Prentsa Aretoa

2017/05/08

Gotorleku industrialak eta aurrerapena Bizkaiarekin konpartitzea eskaini dio Rementeriak Britainia Handiari

Ahaldun nagusiak hitzaldia eskaini du London School of Economics and Political Science erakundearen egoitzan hainbat ordezkari aurrean zituela

rss Ezagutzera eman
Gotorleku industrialak eta aurrerapena Bizkaiarekin konpartitzea eskaini dio Rementeriak Britainia Handiari

ARGAZKIA JAITSI

"Bizkaiko gobernuak kutxatik kanpo "outside the box" du gogoa, ekintzailea den gobernu baten antzera"

Unai Rementeriak "Biscay, the Bay of Europe: prosperity through values (Bizkaia, Europako Badia, oparotasuna baloreen bidez)" hitzaldia eskaini du gaur Londresen, London School of Economics and Political Science erakunde ospetsuaren egoitzan. Bere hitzaldian, gotorleku industrialak eta aurrerapena "bere unerik onenean" dagoen Bizkaiarekin konpartitzeko eskaintza egin dio Rementeriak Britainia Handiari. "Orain arte inoiz ez gara egon hain ondo: bakean, egonkortasunean, jarduera ekonomikoarekin, enplegua sortzen, hazten" ziurtatu du. Rementeriarekin batera, London School of Economics and Political Science erakundeko Europako gaietako espezialista eta irakaslea den Ian Begg-ek eta Bizkaiko industriako gotorlekuei buruzko azterlan independente baten egilea den Alexander Grous doktoreak hartu dute parte.

Nazioarteko finantzek erantzun egin diote Bizkaitik egindako deiari eta munduko banku nagusietako, inbertsio-funts eta -sozietate garrantzitsuetako batzuetako eta Dubaiko Gobernuko ordezkariak egon dira hitzaldian. Nazioarteko bankuen arloko ordezkarien artean, honako hauek zeuden: JP Morgan, Royal Bank of Scotland, HSBC, Deutsche Bank, Goldman Sachs, BBVA edo Caixa; eta inbertsio-funtsen artean: Crossroads Real State, RBS Treasury, Cale Street Partners, Tyndaris LLP edo Carval, besteak beste, mundu osoko miloi askoko inbertsio-funtsak ordezkatu eta kudeatzen dituztenak. Bestetik, London School of Economics and Political Science unibertsitateko ikasle-kopuru handi bat eta Londresen lan egiten duten bizkaitar ugari, baita Eusko Jaurlaritzako ordezkaria eta Espainiako enbaxadako ordezkariak ere, izan dira hitzaldian

 Sendotasuna funtsezko sektoreetan, talentua eta ekintzailetza

Harremanak sendotzeko eta helburuak eta proiektuak konpartitzeko, Britainia Handira egin duen bidaiaren lehendabiziko ekitaldian, Rementeriak gogora ekarri du britainiar eta euskaldunen arteko iragan komertziala: "Adituetako batzuek argudiatzen dute XII. mendean jada bizkaitarrek eta ingelesek elkarren artean negozioak egiten zituztela. Guk burdina saltzen genien eta ikatza erosi. Gaur harreman hori indartzera eta helburuak eta proiektuak konpartitzera etorri gara. Aurrera egin nahi dugu, baina ez edonola ere, bakarrik gure gizarte-baloreak gogoan izanik".

Ahaldun Nagusiak hiru ardatzetan oinarritu du lankidetzarako eskaintza: lehiakortasuna eta funtsezko sektoreetako sendotasuna; Bizkaiko goi-mailako bizi-kalitatea eta ekintzailea den gobernu baten lidergoa. Argudio horiek erabilita luzatu dio eskua Britainia Handiari: "Haizea alde daukagu eta hegan egiteko prest dagoen herri bat gara. Hegan egiteko hegoak dauzkagu, baita hegan egiteko gogoak ere. Gaur elkarrekin hegan egiteko eskaintza luzatu nahi dizuet. Elkarrekin egingo dugu hegan?".

"Lurralde indartsu bat gara bi herrialdeentzat estrategikoak diren sektoreetan, energia, automozioa, aeronautika eta finantzak, besteak beste. Iberdrola, energia eolikoko mundu-mailako liderra et munduko hiru enpresa energetiko nagusietako bat, euskalduna da. Scottish Power-en barruko enpresa nagusia izanik, Iberdrolak 8.000 milioi baino gehiago inbertituko ditu Bretainia Handian 2020. urtera arte. Hemen 33 parke eoliko eta 1.200 generadore dauzka. Britainia Handiko bost milioi etxebizitza baino gehiagori eskaintzen die elektrizitate- eta gas-hornidura. Energia berriztagarria, energia berdea, nire herrialdearen kolorea bezala. Iberdolarekin batera, energiaren sektorean diharduten Bizkaiko hogeita bat enpresak dihardute hemen lanean, bertan lantegiak eta bulegoak dituztela. Elektrizitatearen alorreko eremua edo "electric valley" da Bizkaia, smart gride eta mikrosaretan espezialista, eta energia eolikoan, smart guide-etan eta olatuen energian enpresa-balioko kate osoa duena", nabarmendu du Ahaldun Nagusiak, eta Bizkaiak beste sektore batzuetan, automozioa esaterako, duen ahalmena ere azpimarratu du: "Automozioan, seguruen osagaien mundu-mailako lantegirik handiena izango gara, hain ospetsuak diren enpresekin, Britainia Handian bost lantoki dauzkan Gestamp konpainiarekin, esaterako. Gure enpresek munduan zirkulatzen duten ia ibilgailu guztietarako osagaiak egiten dituzte. Osagai horiek dira, hain zuzen ere, zuen herrialdera egiten ditugun esportazioetan lehen tokia betetzen dutenak. Uste dut automozioan ere interesak konpartitzen ditugula.

Rementeriak Europako Badia legez aurkeztu du Bizkaia, "Europa Afrika eta Ekialderako ate perfektu bat da, lotura edo konexio onak dituena eta oso ondo bizi den toki bat, bizi-kalitate maila handi-handiarekin". Gurea ere bada talentua ondo zaintzen duen lurralde bat. "Talentua da altxorrik handiena. Bikaintasunez prestatutako pertsonak dauzkagu. Ondo prestatutako gazteak nahi ditugu, hori etorkizunean inbertitzea delako. Eta mundura zabalik dagoen hezkuntza daukagu".

Gaurko langabezia-tasa (% 12) digitu batean jaisteko desafio handia azpimarratu eta sistema soziala iraunkor bihurtzeko erronka finkatu ostean, Ahaldun Nagusiak bere gobernuaren izaera ekintzailea nabarmendu du. "Bizkaiko gobernuak kutxatik kanpo "outside the box" du gogoa, ekintzailea den gobernu baten antzera. Balioak dituen herrialde bat gara, eta balioak dituen gobernu bat daukagu, gertukoa eta business friendly dena. Gure ateak zabalik daude" ziurtatu du.

Rementeriak hobetzeko bere gogoa ere azaldu du eta hura egiteko bidea diseinatu du. "Hazkundea erraztuko duen palanka bat behar dugu. Palanka hori zergen arloko politika berri bat izan daiteke, baldin eta kudeaketako zorroztasunez eta ikuspegi bateratu batez egiten bada. Bizkaiko Gobernuak inbertsiogileentzako eta enpesentzako lurralde erakargarriago eta lehiakorrago bat izateko zergen arloko erabakiei azken ukituak ematen dihardu. Sozietateen gaineko zerga erakargarriago bat, ekintzailetza erraztuko duen fiskalitate bat eta Bizkaira lan egitera datozen profesionalentzako arautegi berezi bat nahi dugu azpimarratu du Ahaldun Nagusiak, eta ondoren azaldu du Bizkaiak plaza nagusien (Londres edo Frankfurt, esaterako) aliatu izan nahi duen finantzen arloko hub bat, enpresa txiki eta ertainen beharrizanetan zentratua eta berrikuntzako funts berri bat duena, bultzatzen duela. Halaber, finantza arduratsuen, ESG (Enviromental, Social and Governance) finantzen erreferentzia izateko gogoa ere azaldu du.

 Bizkaiko industriaren sendotasunei buruzko Britainia Handiko azterlana

Ahaldun Nagusiaren hitzaldiaren aurretik, Centre for Economic Performance de LSE-ko ikerlaria den Alexander Grous doktoreak prestaturiko Bizkaiari buruzko txostena aurkeztu da. "Industrial Strategy in Practice: Innovation and Mangement Best Practices in the Automobile, Energy and Aerospace Clusters in Bizkaia" izenburuko azterlanak lurraldeko ekonomiaren sendotasunetan eta, bestetik, Bizkaia jarduera berritzaileen eta balio erantsiaren kontzentrazio-kopururik handiena duten Europa mailako tokietako bat izatea  ahalbidetu duen testuinguru sozio-ekonomikoan sakontzen du.

Horrela, Grous doktorearen txostenak nabarmentzen du Bizkaiko gobernuak ezagutza sortzeko eta berrikuntza bultzatzeko politikarekin duen konpromisoa, baita ere goi-mailako kualifikazioa duen giza-kapitala (EBko batez bestekoaren gainetik dagoena). "Bizkaiak ingurune sozio-ekonomiko indartsu bat du, merkataritza eta industriako sektore indartsuek, irekiera sozialak eta alderaketak eginez gero goi-mailako kualifikazioa duen giza-kapitalak (langileen % 44k goi-mailako titulazioa dute) osatua. Azaldutako guztia errazten du era honetako politikak bultzatzen dituen administrazio bat edukitzeak: lehentasun sozial eta ekonomikoen arteko oreka bilatu eta clusterretan, zientzia- eta teknologia-parkeen sare zabal batean eta industriaren eta unibertsitateen arteko interakzioan oinarritutako lehiakortasun-politiken bidez, berrikuntza garatzen jarraitzeko politikak.

Azterlanak 2020. urteari begira Bizkaiko ekonomiarako joera positiboak aurreratzen ditu: BPGren hazkunde positiboak, barne eskari indartsu bat eta egungo une ekonomikoan konfiantza duen industria. Eta honako hauek ezartzen ditu arrakastarako funtsezko eragile legez: egonkortasun politikoa, legeriaren eta finantzaren arloetako autonomia handiagoa eta berezko zerga-araubidea.

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia