Prentsa Aretoa
2024/09/26
Bizkaiak 2027ra arte foru bide-sarean 300 berrikuntza proiektu bultzatzea aurreikusten du, 55 milioi euroko inbertsioarekin
Foru Aldundiak Bizkaiko Bide-Azpiegituren Berrikuntza eta Jasangarritasunerako 2024-2027 Bigarren Plana aurkeztu du gaur. Plan honen xedea Bizkaia mugikortasun jasangarriaren, konektatuaren, automatizatuaren eta kooperatiboaren hedapenean erreferente moduan kokatzea da.
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Bide Azpiegituren Berrikuntza eta Jasangarritasunerako 2024-2027 Bigarren Plana egin du eta gaur aurkeztu du. Plan honek azken lau urteetan garatu den estrategian sakonduko du eta bere xedea lurraldea mugikortasun jasangarriaren, konektatuaren, automatizatuaren eta kooperatiboaren hedapenean erreferente moduan kokatzea da. Helburu honekin foru erakundeak planaren barruan berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin lotutako 300 proiektu bultzatzea aurreikusten du, 55,48 milioi euroko inbertsioa eginez.
Proiektu hauek, eraginkortasunari eta efizientziari lagunduko dioten irtenbide berritzaileen bidez, bide-segurtasuna eta lurralde-garapen orekatua areagotzen lagunduko dute. Planak garrantzi handia ematen dio lankidetza publiko-pribatuari, eta hiru ardatz estrategiko ditu:
- Erabiltzaileari zuzendutako kudeaketa. Ardatz honen barruan berrikuntza-estrategia garatuko da erabiltzailearen inklusioa eta mugikortasun-esperientzia bermatzeko, aldi berean segurtasuna, egungo azpiegiturak eta erabilera-ohitura berrien araberako eskariaren kudeaketa hobetuz.
- Jasangarritasuna. Etorkizuneko erronka honetan aurrera egiteko egingo da lan, horrekin bide-azpiegiturek ematen duten zerbitzuaren maila, iraunkortasuna eta erresilientzia hobetzen direlako, ekonomia zirkularraren esparruan berrikuntzak hartuz eta aplikatuz.
- Berrikuntza teknologikoa. Ardatz honetako lana teknologia berritzaileak ezartzera bideratuta egongo da, hala nola adimen artifiziala, biki digitalak eta big data. Kasu honetan helburua garraio-soluzio seguruagoak, fidagarriagoak, eraginkorragoak eta iraunkorragoak bultzatzea da.
Hiru programa traktorek izango dute lehentasuna
Hiru helburu estrategiko hauek hamar ekintza-lerrotan hedatuko dira, eta, planaren barruan, berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzeko efektu biderkatzailea izango duten hiru programa traktoreri emango zaie lehentasuna.
Programa horietako lehena Bizkaia Connected Corridor (BCC) deritzonaren bilakaera da. Bizkaiko Foru Aldundiak korridore kooperatibo hau garatzen eta bultzatzen jarraituko du, bertan burutuko diren berrikuntza-proiektu berriak eta egingo diren probak dagoeneko baliozkotuta dauden C-ITS zerbitzuen -garraio adimenduneko sistema kooperatiboak- erabiltzaileen eskura jartzearekin batera gertatu daitezen. Programa honen barruan sektoreko eragileei BCCra iristea aginduko dieten jarraibideak ezartzen lan egingo da, bai eta programa honen barruan garatutako jakintza eta ekimenak hedatzen ere.
Bigarren programa bide-azpiegituretan datuak duen adimenarekin lotuta dago, bai eta eremu horrek eskaintzen dituen potentzialtasun eta onura guztiak, besteak beste, segurtasuna hobetzeko eta bide-sarea mantentzeko edo azpiegituraren kostuak murrizteko, aprobetxatzeko behar den trantsizioarekin ere. Era berean programa honek arlo honetan dauden erronkak lantzen jarraituko du, besteak beste, datuen babesa, elkarreragingarritasuna edo trebetasun-eskakizunak edo horiei lotutako teknologiak eta tresnak erabiltzeko kualifikazioa.
Hirugarren eta azken programa traktorea Resilient Road Mobility izenekoa da, klima-aldaketari eta etorkizunean gertatuko diren aurrerapen teknologikoei dagokienez, berrikuntza teknologikoko eta ez-teknologikoko ekimenen bidez, Bizkaiko azpiegituren erresilientzia indartzeko pentsatua.
Sektorearen aurrean BATen aurkeztea
Plan berri hau gaur aurkeztu da BATen egindako ekitaldian; aurkezpenean bide-azpiegiturekin eta berrikuntzarekin lotutako sektoreetako enpresek eta eragileek parte hartu dute. Ekitaldiaren irekieran Carlos Alzagak, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak parte hartu du eta, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbesteko garrantzia ematen dion lankidetza publiko-pribatuaren adibide gisa, bertan lehenengo planean proiektuekin parte hartu duten enpresek aurreko berrikuntza-planaren barruan garatu dituzten ekimenen berri eman dute.
Aurreko planean aurreikusitakoa baino 11 milioi euro gehiagoko inbertsioa egin zen
Ekitaldi honetan Carlos Alzagak foru erakundeak bide-sareari dagokionez abian jarritako berrikuntza planetako lehenengoaren balantzearen zifrak ere jakinarazi ditu. Plan honek hartu zuen 2020-2023 aldian 210 proiektu gauzatu dira, eta inbertsioa handitu egin da, aurrekontuan jasotako 25 milioietatik benetan erabilitako 32 milioi eurora.
Proiektu horien artean honako hauek daude:
- Bizkaia Connected Corridor (BCC) sortzea, Bizkaia teknologia- eta berrikuntza-ekosistema sortzeko lurralde bultzatzaile eta traktore bihurtzeko.
- Bide-sareko azpiegiturak IoT teknologiaren bidez sentsorizatzea.
- Bilboko portuaren inguruan C-ITS zerbitzuak hedatzea.
- Datu-ingurune komuna sortzea, elkarlana zentralizatzeko eta sustatzeko aukera emango duena.
- Errepide-sarea digitalizatzeko prozesua hastea informazio guztia bildu, aztertu eta prozesatzeko plataforma bat eskuratzeko.
- Berrikuntzarako Europako finantzaketa-programetan parte hartzea, guztira 9 proiektu garatuz. Proiektu horietan Bizkaiko Foru Aldundiak bazkide moduan parte hartu du, edo BCC erabili da proben eta testen eremu moduan.
- Lankidetza-akordioak Aclima, Build-Inn eta MLC-ITS klusterrekin ekimen berritzaileak identifikatu eta garatzeko, ondoren askotariko lantaldeak abian jartzeko eta dinamizatzeko.
Horrekin guztiarekin batera berrikuntzarako laguntza-programaren bidez 26 proiektu onartu dira, 4 milioi euroko kostuarekin eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak berrikuntza-elementuak sartu ditu kontratazio publikoaren pleguetan, eta, beraz, 2023ko lizitazioen % 98k berrikuntza-klausulak txertatu dituzte.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09