Prentsa Aretoa

2024/03/08

Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean

rss Ezagutzera eman
Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean

ARGAZKIA JAITSI

Ostiralean, Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 1977ko abenduaren 16an erabaki zuen egun hau izango zela emakumeenganako diskriminazio guztiak desagerrarazteko beharra aldarrikatzeko eguna, bai eta beren ahalduntzea sustatzeko eta gizartean beren partaidetza osoa lortzekoa ere. EAJ-PNV osatzen dugunok gaur adierazi eta berritu nahi dugu emakume eta neskatoen eskubideen sustapen eta babesarenganako dugun konpromiso irmoa;  gure konpromisoa emakume eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorrarekin eta alderdi material eta sinbolikoan, zein balioa neurtzerako orduan,  emakumeek oraindik pairatu behar duten desparekotasuna desagerrarazteko politika publikoekin.

Emakume abertzaleok sekula ez gara bizi izan gure herri eta hirietan gertatzen denetatik aldenduta. Ez gaur ezta gure ibilbide politikoaren hastapenetan ere. Duela 100 urte luze, EAJ-PNVren baitan, Emakume Abertzale Batza (EAB) sortu zen, penintsulan emakumeek eratutako lehen erakunde politikoa. Bere sorreratik, Emakume Abertzale Batzak zeregin esanguratsu eta aktiboa izan zuen aberrigintzaren  askotariko arlotan, hala nola hezkuntzan, prestakuntzan, emakumeen lidergotzan, literaturan, kulturan eta euskaran. Lidergo, ahalduntze eta partaidetzaren sinbolo gisa, EABk emakumeen arteko ahizpatasuna sustatu zuen, emakumeon zeregina esparru pribatura mugatuta zegoen garaian, esparru publikorako ateak itxita baikenituen.

1933an Tolosan  egin zen Aberri Batzar historikoan, Euzko Alderdi Jeltzaleak bere Aberri Estatutuetan (4. 4rtikuluan) jaso zuen  emakumeak alderdikidetu ahal izango zirela, emakume eta gizonen arteko eskubide-berdintasuna ezarriz. Hala, EAJ-PNV aitzindari bilakatu zen gainerako alderdi politikoen artean berdintasunaren aldeko borrokan. Nazioarteko komunitateak ondoren jasoko zuen kausa honen aldeko aldarrikapena   Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, non adierazten zen pertsona bakoitzak izan zezakeela bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko aukera, zuzenean edo askatasun osoz aukeratutako ordezkarien bidez, berdintasun-baldintzetan egin ere.

Hamarkadak igaro dira harrezkero, eta ebidentziak erakusten digu aurrerapauso handiak eman ditugula, baina baita ere oraindik bide luzea geratzen zaigula emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortu arte. Egungo desparekotasun hau da gizarte gisa daukagun erronkarik handienetakoa. Eta erronka honetatik onik  eta garaile atera gaitezen, gure ahalegin guztiak jarri behar ditugu balore berdintzaileagoetarako jauzia bultzatzeko, hezkidetza deitzen dugun horretan baliabide gehiago jarriz, zaintza parekidetasunez geureganatuz,berdintasunaren aldeko sentsibilizazioa eta emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzeko lana sustatuz, bereziki belaunaldi gazteen artean.

Martxoaren 8 honetan bereziki azpimarratu nahi dugu zaintzaren gaia. Aitortu behar dugu orain arte nagusi izan dugun ereduak familien eta batez ere emakumeen ardurapean jarri izan dituela zaintzarekin zerikusia duten ardurak. Eredu bidegabea da, desparekotasuna biderkatzea eragiten duena. Eta, desparekotasun hori areagoa da emakume migratzaileen artean, lan hauetara dedikatzen diren erdiak etorkinak direlako. Zaintzaren eredu publiko eta komunitariorako bidea egin behar dugu, lidergo publikoan eta erantzukidetasunean oinarrituta.

Zaintza-lana aitortzea dakarren ereduaren alde egiten dugu, bai eta sustatu ere, soldata duina barne, familien zama arinduz -zaintza jasotzen duten pertsonen eta zaintza ematen duten familien aukerakoa izan dadin, eta sekula ere ez inposaketa-, haiei babesa emanez eta kasu bakoitzean erakundeek eta familiak ematen duten zaintza uztartuz eta erantzukizun publikoko zerbitzu eta prestazioak handituz.

EAJ-PNVri dagokionez, emakumeen partaidetza aktiboa sustatzen jarraituko dugu, emakumeak eta gizonak berdintasun-egoeran egon gaitezen maila guztietan. Emakumearen partaidetza aktiboa ezinbestekoa da berdintasuna lortzeko eta, ondorioz, garapen jasangarria, bakea eta demokrazia erdiesteko ere.

Azkenik, EAJ-PNVren EBB honek gure alderdikide guztiak animatzen ditu Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dugun Martxoaren 8aren kariaz deituko diren mobilizazio guztietan parte hartzera.