Prentsa Aretoa
2024/03/21
Imanol Pradales: “Nahi ez den bakardadearen aurkako euskal programa berariazkoa abian jartzeko konpromisoa hartzen dut”
‘Euskadi Think Next‘ berrikuntza politikoaren laborategiaren azterketa eta hausnarketarako beste jardunaldi bat egin da Tabakaleran; ehun eta berrogeita hamar pertsonak baino gehiagok parte hartu dute mintegian
Argazkiak...
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Imanol Pradalesek, EAJ-PNV alderdiak proposatutako lehendakarigaiak, amaiera eman dio gaur Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan ‘Euskadi Think Next’ ekimenak «Giza garapen iraunkorra eta zaintza-sistemaren etorkizuna» aztertzeko eta gogoeta egiteko antolatu duen topaldiari.
Jardunaldiaren amaieran, Pradalesek mintegian azaleratu diren oinarrizko ideiak eta ondorioak bildu eta laburrean azaldu ditu. Mintegian, jasangarritasunaren eta mendetasun-egoeran dauden herritarren beharretara egokitutako zaintza-sistemaren inguruako adituen hitzaldiak entzun ditugu.
Imanol Pradalesek zaintza-eredu inklusiboago, bidezkoago eta iraunkorraren aldeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek aurten bertan sinatutako Zainketen aldeko Herri Itunaren barruan. Eredu horretan aurrera egiten jarraitu behar dela adierazi, eta ondoko alderdiak nabarmendu ditu hobekuntza-eremua: sektoreko enpleguaren kalitatea hobetzea eta genero-berdintasuna sustatzea, «zaintzaren erantzukizuna ezin baita emakumeena izan gizarte osoaren erantzukizuna da», eta zaintza eskubide eta erantzukizun kolektibotzat hartzea.
Mintzaldian, Pradalesek nabarmendu du beharrezkoa dela nahi ez den bakardadearen egoerari aurre egiteko jardutea. Azaldu duenez, bakardadea edo tristura sentitzen duten 75 urtetik gorako pertsonen ehunekoa % 4tik % 8ra hazi da Euskadin bost urte. «Gure gizartea enpatikoa da, eta laguntza behar duten pertsonak aintzat hartzen eta artatzen ditu. Eta nahi gabeko bakardadean dauden adinekoek laguntza behar dute. Erakundeak eta gizarte-ehuna hor egongo dira sufrimendu hori arintzeko. Betebehar morala da, betebehar kolektiboa. Horregatik, nire konpromisoa da nahi ez den bakardadearen aurkako euskal programa berariazkoa abian jartzea, bizitzako aldi guztietan, Eusko Jaurlaritzaren lidergoa baliaturik eta udal zein foru-aldundiekiko lankidetzan, bai eta hirugarren sektore sozialaren eskutik ere, egun daukagun lankidetza publiko-sozialeko eredu egokia baliatuta», iragarri du Pradalesek.
Juan Jose Ibarretxek, Agirre Lehendakaria Centerreko (ALC) presidenteak eta, 1999-2009 aldian, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria izandakoak giza garapen iraunkorrak Euskadiren etorkizunean daukan garrantzia azaldu du, eta zaintza-sistemaren eraldaketa sustatzeko deia egin du, «zaintza-sistema eraldatzen badugu, gizartea eraldatuko dugulako», ziurtatu duenez.
Ibarretxek nabarmendu du oso garrantzizkoa dela pertsona helburu duen arreta-eredua izatea, non zaintza gure gizartearen funtsezko zutabetzat aitortzen den.
Beste alde batetik, Maider Azurmendi Matia Fundazioko etxez etxeko eta komunitate arretako zuzendariak azaldu duenez, «zaintzaren kultura auzo eta udalerrietan lantzeak berebiziko garrantzia dauka»; izan ere, laguntza eta zaintza behar dugunean, gehiengoaren erantzuna «zaintza ohiko ingurunean jasotzeko aukeran datza, etxean, eta etxean ezin bada, gu partaide garen komunitatearen barruan eta etxean». «Tokiko ekosistema» deiturikoak dira.
Azurmendik ziurtatu duenez, «udalaren lidergoa giltzarria da eraikuntza horretan». Etxeko arretaren inguruko adituaren arabera, «oso garrantzitsutzat jotzen da beharrezkoa den guztia ardaztuko duen ‘erreferentziako profesional’ bakarra izatea, norbanakoak behar duen arreta osoa izan dezan, ez zatika, bizi-proiektua pertsona bizi den tokian bertan garatu ahal izateko. Erreferentziako profesional horrek, dena delako kasua kudeatuta, pertsonak ekosisteman eskura izan dezakeen guztia errazten du. Helburu nagusia nork bere plana izatea litzateke, plan bakarra, hain zuzen. Eskubidez dagozkion prestazioak eta zerbitzuak izatea. Komunitateko sareak eta hurbileko zerbitzuen sareak eman diezaioketan guztia eskura izatea».
Matia Fundazioko etxez etxeko eta komunitateko arreta arloko zuzendariak nabarmendu duenez, «eragile guztiak beharrezkoak dira ekosisteman eta haien parte-hartzea kontuan hartzen da», baina eragile nagusiak «laguntza behar duten pertsonak dira»; ez ditugu ahaztu behar, baina, «laguntza eta/edo zaintza ematen dituzten pertsonak», senideak direla, profesionalak direla.
Azkenik, Maider Azurmendik ekosistemako beste eragile batzuek beteten duten eginkizuna azpimarratu du: «anbulatoriotik hasita (koordinazio soziosanitarioak daukan garrantziagatik), etxez etxeko arreta-zerbitzuetan eta eguneko zentroetan eskaintzen den arretaraino» –autu horretan, zerbitzu horiek ere eraldatzea eskatu du, pertsona bakoitzari erantzun pertsonalizatua eta egokia emateko–. Azurmendik adierazi duenez, «beharrezkoa da, era berean, foru-eskumeneko zerbitzu espezializatuen parte-hartzea (aldundiarenak, tokiko garapenaren bideratzaile diren aldetik), laguntza-produktuena, zaintzen dituztenei laguntzeko zerbitzuena, komunitatearena berarena, auzo-sareena, ingurune lagunkoiena (saltokietan, botiketan, kultura-, kirol-ekipamendu eta abarretan eman daitekeena...) eta abar».
«Gizarea» eredua
Jarraian, Fidel Molina Lares-Euskadi Adinekoen Arretarako Egoitzen eta Zerbitzuen Euskal Elkarteko idazkariak «Gizarea» arreta-ereduaren balioa azpimarratu du. Eredu horrek harremanak ditu ardatz, eta «pertsona helburu daukan arreta-ereduari leku egokia ematen dio».
«Zaintzan aritzen garenok, zainketen inguruan adituak izateaz gain, harreman pertsonalen inguruan ere adituak izan behar dugu, eta hori da garrantzitsuena gure lanean eta xedean», adierazi du Lares Euskadiko idazkariak.
Halaber, Fidel Molinaren ustez, «zaintza eskubideetatik haratago doa», eta lotura handia dauka «bestea oinarrizko balio gisa maitatzearekin».
Azkenik, «bestelako egoitza-eredu bat» eskatu du, «koordinazio soziosanitarioak eta erakundeen eta sektore solidarioaren arteko batasunak guztiontzako zerbitzu irisgarria izan dezagun ahalbidetuko duena». «Egoitzak ez dira ospitaleak. Bizitzaren amaiera kalitatez eta atsegintasunez bizitzeko eredu baterantz abiatu beharra dugu», adierazi du.
Claudia Favela, Ignacio Ellacuria Fundazioko Babelgo Dorrea topaketa eta ahalduntze taldeko koordinatzaileak, «euskal gizartearen zaintza-beharraren herena baino gehiago konpontzen lan handia egiten duten atzerriko jatorria duten hainbeste emakumeri» balioa eman die. Claudia Favelak adierazi duenez, Zaintzaren aldeko Euskal Itunari esker, «zaintza-eredu komunitario honi esker, zaintzen ari direnak zaintzea lortzen da kalteberatasuna aintzat hartuta». Horretarako, Favelaren iritziz, «beharrezkoa da Atzerritarrei buruzko Legea eta haren erregelamendua malgutzeko bidea jorratu behar dugu, etxeko enpleguaren arloko lan-eskubideak bermatu eta hobetzeko, prestakuntzarako sarbidea malgutzeko eta herritar guztiak sentsibilizatzeko. HOrrez gain, etxeko langileak eredu horretan sartu behar dira, eta ez dira utzi behar gure gizartean dauden zaintza-merkatuaren legeen eta jardun diskriminatzaileen (eta, batzuetan, lan-esplotaziorako salerosketaren) mende».
Halaber, Babelgo Dorrea topaketa-taldeko koordinatzaileak ondokoa eskatu du: «etxean ikuspegi komunitarioa erabiliz egiten den zaintzak bermatu behar du pertsona baten 24 orduko zaintza-beharrak hainbat eragilek beren gain hartzea, barneko edo kanpoko etxeko langile batek baizik, zerbitzua esternalizatuta. Horrela, lan-esplotaziorako eta gehiegikerietarako baldintzak betikotzen direlako».
Claudia Favelaren arabera, «sentsibilizazio-kanpainak egin behar dira, bai eta familia enplegatzaileekin eta horien senideak zaintzen dituzten etxeko langileekin hitz egin ere. Egun dauden zaintza-prestazioei eta baliabideei buruz hausnartu behar da, bai eta familiei eta langileei laguntzeko modu berriei buruz ere. Laguntza eman eta konpromisoa eskatu behar zaie zaintzan kontratatutako pertsonen eskubideak betetzen direla bermatzeko. Eta, jakina, langileei babesa eman behar zaie, euren eskubideak defenda ditzaten».
Xabier Barandiaranek, EAJ-PNV alderdiaren Berrikuntza Politikoaren arduradun eta 'Euskadi Think Next' ekimenaren zuzendariak, eta Sabino Arana Fundazioaren presidente eta EAJ-PNV alderdiaren EBBko idazkari Mireia Zaratek aurkeztu dute alderdi jeltzaleak eta Sabino Arana Fundazioak Euskadiren egungo eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko gune irekia den ‘Euskadi Think Next’ ekimenaren jardunaldi berri hau.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09