Prentsa Aretoa
2015/10/28
EAJ-PNVk Bizkaiko Foru Aldundiari eginiko galderaren bidez agerian geratu da Madrilgo PPk ez duela herrialdearekin hartutako konpromisoa bete
2006 urtean EAJ-PNV eta Gobernuaren artean adostu zen Mendekotasun Legeak aitortzen dituen zerbitzuak eta prestazioak %50ean finantzatzeko akordioa; baina, PPren aldetik behin eta berriz egin diren murrizketek ekarri dute bizkaitarrek “10 milioi baino gehiago” jarri behar izatea
Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) kudeaketa lanari kontrola egiteko legealdi hasieratik hona ospatu den bigarren osoko bilkuran, Zuriñe Argatxa ahaldun jeltzaleak Bizkaiko erakundeari eta Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintza Sailaren arduradunari galdetu die zer nolako eragina izango duen Bizkaian Estatuko Administrazio Nagusiak 2006 urtean onartu zen Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendekotasunari Arreta emateko Mendekotasun Legearen arabera hitz eman zuen ekarpenak. “Erantzun tristea daukan galdera da” deitoratu du diputatuak. Sánchez Roblesek kritikatu duenez, PPkoak Gobernura iritsi zirenean “haiekin batera heldu ziren murrizketak eta Erret Lege Dekretuaren erabilpen partidarioa, inolako arazorik gabe eskubideak eta konpromisoak zapaltzeko”.
Euzko Abertzaleak (EAb) taldeko batzarkideak azaldu duenez “iragan uztailean amaitu zen lege hori ezartzeko egutegia”. Lege horretan Gobernu zentralak hitz eman zuen, hasiera batean, agiriak aitortzen zituen zerbitzu eta prestazioen %50 finantzatuko zuela. Zentzu honetan esan beharra dago finantzaketa akordio hau lortu zela Diputatuen Kongresuan Euzko Abertzaleak taldearekin burututako negoziaketari esker. Gizarte Ekintza Saileko buruak azaldu duenez, 2012ko uztailaren 13an, Rajoyren gobernuak Lege Dekretu bat eman zuen 2. eta 3. graduko mendekoen prestazioen kopuruak %15etik %25era bitartean murrizteko eta 1. gradukoa indarrean sartzea atzeratzeko. “Horrek denak Bizkaian ekarri du Estatuko Administrazio Nagusitik mendekotasun kontzeptuarekin jasotzen den finantzaketa 2013 urtean 4.716.060 euro baxuagoa izan dela eta 2014 urtean 5.570.610 euro baxuagoa izan dela. Bi ekitalditan 10.286.060 euro gutxitu da eta finantzaketa behar horri Bizkaiko Foru Aldundiak erantzun dio osorik, hau da, Bizkaiko herritarrek ordaindu dute”. Portzentajetan jarrita, ekarpen hori %17,5ekoa litzateke Estatuko Administrazioak hasiera batean hitzartu zuen %50aren aurrean “datu hori Estatuko Kontu Epaitegiak berak egiaztatu du” argitu du diputatuak.
Argatxak amaitu duenez “PPren Gobernuak behin eta berriz onartu dituen murrizketek” ekarri dute Euskadirekin eta Bizkaiarekin adostu zen akordioa aldebakartasunez aldaraztea. Baina, “gure menpekoekin, gehien behar dutenekin, hitzartuta dauzkagun prestazio eta zerbitzuak bermatzeko, Aldundiak, edo bestela esanda, bizkaitar guztiek, 10.300.000 euro eman behar izan dugu Madrilek, Alderdi Popularraren Gobernuak, mendekotasun egoeran dauden pertsonak lehentasuna ez direla erabaki duelako” salatu du.
Emakumea eta Kirola
EAb taldeak ahoz egin duen bigarren eta azken galdera izan da kirol munduan emakumearen presentzia aktiboa bultzatzeko BFAren Euskara eta Kultura Saila ematen ari den urratsei buruzkoa “gai hori talde honentzat benetan garrantzitsua delako”, esan du Celia Gómez Devesa batzarkideak.
Lorea Bilbaok, Departamentuko diputatuak, bere egin du EAb taldeak kirol esparruan emakumearen egitekoa sustatzearekin daukan konpromisoa, eta honakoa azaldu du zentzu horretan “BFArentzat garrantzitsua ere bada emakumeok kirol esparruan egiten duguna aitortzea”, “hori da gure helbururik nagusienetakoa, gizarte parekide eta kohesionatua lortzea helburu”. Bilbaok azaldu du foru erakundea legealdi hasieratik ari dela hainbat ekimen lantzen, besteak beste “kirol eginkizunetan parte hartzea, emakume kirolariak ikusgarri egiteko jarduerak abian jartzea,kirol munduko eragileekiko lankidetza, araudia aztertzea eta egokitzea eta herritargo aktiboa bultzatzea”. Diputatu andreak gai honekiko konpromisoa adierazi du eta honakoa esanez amaitu du “kirola praktikatzeko erabakia hartzea, zuzendaritza kargua izatea edo entrenatzaile izatea, erabaki pertsonala da, eta errazago hartuko da baldintza egokienak ematen badira. Horretarako aukerarik egokienak bilatu behar ditugu denon artean”.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09