Prentsa Aretoa
2016/11/17
Rementeriak Bilboko ehun pertsona ingururen proposamenak jaso ditu kontuak emateko eskualdeetako lehen topaketan
Herritarrekin ideiak trukatzeko, gaurtik apirilera bitartean lurraldean egingo diren 10 topaketetatik lehenengoa izan da gaurkoa
Ahaldun Nagusia mintzaldiekin hasi da, eta Aldundiak Bilbon egin dituen jarduketak eta «Bizkaia Goazen 2030» bere legegintzaldiko plana noraino bete den azaldu du. Ondoren, partaideek beren iradokizunak plazaratu dituzte lan-mahaietan, hainbat dinamikaren bidez. Partaideek izena emateko prozesua irekia izan da, Foru Aldundiaren web orriaren bidez. Horrez gainera, telefono-deiak egin dira talde eta elkarteetako ordezkariak gonbidatzeko, adinari, generoari eta lanbide-profilari dagokienez, Bizkaian dagoen pluraltasunaren lagin adierazgarri bat bermatzeko.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia ehun bat bilbotarrekin bildu da gaur, Foru Jauregian, haien ekarpenak jasotzeko, haien iradokizunak entzuteko eta azken urtean egin duen lana azaltzeko. Datorren apirilera bitartean, lurraldeko eskualdeetan, herritarrei kontuak emateko egitekoak diren eskualdeetako 10 topaketetatik lehenengoa da gaurkoa. Irailean eman zuen topaketen berri Rementeriak, politika orokorrari buruzko osoko bilkuran.
Topaketa Ahaldun Nagusiarekin aurkezpen batekin hasi da; Foru Aldundiak Bilbon egin duen lana azaldu du eta hainbat proiektu nabarmendu nahi izan ditu: metroaren bi lineak eta 3. linea, hemendik hilabete batzuetara martxan egongo dena; Abandoibarra birmoldatzeko lanak; Casilda Iturrizar parkea handitzeko lanak; Euskadi plaza; Pedro Arrupe pasabidea; Ametzola, Basurto, Errekalde eta Iralan trenbidea lurperatzeko lanak edo Bilbo Zaharreko moilak. Rementeriak azpimarratu du Aldundia funtsezkoa izan dela jarduketa horietan guztietan.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak hiriko beste proiektu garrantzitsu batzuk ere aipatu ditu: Euskalduna Jauregia, kongresu-jauregi arrakastatsua (jende askok ez daki Aldundiarena dela); Guggenheim Museoa, Euskal Museoa, Itsas Museoa, Berreginena, Bilbora San Mamesetik edo Juan de Garay kaletik sartzeko sarbide berriak eta San Mames futbol-zelai berria. Ahaldun Nagusiak esan duenez, Aldundiak esku-hartze garrantzitsua izan du Bilboren eraldaketan. Eta guztiok gaude harro Bilbok izan duen aldaketaz. Harro gaude hiri bizia delako, bizi-kalitatea duelako, garraio publikoaren zerbitzu ona duelako. Eta Aldundia Bilborekin konprometituta segituko duela erantsi du.
Garraio publikoari dagokionez, Rementeriak adierazi du Aldundiak ematen duen Bizkaibus zerbitzuak dituen 106 lineetatik, 51 Bilbotik abiatzen direla eta Bizkaiko gainerako lekuekin lotzen dutela Bilbo. Linea horietatik 5ek zuzenean lotzen dute EHUrekin; batek, aireportuarekin; beste batek, Zamudioko teknologia-parkearekin, eta beste batek Santa Marina ospitalearekin. Eta Bilborentzat eta Bizkaiarentzat oso garrantzitsua den beste datu bat gehitu du: turistak Bilbora erakartzeko 170 ekimen abiarazi dira eta 3,6 milioi inbertitu dira Bilbo-Bizkaia sustatzeko nazioarte mailan.
Halaber, Foru Aldundiarentzat lehentasunezkoak diren bi eremuetan hirian egin den inbertsioaren zifrak eman ditu. Pertsonen zaintza eta garapen ekonomikoa dira eremu horiek. Azaldu duenez, 3,6 milioi euro inbertitu dira Bilboko enpresa txiki eta ertainei laguntza emateko; 100.000 euro, euskara ikasten laguntzeko; 150.000 euro, Kultura Bonuan, eta 108.000 euro, gazteentzako programa berezietan. Eta hainbat motatako 4.427 egoitza-plaza daude premiak dituzten kolektiboentzat: adinekoak, desgaitasunen bat duten pertsonak, adingabeak, gizartean baztertuta geratzeko arriskuan daudenak eta emakumeak.
Bere mintzaldiaren azken zatian, Rementeriak «Bizkaia Goazen 2030» dokumentuan jasotako 120 ekintzak noraino gauzatu diren azaldu du, irailaren 30eko datuak hartuta. Dokumentu horretan Foru Aldundiak legegintzaldi honetarako dituen lehentasunezko ardatzak eta jarduketak zehazten dira.
Lan-mahaiak
Ahaldun Nagusiaren hasierako hitzaldi hori eta gero, herritarrek lan-mahaietan parte hartu dute, hainbat dinamikaren bidez beren iritzia emateko, bai aurretik egin den azalpenari buruz, bai Foru Aldundia gauzatzen ari den eta Bilbon eragina duten proiektuei buruz. Saioan gertatutako guztia akta batean jaso da eta Ahaldun Nagusiak egin diren proposamen guztiei erantzuna emateko konpromisoa hartu du.
Parte hartu duten pertsonek Foru Aldundiaren web orriaren bidez eman dute izena, baina, horrez gainera, telefono-deiak egin dira kultur arloko, kiroleko, merkataritzako edo hirugarren sektoreko elkarteetako ordezkariak gonbidatzeko, baita, zerbitzu bati buruzko informazioa eskatzeko, uneren batean Aldundiarekin harremanetan jarri diren eta Foru Erakundeak antolatutako kontsulta-prozesuetan parte hartzea onartu duten pertsonak gonbidatzeko ere.
Parte-hartzaileek Bilboko eta, ondorioz, Bizkaiko pluraltasunaren lagin adierazgarri bat osatu dute; adinaren, generoaren eta profil sozialaren arabera aukeratu dira, kontuan hartuta saioan elkarte edo talde baten izenean parte hartuko zuten edo norbanako gisa parte hartuko zuten. Halaber, euskaraz eta gaztelaniaz parte hartzeko aukera bermatu da.
ITURRIA: Bizkaiko Foru Aldundia
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09