Prentsa Aretoa

2015/06/07

Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak Gorbeiako tontorrean izan dira gaur Batzar Nagusirako deiadarraren ospakizunean

700 lagun inguru batu dira Bizkaiko tontorrean Deiadar Mendien hamabigarren edizioan gogotsu parte hartzeko

rss Ezagutzera eman
Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak Gorbeiako tontorrean izan dira gaur Batzar Nagusirako deiadarraren ospakizunean

ARGAZKIA JAITSI

Deiadarrak berriro jo du Bizkaiko mendirik garaienetik. 700 lagun inguru batu dira gaur Gorbeiaren tontorrean, Deiadar Mendien hamabigarren edizioan gogotsu parte hartzeko. Batzar Nagusiek jaiegun bihurtu dute ekitaldia eta ibilbide klasiko bihurtu da Bizkaiko mendizaleentzat eta euskal tradizinoen zaleentzat.

Batzar Nagusiek eta Lemoako Ganzabal Mendizale Taldeak alkarlanean antolatutako mendi-ibilaldia Pagomakurren hasi da goizeko 9:00etan. 870 metroko garaiera duen leku horretatik hasi dute ibilbidea mendizaleek eta goizeko 11:30ak aldera heldu dira Gorbeiako tontorrera, 1.481 metroko garaierara, taldetxoetan sakabanatuta. Tontorrera heldutakoan, Batzar Nagusietarako dei tradizionala egin da, eguerdiko 12:00etan, adarrotsaren bitartez.

Batzar Nagusiek 2004. urteaz geroztik antolatzen dute mendi-ibilaldi hau, urte horretan bete ziren eta 25 urte Batzar Nagusiak berreskuratu zirenetik. Urteotan, bada, adin guztietako milaka bizkaitar bildu dira urtero bost Deiadar Mendietarikoren batean (Gorbeia, Kolitza, Sollube, Oiz eta Ganekogorta) adarrotsa entzun eta Gernikako Batzar Nagusietarako deia era tradizionalean, Erdi Aroan egiten ei zan moduan jasotzeko.

Tontorrean egonda, Lemoako Ganzabal Mendizale Taldeko ordezkariak deia egiteko erabilitako adarra emon diote hurrengo urtean Kolitza mendikoa antolatuko duen mendi-taldearen ordezkariari. Batzar Nagusien Euzko Abertzaleak taldeko ordezkariak ere izan dira bertan, esaterako Jon Andoni Atutxa Batzar Nagusien Mahaiko idazkaria, eta berarekin batera zenbait batzarkide, besteak beste Oscar Arana, Edorta Rodrigo, Mikel Bagan, Aitor Ibarra eta Celia Gómez, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izandako Juan Mari Atutxa ere izan da bertan.

Deiadarra entzun eta ohorezko aurreskuaren ostean, Atutxak eskerrak eman dizkie ibilaldiko parte hartzaile guztiei eta gogora ekarri du Europako lehenengoetariko erakunde demokratikoak diren Batzar Nagusiek tradizio hori 2004. urtean berreskuratu zela, Gernikako Batzar Nagusietan parte hartzeko herritarrei egiten zaien dei tradizionala gomutatzearren.

Tontorretik hur egin den jaialdiarekin amaitu da ekitaldia. Bertaratu direnak oparia eta hamaiketakoa izan dute inguruko produktuekin (bonitoa, antxoak eta txakolina), euskal musika eta dantza artean.