Prentsa Aretoa

2017/09/20

2018ko urtarriletik aurrera Enkarterrirako sustapen-plan bat bultzatzea proposatu die Rementeriak eskualdeko alkateei

Ahaldun Nagusiak, Foru Jauregian egindako bileraren ondoren, azaldu du lan-mahai bi sortzea adostu dutela udalek eta mankomunitateak: jarduera ekonomiko eta enpleguari buruzko bat eta komunikazio eta zerbitzu publikoei buruzko beste bat

rss Ezagutzera eman
2018ko urtarriletik aurrera Enkarterrirako sustapen-plan bat bultzatzea proposatu die Rementeriak eskualdeko alkateei

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ekintza zehatzak bilduko dituen sustapen-plan bat bultzatzea proposatu die Enkarterriko alkateei, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera martxan jarri ahal izateko. Hala azaldu du Unai Rementeriak, Foru Jauregian Ahaldun Nagusiak berak deituta egindako bileraren ondoren, bere iritzian Enkarterrik bultzada txiki bat behar duelako berriro ere Bizkaiko gainerako eskualdeen maila berean egoteko.

«Aldundiak ekintza zehatzak biltzen dituen plan bat bultzatzea proposatu du, zeina 2018ko urtarrilaren 1ean egongo litzatekeen martxan. Proiektu pilotua da, baina ondo ateraz gero Bizkaiko beste eskualde batzuetan ere aplikatu dezakegu. Plan hori denon artean definitu behar dugu eta, horretarako, proposatu eta adostu dugu lan-mahai bi sortzea: jarduera ekonomiko eta enpleguari buruzko bat eta komunikazio eta zerbitzu publikoei buruzko beste bat. Mahai bi horietan parte-hartze aktiboa izango dute Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, eskualdeko udalek, mankomunitateak eta eta aditu publiko eta pribatuek», zehaztu du Rementeriak. Ahaldun Nagusiak aurreratu du, gainera, kanpoko idazkaritza teknikoa egongo dela eta Aldundiaren konpromisoa ahalik eta arinen lan egiten hastea dela, abenduaren 4an beste bilera bat egin eta bertan itxi ahal izateko sustapen-plana.

Ordu bitik gorako bilera izan da, eta bertan izan dira Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Imanol Pradales eta Teresa Laespada foru-diputatuak, SPRIren ordezkari Iñaki Telletxea, Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateko presidentea eta Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zallako alkateak.

Unai Rementeriak azpimarratu du beharrezkoa dela konpromisoa hartzea denok elkarrekin lan egiteko Enkarterri hobetzearren, eta funtsezkotzat jo du eskualdea bera izan dadila bere aldaketaren motorra. «Inork ez du hagaxka magikorik. Nik ere ez dut hagaxka magikorik, Enkarterri hobetzeko gogoa eta hori lortzeko lan egiteko konpromisoa besterik ez dut. Aldundia lider izango da, bultza egingo du eta ahaleginduko da, baina irtenbidea, benetakoa izateko, Enkarterritik bertatik atera behar da. Eskualdeko pertsona, enpresa eta erakundeetatik atera behar da irtenbidea. Denok konprometitu behar gara helburu horrekin. Denok. Eta bakoitzak ahal duena ekarri behar du. Etorkizuna lan eginez lortzen da eta ahaleginak batu eta lan egiteko unea da orain. Elkarrekin lan egitekoa, elkarrekin lan eginez gero indartsuagoak gara-eta, baina benetako motorra Enkarterri izan behar da», adierazi du.

Bileran pate hartu duten ordezkari guztiek nabarmendu dute hitzordua baliagarri izan zaiela analisia eta diagnostikoa konpartitzeko. Horri lotuta, Ahaldun Nagusiak adierazi du aldaketa sakonak bizi dituela eskualdeak orain eta, ondorioz, lanaren etorkizuna egun ez dagoela bermatuta eskualdean, ez behintzat Enkarterrin egon diren enpresa handiek belaunaldietan zehar bertako biztanleei bermatu izan ohi dieten bezala. Rementeriak dei egin die denei zalantzak aukera bilakatzeko, eta hala esan die: «gure buruak berrasmatzea eta aurrera egitea dagokigu orain. Arazo al da hori? Bai. Aukera ere ba al da? Baita. Denbora erostaka galdu beharrean proposamenak eginez inbertitu behar dugu». Horrela amaitu du Ahaldun Nagusiak bere hitzaldia.

Udal ordezkariak bat etorri dira adierazterakoan hemendik aurrera diseinatu beharko den sustapen-plana aukera dela eskualdeak dituen askotariko beharrizanei aurre egiteko, hala gune industrialenek dituztenei nola landa-inguruneak dituenei. Horrez gainera, azpimarratu nahi izan dute hobekuntzak egin behar direla komunikazioen eta azpiegituren arloan eta lortu behar dela eskualdea erakargarriagoa izan dadila balio teknologiko handia duten enpresentzat.

ITURRIA: BFA