Prentsa Aretoa
2015/11/05
Aldundiak sendotu egingo du gizarte babesaren sarea Bizkaiko pertsona guztientzat
Aldundiak lehentasun handikotzat hartu du gizarte zerbitzuen sistema finkatzea, Bizkai inklusibo bat sortu eta pertsona guztien bizitza-proiektuak gauzatzeko aukera egon dadin
Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatuak sailaren 2016. urterako aurrekontuaren proiektua aurkeztu du. Azpimarratu du Aldundiak konpromiso handia duela Bizkaian egoera ahulean dauden pertsona guztien bizitza-proiektuei laguntzeko: babesgabe dauden umeenak, desgaitasuna duten pertsonenak, mendekotasun-egoeran dauden nagusienak eta pertsona horien guztien senideenak. Helburua da inor atzean gera ez dadin; horretarako, aukera berdintasunerako baliabideak eskainiko dira, pertsona horiek oztopoak gainditu eta bizimodu duin eta betea lortu ahal izateko.
Gizarte Ekintza sailak, horretarako 472.5 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, hau da, Aldundiak erabilgarri duen aurrekontu osoaren %40,10. Aurreko urtearekin alderatuta, 12.553.010 euro gehiago daude aurten. Aurrekontu horrekin, Aldundiak indartu egiten du bere konpromisoa lehentasun handiena dutenekin, hau da, pertsonekin. Aurrekontu-proiektu honi esker, sendotu egingo da gure lurraldean egoera ahulenean dauden pertsonentzako gizarte-zerbitzuen babes-sarea, guztiontzat den Bizkai inklusibo bat sor dadin.
Adinekoak: 168,7 milioi euro
Bizi-itxaropena gero eta handiagoa denez, biztanleria zahartzen ari da, eta dagoeneko ikus daiteke fenomeno hori gure gizartean. Agintaldia amaitzen denerako, 65 urtetik gorakoa izango da Bizkaiko biztanleen %23. Adinekoak gero eta gehiago direla kontuan hartuta, programa honetarako aurrekontua %2,36 hazi da; beraz, programan 4 milioi euro gehiago egongo dira ekitaldi honetan, eta 172.674.000 eurora helduko da. Oro har, egoitzetako leku kopuruak gora egin du, eta urte amaierarako 160 leku egongo dira. Guztira, %2,7ko igoera da gaur egun dagoen kopuruaren aldean; 2016ko bigarren erdialdean Zorrotzako egoitzaren irekiera da horren arrazoia.
Desgaitasuna duten pertsonak: 64,82 milioi euro
Desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko, 64.825.546 € aurrez ikusten dira proiektuaren aurrekontuan: aurreko ekitaldiko kopuruari eutsi zaio, lehendik dauden zerbitzuak mantentzen baitira. Aurten abiarazi diren zerbitzuak urtekotu egiten dira, eta gizarte-ekintzaren hirugarren sektoreko entitateekiko aliantza estrategikoari eusten zaio, horretarako ehun hitzarmen baino gehiago sinatuta.
Umeak: 6,9 milioi euro
Umeen laguntza-programarako aurrez ikusitako aurrekontua 6.880.000 eurokoa da, eta 445.185 euroko igoera garbia dakar; beraz, %6,92 hazi da 2015eko aurrekontuaren aldean. Umeen programan, Administrazioak arriskuan eta babesgabe dauden adingabe eta nerabeak babesteko egiten dituen jarduera guztiak sartzen dira. Babesgabe daudenekin zuzenean esku hartzeko programak zabaltzea izan da, funtsean, programaren igoeraren arrazoia. Pertsona horien egoitza-harrerarako bideratzen diren 23,35 milioi euro gehitu behar zaizkio partida horri.
Mendetasunaren arloko prestazioak eta diru-laguntzak: 114 milioi euro
Programa honen aurrekontua 114.093.483 € da: sailaren aurrekontuaren %24 baino zertxobait gehiago. 54,3 milioi euro bideratzen dira familien barruko zaintzetarako. Prestazio hori handituta, Bizkaiak hasierako egutegia bete eta osatu egiten ditu Mendetasunari buruzko Legearen prestazioak. Gainera, berritasun gisa, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoan, gizarte zerbitzuak garatzeko aparteko funts bat sortu da, 1.517.174 eurokoa.
Ebaluazioa eta orientazioa: 3,2 milioi euro
Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuaren programaren aurrekontua 3.190.000 euro da, eta %1,28 egin du gora 2015. urtekoaren aldean. Kopuru hori handitu da Gizarte Ekintza Sailak ebaluazioak egiteko itxaron beharreko denbora laburtu nahi duelako.
Administrazio Orokorra: 105,2 milioi euro
Programa honetan, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen finantzaketa sartzen da (98,68 milioi euro), bai eta Bizkaiko Tutoretza Erakundearena (ia 2,8 milioi euro).
Laburbilduz, Aldundia eran eta epean betetzen ari da Mendetasunari buruzko Legean ezarritako konpromisoak eta aurrera egiten ari da gizarte-zerbitzuen sarea finkatzeko lanean, bizitza-proiektu guztiak gauzatzeko aukera ematen duen Bizkai inklusibo bat sortzeko.
Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09