Prentsa Aretoa

2024/10/09

Itxaso Atutxa: “Azaroaren 23an amaitutzat emango dut BBBren burutzan eta jarduera publiko politikoetan egindako etapa hau”

Bizkaiko EAJ-PNVren presidenteak gaur eman du ezagutzera azken asteotan hausnartzen aritu izan den erabakia, azken egunotan “BBBrekin, EBBrekin, neure familia eta adiskide hurbilenekin” partekatu ondoren

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Azaroaren 23an egingo den Herrialde Batzarrean, non Bizkaiko EAJ-PNVren barne kargudunak aukeratzeko prozesuari amaiera emango baita “amaitutzat emango dut Bizkai Buru Batzarraren burutzan eta nire aktibitate publiko politikoetan egin dudan etapa hau”. Hala adierazi du gaur goizean Itxaso Atutxa lurralde exekutibo jeltzalearen presidenteak, Onda Vasca irratiaren mikrofonoetan. Atutxak berriro ere gogoratu du alderdikideak direla barne kargudunak proposatzen dituztenak, eta zehaztu du azken asteotan “BBBrekin, EBBrekin, neure familia eta adiskide hurbilenekin” partekatu duela, Bizkaiko alderdikideek proposatua izango balitz ere, BBBren burutzan beste agintaldi bat egiteari uko egiteko asmoa duela eta, aldi berean, bere jarduera politiko publikoei amaiera ematea.

“Ikus-entzunezkoen mundutik nator, 25 urte eman bainituen arlo horretan; konpromiso politiko agerikoa dut, alderdikide naiz 84tik; eta, nire bizitzaren beste etapa batean, arlo pertsonal eta profesionalean, ia 12 urte eman ditut Bizkai Buru Batzarraren burutzan, adierazi du. “Inork espero ez duen pribilegio honetan”, esan du Bizkaiko EAJ-PNVren presidente izan den aldiaz, 2013ko otsailaren 21ean hasi baitzen karguan “Bizkaiko alderdikideen babesa jaso dut”, baina orain “nire bizitzaren etapa bat amaitutzat ikusten dut” eta “beste bat zabalduko da”, “urte batzuk geratzen zaizkit oraindik nire lanbidean eta, beraz, normaltasun osoz bueltatuko naiz nire aurreko bizitzaren esparru horretara, egiten dakidan zerbait delako, eta espero dut , aurreko batzuetan iragarri dudan bezala, belarri gorraren gainean erori den arren, arlo horretan neure bizitza profesionala amaitzea”, adierazi du.

Itxaso Atutxak gogora ekarri duenez azken 12 urte bizi hauetan “Euskadin 13 hauteskunde bizi izan ditugu, desgaste handia eragin dutenak, bai eta arlo pertsonalean ere, baina aldi berean poztasun asko ere ekarri ditu”, eta Bizkaiko EAJ-PNV “oro har, nahiko ondo atera izan da; benetan erabakigarriak ziren garaietan, gainera”. Esate baterako “Jose Luis Bilbaok eta Unai Rementeriak 2015an Bizkaiko Foru Aldundian eraman zuten errelebo eredugarri eta erraza. Esan behar da prozesu honetan EAJ-PNVk Batzar Nagusietarako ordezkari bat gehiago lortu zuela Elkarrekin Podemos Ganberan sartu arren. Atutxak gogora ekarri ditu urte hartan Bilbon lortu ziren datu onak “Ibon Aresorekin egin zen trantsizio ezin hobearen ondoren Juan Mari Aburto iritsi baitzen emaitza ikaragarri onekin”, emaitza horiek guztiak “2019ko hauteskundeetan hobetu ziren”, zehaztu du.

Horrek denak Bizkai Buru Batzarraren burua eraman du hausnarketa baten ondorioz erabaki hau hartzera, eta egin du kontuan izanik “BBBk hauteskunderik gabeko hiru urte” izango duela aurretik. “Aspaldiko partez ez dugu gure gauzak egiteko halako aukera zabalik izan. Uste dut momentu ideala dela nik neure etapa honi amaiera eman diezaiodan eta beste bat burutzan jartzeko, gogotsu eta ilusioz beteta, lan hau benetan zirraragarria delako”, amaitu du.