Prentsa Aretoa

2017/11/09

Udalerriak babestea, kalitatezko zerbitzuak eta administrazioa modernizatzeko teknologia, foru aldundiaren 2018rako apustuak

Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak bere sailak datorren urterako duen aurrekontuaren xehakapena aurkeztu du Bizkaiko Batzar Nagusietan

rss Ezagutzera eman
Udalerriak babestea, kalitatezko zerbitzuak eta administrazioa modernizatzeko teknologia, foru aldundiaren 2018rako apustuak

ARGAZKIA JAITSI

Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak 2018an berak zuzentzen duen sailak izango duen aurrekontu-partiden berri eman du Batzar Nagusietan. 56.461.000 euro guztira -2017an baino % 21,71 gehiago- eta zenbateko hori erabiliko da bereziki herritarrei eta udalei zerbitzu gehiago eta hobeak emateko.

Gehien igo den partidetako bat informazioaren artxibo, tratamendu eta segurtasuna da; 905.000 euro jaso zituen 2017an, eta 2018an, berriz, 1.925.000 euro izango ditu (% 112,71eko igoera). Partida honetako inbertsio handienak, alde batetik, herritarrei arreta emateko azpiegitura teknologikoak ezartzeko da (kanalak integratzea, datuak grabatzea, erregistro digitala…), eta bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiko sistemak lege-eskaera berriei egokitzeko datuen segurtasun eta babesari dagokionez (besteak beste, 39/2015 eta 40/2015 legeak, osorik datorren urteko urrian indarrean sartuko direnak). Gainera, 550.000 euroan robot garabi-pilatzaile bat erostea aurreikusten da foru erakundeak Gangurenen duen artxibo administratibo automatizaturako.

Partida honi dagokionez, administrazioa modernizatzeko dena ere handitu da, 17.571.000 euroraino (iaz baino % 43,53 gehiago); haren barnean, BAT sistema (Bizkaiko Azpiegitura Teknologikoa) ezartzea jasotzen da, hau da, zeharkako konponbide teknologiko korporatiboak foru aldundiko sail guztietara zabaltzea, eta haien artean daude: egoitza elektronikoa, sarreren kudeatzailea, dokumentuen kudeatzailea, izapidetzeko motorra eta artxibo elektronikoa, beste tresna batzuen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak neurri horiekin barne prozesuen eraginkortasuna hobetu nahi du eta, horrekin batera, administrazioa sinplifikatzea herritarrentzako prozedura, izapide eta zerbitzuetan. Alde horretatik, BATen garapenak eta zerbitzuko gutun berriek ere (datorren urtean gauzatzen hasiko dira) zeregin horretan lagunduko dute.

Halaber, administrazioa garai berriei egokitzeko asmoz, aurten 962.000 euro inbertituko dira aldundiko parke mugikorra berritzeko; alor hori jorratzea ezinbestekoa da azken 9 urteotan ez baita bertan ia inbertsiorik egin. Diru-kopuru horrekin pick up motako lur orotako 32 ibilgailu berri erosi eta matrikulatuko dira.

Bizkaiko udalerrietarako euskarria

Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailaren ildo nagusi bat lurraldeko udalerriei babesa eta euskarria ematea da. Horretarako, 4.535.000 euro emango zaizkio Biscaytik fundazioari, Bizkaiko toki erakundeak sustatzeaz eta modernizatzeaz arduratzen denari, bost jarduketa nagusi garatzeko asmoz: egungo zerbitzu eta sistema teknologikoei eustea; toki erakundeak datuen babes, administrazio-prozedura eta kontratazioaren arloan datozen hilabeteotan indarrean sartuko diren lege berriei egokitzea; besteak beste, lizitazio elektroniko, gizarte zerbitzu eta gardentasunerako konponbide teknologiko berriak; udalak etengabe trebatzea eta sentsibilizazio soziala.

Horrez gain, zailtasunak dituzten udalen finantza-saneamendua babesteko aurrekontu partidei eutsiko zaie (750.000 euro), eta baita lurraldeko udalerri txikietako azpiegituretan inbertsioak egiteko ere; azken horretarako 2 milioi euro erabiliko dira, 2017ko kopuru berbera.

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako partida % 51 handitu da; hala, 2.855.000 euro zen 2017an eta 4.312.000 euro izango da 2018an. Igoera hori hiru arrazoirengatik gertatu da: Zallako suhiltzaileen parke berria eraikitzea (900.000 euro), Arratzuko etorkizuneko suhiltzaileen parkeko obra proiektua idaztea (60.000 euro) eta Foru Aldundiko Larrialdiak Kudeatzeko Zentro Integrala abian jartzea (240.000 euro).

Beste 340.000 euro kamioi zisterna berri bat erosteko erabiliko dira eta 147.800 euro gehiago, urte hasieran lanean hasiko diren suhiltzaile berriak ekipatzeko arropa nahiz materiala erosteko; azkeneko lan eskaintza publikoaren ondorioaz lanean hasiko diren suhiltzaileak dira.

Gazteria

Gazteria arloan, Udal Gaztediren bidez lurraldeko udalekin eta mankomunitateekin izenpetutako lankidetzari eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak lortutako akordioei diru-laguntzei eusten zaie.

ITURRIA: BFA