Prentsa Aretoa

2015/11/09

Euskara erakundearen oinarri eta zeharkako elementu bihurtzeko apustua egin du Aldundiak

Euskara Arloak 6.663.000 euro izango ditu (+% 4,8); Kirolak 8.098.000 euro (+% 2); Kulturak 29.718.000 euro (+% 2,30) eta sailaren kudeaketaren hobekuntzak eta hiritarren arretak 4.260.000 euro (-% 0,86)

rss Ezagutzera eman
Euskara erakundearen oinarri eta zeharkako elementu bihurtzeko apustua egin du Aldundiak

ARGAZKIA JAITSI

Bere sailaren aurrekontuak Batzar Nagusietan aurkezteko agerraldian, Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak bereziki azpimarratu du Aldundiak irmo eutsiko diola gizartea gero eta elebidunagoa izateko erronkari; horretarako, elkarlan estua izango du beste erakunde batzuekin (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko udalak...) eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatuko ditu bizkaitarren artean. Arlo horretara 6.663.000 euro bideratuko ditu, 2015ean izan zituen 6.355.000 euroen aldean; hau da, % 4,84ko igoera egon da, saileko igoerarik handiena bera.

Euskararen gaineko inbertsioa, hots, bizikidetza eta gizarte kohesioa barne hartzen dituena, honakoetan egingo da: euskara lanerako hizkuntza izatea administrazioan bertan (658.000 euro), bizkaitarren artean euskararen erabilera bultzatzeko diren gizarte ekimeneko programak bultzatzea (6.005.000euro) eta bizkaitarrek euskara ez ikasteko arrazoia alderdi ekonomikoa izan ez dadin lortzea (425.000€).

Euskara Zuzendaritzaren aurrekontu proposamena prestatzean, lau helburu garbi hauek lortu nahi izan dira:

Hiritarrek euskara ezagutzeko orduan irmotasunez aurrera egiteko erraztasunak jartzea: euskara ikasten aritu eta aprobetxamendu akademiko egokia izanik A1, A2 eta B1 maila gainditzen duen Bizkaiko herritarrari laguntza eta babesa emateko doakotasuneranzko bidean, HABErekin eta EJrekin batera.

Ekintza planak garatzea beste erakunde batzuekin (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko udalak, batez ere), gizarte eragileekin eta elkarteekin, herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea etengabe pixkanaka bermatu dadin (baldin eta hizkuntza hori aukeratzen badute), herritarrak euskaraz hitz egin dezaten, eta euskaren gizarte erabilera bultza dadin esparru desberdinetan.

Hiritarrek euskara ezagutu eta erabiltzeko orduan irmotasunez aurrera egiteko erraztasunak jartzea. Horretarako, biztanleria euskaraz hitz egitera animatuko duten programak ezarriko ditu sailak.

Euskara administrazio publikoan lan hizkuntza bilakatzen dela lortzea, hiritarrei zerbitzua emateko hizkuntza izateaz gain.

Euskarak informazioaren eta komunikazioaren teknologietan duen presentzia eta erabilera finkatzen aurrera egitea.

Euskara eta Kultura Sailak Azkue Fundazioaren gaineko inbertsioa areagotu du (630.000 euro), sarean euskarazko produktu teknologikoak garatzen jarraitzeko asmoz, eta, era berean, Alkarbideren partida igoko du (192.000). Azken horrek, izan ere, euskarazko udal zerbitzuei koordinazio, prestakuntza eta programak eskaintzen dizkie, euskararen gizarte normalizazioa elkarlanean sustatzeko.

Kultura

Inbertsio handiena Kultura Arlora bideratuko da, 29.718.000 euroko partidarekin, hau da, 2015ean baino % 2,30 gehiago.

Euskara eta Kultura Sailak, gainera, elkarte sareari eusteko babesa indartu du, SENDOTU programaren bidez, eta kultura tradizionaleko federazioentzako diru-laguntzak areagotu ditu (90.000 eurotik 192.000 eurora pasata).

Aldundiak, era berean, artista gazteen promozioak sustatzen eta beren artelanak hedatzen jarraituko du, Ertibil bezalako ekimenen edo beka artistiko eta erakusketa koordinatuen deialdien bidez (333.000 euro). Programa horiek sailaren oinarrietako bat indartuko dute: gure baloreen gaineko prestakuntza eta profesionalizazioa, hain zuzen ere. Horrek guztiak, edonola ere, ez du kalterik eragingo BOS, ABAO edo Eusko Ikaskuntza bezalako erakunde finkatuen babesean, horiek lurraldean bertan eta lurraldetik kanpo erreferente kulturala baitira. Hala, helburu horretarako inbertituko dira 5.563.000 euro.

Ezagutza sortu eta kultura ondarea hedatzeko lanetarako, bestalde, 15.424.000 euroko inbertsioa egingo da. Museo Vasco/Euskal Museoa osorik berritzeko lanek lehentasunezko tokia izango dute. Lehen faserako, zehazki, 300.000 euroko inbertsioa egingo da datorren urtean.

Ondare bibliografiko dokumentala kontserbatu eta hedatzeko inbertsio osoa 942.000 eurokoa izango da Foru Agiritegian. Zenbateko hori eraikina mantendu eta egokitzeko, katalogoak prestatzeko eta agiri funtsak digitalizatu eta berrezartzeko erabiliko da. Aldundiak agiritegi digitalaren alde egin nahi du. Bide horretan, bada, interneten 1.500.000 irudi eskuragarri egotea da 2016rako helburua.

Foru Liburutegiak, 998.000 euroko aurrekontuarekin, liburuaren eta irakurketaren arloko jarduerak sustatzen jarraituko du, bai eta gure ondare bibliografiko aberatsa kontserbatu eta hedatzeko lanak indartzen ere.

Kirola

Lorea Bilbaok zuzentzen duen Sailak guztira 8.098.000 euro bideratuko ditu Kiroletara. Arlo honek eskola kirolean egingo duen inbertsioa azpimarratu behar da, Bizkaiko 46.000 haur baino gehiago mugitzen baititu. Bizkaiko elkarte sarearen babesa ere nabarmena izango da.

Aisialdi kirolera, bestalde, 2.244.000 euro bideratuko dira, eta, zenbateko horren % 80 baino gehiago eskola kirolerako izango da (1.810.000 euro). Kirol federatuan 5.245.000 euro inbertituko dira eta udal kiroleko zenbatekoa 609.000 eurokoa izango da.

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia