Prentsa Aretoa

2024/11/06

Euskarak, kulturak eta kirolak bizkaitarren bizitzan pisu handiagoa izan dezaten aurrekontua handitu du Aldundiak

Jarduera-ildoak: euskara, eta, bereziki, bizkaiera sustatzea hainbat esparrutan, bizi-ohitura osasungarriak txertatzea eta kirola adin-tarte guztietan egitea, eta kultura sustatzea; kanpora adi, baina tokiko talentua indartzen jarraituz

rss Ezagutzera eman
Euskarak, kulturak eta kirolak bizkaitarren bizitzan pisu handiagoa izan dezaten aurrekontua handitu du Aldundiak

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak 2025erako aurrekontua aurkeztu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Iazkoa baino % 2,13 handiagoa izango da, eta jarduera-ildo argiak izango ditu: euskara, eta, bereziki, bizkaiera sustatzea hainbat esparrutan, bizi-ohitura osasungarriak txertatzea eta kirola adin-tarte guztietan egitea, eta kultura sustatzea; kanpora adi, baina tokiko talentua indartzen jarraituz.

Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak azaldu duenez, «igoera horretatik eratorritako zenbatekoa zuzendaritzen artean banatu da, hainbat proiektu edota beharri erantzuteko. Beti ere, bat etorri ziren legegintzaldi hasieran aurkeztu ziren sailaren helburuekin eta aurrez aztertutako erronkak gauzatzeko asmoarekin».

Bizkaiko Foru Aldundiak 67.581.000 euroko aurrekontua esleitu dio sailari datorren urterako; 8.482.000 euro euskararen normalizaziorako, 43.688.500 euro kultura eta ondarerako, 11.618.000 euro egunerokoan kirola egitea sustatzeko eta 3.792.500 euro sailaren zerbitzu orokorretarako.

Aurrekontu honekin hainbat helburu lortu nahi dira: batetik, kultura sustatzea  eta herritarrei hartaz gozatzeko espazio berriak eskaintzea, gure ondarea zaintzeaz gain. Bestetik, bizkaitarren bizitzan kirola ezinbesteko elementu bihurtzea, gure kirolariak babestu eta laguntzen ditugun bitartean. Eta azkenik, euskararen presentzia hainbat esparrutan sustatzen jarraitzea, aisialdian, arlo sozioekonomikoan, transmisioan eta teknologia berrietan, besteak beste.

Euskara sustatzea, bizkaierari garrantzia emanez

Euskarak 8.482.000 euroko partida izango du datorren urtean. Horrekin, euskararen erabilera areagotu nahi da bizitzako esparru guztietan. Hau da, euskararen erabilera sustatzen jarraitu nahi da, ezagutzan urratsak emanez. 79.000 euro erabiliko dira kirol arloan gure hizkuntzaren presentzia bermatzeko, eta 2.226.000 euro aisialdian euskararen erabilera sustatzeko. Gazteen arteko harremanetan euskara naturaltasunez erabiltzeko ahaleginetan ere 70.000 euro erabiliko dira. Arlo sozioekonomikoan lehentasun hori bermatzeko, 415.000 euro bideratuko dira, eta 1.250.000 euro ingurune digitalean euskararen erabilera-ohiturak sustatzeko.

Bestalde, 542.000 euro erabiliko dira Bizkaiko Foru Aldundia euskalduntzeko eta 1.054.000 euro udaletako euskara-zerbitzuei aholkularitza eta laguntza ematen jarraitzeko.

Bizkaierak berebiziko garrantzia izango du aurrekontuetan, 737.000 euro bideratuko baitira euskalkia indartzeko. Azkenik, euskarazko sorkuntzarako bideratutako partida 140.000 eurokoa da.

Kultura, gizartea egituratzeko ardatza

Kulturak 43.688.500 euro jasoko ditu. Bereziki, euskal kultura transmititu, garatu eta sustatzeko. Horretarako, lan-ildo hauek ezarri dira sailean: sorkuntza eta dinamismo kulturala babestea eta sustatzea, talentua eta kulturartekotasuna bermatzea, Bizkaiko ondarea babestea eta gizarte-hezkuntza aisialdi bihurtzea.

13.502.500 euro kultura-jardueretarako, 1.753.000 euro gizarte-hezkuntzako ekipamendu eta programetarako, 1.342.000 euro Foru Liburutegirako, 23.483.000 euro museoen sarerako eta haren informazioa zabaltzeko (atal horretan kontuan hartu behar dira Arte Ederren Museoa, Rekalde Aretoa eta Euskal Museoa birmoldatzeko obrak).

Bestalde, ondare higigarriaren eta arkeologiaren arlora 2.760.000 euro bideratuko dira, eta 848.000 euro Foru Agiritegira.

Kirola guztiontzat

Kirola pertsonen arteko harremanetarako, kohesio sozialerako eta balioak transmititzeko tresna dela kontuan hartuta, sailaren helburuak askotarikoak dira: pertsona bakoitzaren neurrira egindako kirola sustatzea, tokiko modalitateak indartzea, dibertsitate funtzionala duten pertsonen artean kirola sustatzea edo kirolaren munduan euskararen presentzia areagotzea, besteak beste. Gainera, berebiziko garrantzia izango du kirol-sisteman emakumeen presentzia aktiboa sustatzea; horretarako, 500.000 € gehituko zaizkio ohiko finantzaketa-lerroari. Horregatik guztiagatik, kirola herritarren bizitzaren parte izan dadin, Sailak 11.618.000 euro jasoko ditu datorren urteari begira.

Administrazio-kudeaketa erraztuz

Saileko Zerbitzu Orokorrak arduratzen dira izapidetze administratiboa herritarrei hurbiltzeaz. Organo laguntzailea eta koordinatzailea den horrek barne hartzen ditu kontrol juridikoa eta ekonomikoa, langileen kudeaketa eta kontratazioa eta Foru Plan Informatikoaren bidezko izapidetze arrunterako aplikazio informatikoen erabilera. Zerbitzu horietarako aurrekontu-partida 3.792.500 eurokoa da.