Prentsa Aretoa
2024/03/23
Imanol Pradales: “Gazte gehiagori emango zaizkie etxebizitza eskuratzeko erraztasunak”
EAJ-PNVren lehendakarigaiak Euskadiko pertsona eta familia gazte gehiagoren etxebizitza-beharrei erantzuteko bi neurri berri aurreratu ditu Bilbon, Euzko Gaztedi-EGIk gaur egin duen ekitaldian. Ondoan izan ditu Oihane Agirregoitia Europako Hauteskundeetarako zerrendaburu jeltzalea eta Julen Karrion EGIkide eta Muruetako alkatea.
Imanol Pradales EAJ-PNVren lehendakarigaiak bi neurri berri eman ditu ezagutzera, Euskadin pertsona eta familia gazte gehiagorentzako etxebizitza lortzeko aukera hobetzeko eta helburu horretan erraztasunak emateko. Neurri horien bidez, gazteentzako alokairuan laguntzeko Gaztelagun eta Emantzipa programen gehieneko diru-sarrerak handituko dira, 30.000 eurotara, eta hilean 300 euroko laguntza emango da emantzipazioa bultzatzeko. “Denok amesten dugu gure lehen etxearekin. Erosketan edo alokairuan. Ilusio handiz bizi dugu etxetik alde egiteko urrats hori. Eta gazteek aukera izatea nahi dugu. Inork ez diezaiela esan zer egin behar duten. Erosi nahi badute, aurrera. Alokatu nahi badute, aurrera. Erraztasunak eman behar dizkiegu, aukerak eskaini; ez dugu trabarik jarri behar”, adierazi du. Hautagai jeltzaleak gaur goizean eman ditu jakitera konpromiso horiek, Bilbon, Euzko Gaztedi-EGIk gazteria politiken eta euskal selekzioen inguruan deitu duen ekitaldian. Bertan, Oihane Agirregoitia EAJ-PNVren Europako Hauteskundeetarako zerrendaburuak eta Julen Karrion EGIkide eta Muruetako alkateak ere hitz egin dute.
Pradalesek bere proposamenetako bi gogorarazi ditu: alde batetik, finantza-erakundeek ematen ez duten % 20a finantzatzeko abal publikoen lerro bat eskaintzea, eta, bestetik, babes publikoko etxebizitza bat eskuratzeko ezarritako diru-sarreren muga handitzea. Horiei beste bi neurri gehitu dizkio: “Oso ondo funtzionatzen ari diren programak ditugu, eta gure konpromisoa da oraindik gazteagoengana iristea. Gazteentzako alokairuan laguntzeko Gaztelagun programan, banakako gehieneko diru-sarrerak 30.000 eurora igoko ditugu. Eta Emantzipa programari dagokionez, hain emaitza onak ematen ari den 300 euroko laguntzak, banakako muga 30.000 eurora arte handituko dugu”, zehaztu du.
Bestalde, lehendakarigaiak ziurtatu du etxebizitza eskuratzea bezain garrantzitsua dela gazteei aukerak ematea kalitatezko enpleguen bidez bizi-proiektu bat eraikitzeko. “Euskadik izan behar du gazteei bizi-proiektu on bat ilusioz garatzeko aukerak eskainiko dizkien herria. Hezkuntza ona, zerbitzu onak eta, jakina, lanpostu onak bermatuko dituen herrialdea izan behar dugu. Izan ere, gure harrobia zaindu behar dugu,gaur egun Euskadin lan egiten duten gazte guztiak aintzat hartu eta merezi dutena eman. Eta ondo ordaindu behar zaie. Lanpostu onak, soldata onak, kontziliaziorako erraztasunak eta etengabeko prestakuntza. Hori da bilera bakoitzean enpresaburuei jakinarazten diedana. Izan ere, egiten badugu, guztiok irabaziko dugu. Herri gisa irabaziko dugu”, amaitu du Pradalesek.
Bilboko Indautxu plazan EAJ-PNVko gazteek antolatutako ekitaldira bildu diren 300 pertsona inguruk hautagaiari bere galderak, kezkak eta gogoetak zuzenean azaltzeko aukera izan dute. Formatu hori oso positibotzat jo dute parte-hartzaileek, hurbiltasunez eta arintasunez egin baita.
Oihane Agirregoitia Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNVren zerrendaburuak kirolaren eta Euskal Selekzioaren eta Uruguairen arteko futbol partidaren inguruan eraiki du bere gaurko hitzaldia. Aldarrikatu duenez, “Euskadin selekzio nazional propioak izan nahi ditugu eta Herri gisa lehiatu nahi dugu. Horregatik, nazioa garela aitortu behar zaigula esaten dugunean, kirol arloan ere hala izan behar duela esaten dugu. Horregatik da gaurkoa hain egun garrantzitsua”. Era berean, beste esparru askotan bezala, “kirolean ere berdintasunean aurrera egin dugu, baina oraindik gehiegi dago egiteko; iraupen lasterketa da. Berdintasuna kirolean ez da ameskeria bat, mundu bidezkoago, inklusiboago eta osasungarriago bat eraiki ahal izateko beharra da”, esan du, “euskal selekzioetan lehiatzen diren eta gure errekonozimendu eta babes osoa merezi duten emakume horiek guztiak” gogora ekarri aurretik.
Julen Karrion, EGIkide eta Muruetako alkateak aditzera eman duenez, kirola ere bada “pertsonak helburu komun baten inguruan batzeko duen gaitasuna eta herri gisa dugun nortasuna adierazteko bitarteko indartsua. Ez al du merezi Euskadik nazioartean ahots propioa izatea? Ezin al geniezaioke munduari erakutsi gure trebetasuna eta grina gure ikurrinaren azpian? Nik baietz diot”. “Euskal selekzio guztien ofizialtasuna errebindikatzen dugu, nazio aitorpenerako elementu gisa, eta Euzko Alderdi Jeltzaleak zeregin horretan duen konpromisoa berretsi nahi dut. Badakigu legez posible dela, baina guztion lanarekin egin beharko dugu. Kirolariek aldarrikapenari eutsiz, politikariek eskakizuna eginez eta aukerak aprobetxatuz, eta, jakina, gizarteak, bere aldetik, eskari bihurtuz”.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09