 35,9 miloi euroko aurrekontua izango dute hurrenez hurren.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09