Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2024/02/08

Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea onartu da, akordio zabalarekin eta neutraltasun klimatikoa lortzeko helburuarekin, “inor atzean utzi gabe”

“Euskadi jasangarria, berdea, ingurumena errespetatzen duena eta garapen sozial, ingurumeneko eta teknologiko-industrialarekin konprometitua dagoena nahi dugu”, adierazi du Unai Grajales EAJ-PNVko legebiltzarkideak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Legea errealitate bat da jada. Eusko Legebiltzarrak gaur goizean onartu du Arau berria, Ganberaren baitan akordio zabal batekin sortu dena – EAJ-PNVk, PSE-EEk eta EH Bilduk aldeko botoa eman dute- eta beroketa globalari aurre egiteko eta eredu energetiko berri baterantz eboluzionatzeko Euskadiko tresna nagusia izateko helburua duena. "Euskadi jasangarria, berdea, ingurumena errespetatzen duena eta garapen sozialarekin, ingurumenarekin eta teknologiko-industrialarekin konprometitua dagoena nahi dugu. Hori guztia, inor atzean utzi gabe", adierazi du Unai Grajales EAJ-PNVko legebiltzarkideak Gasteizko Ganberan.

Lege berria, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatua, bat dator arlo horretan dauden nazioarteko araudiekin, Lehendakariak sinatutako 2019ko Larrialdi Energetikoaren Adierazpen Instituzionalarekin eta Legebiltzarrean 2019an onartutako Jasangarritasun Energetikoaren Legearekin. Euskadik esparru juridiko egonkorra izango du 2050erako klima-neutraltasunaren helburua lortzeko.

Arauaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren autonomia energetikoa areagotzea, geopolitikaren gorabeherak hobeto saihesteko, kontsumoak murrizteko eta eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko. Baina, batez ere, Euskadin iturri energetiko autoktono eta berriztagarrietan oinarritutako sistema energetikoa bultzatu nahi du. Zentzu horretan, gai honetan aurrera egiteko landu beharreko sektoreetako bat arlo soziala dela esan du legebiltzarkide jeltzaleak: "aldaketa klimatikoaren eta deskarbonizazioaren aurkako borrokan adostasun osoa dago, baina egiteko moduak eztabaida korapilatsuak sortzen ditu, beti positiboak ez direnak", gogorarazi duenez. "Ez da nahikoa zerbait teorikoki edo hobetzeko ideia lauso gisa nahi izatea. Erabakiak hartzea eta aukeratzea dagokigu. Hemen eta orain jardutea Euskadiren energia- eta ingurumen-etorkizuna bermatzeko hurrengo belaunaldientzat".

Deskarbonizazioaren eremuan, herrialdeak duen ibilbide-orria Legeak definitzen du, eta bereziki azpimarratzen du "inor atzean utzi gabe". Horregatik, Unai Grajalesek azaldu du "trantsizioak bidezkoa izan behar du edo ez da izango; izan ere, aldaketa bat bermatu behar dugu, eta aldaketa horrek, aldi berean, ez du hipoteatuko, erremediorik gabe, gure teknologia- eta industria-sareak sortzen duen ongizatearen eta bizi-kalitatearen iturria, zeinak enplegua, aberastasuna, bizi-kalitatea eta etorkizuna sortzen baititu euskal gizartearentzat". Era berean, EAJ-PNVko legebiltzarkidea ziur agertu da trantsizio energetikoa aukera paregabea dela euskal industriarentzat. "Energiaren sektoreko garapen teknologiko eta industrialaren ezagutza- eta erreferentzia-gunea izan nahi dugu. Sare elektrikoak, hidrogenoa, teknologia berriztagarriak (eolikoa, fotovoltaikoa, itsas berriztagarriak oro har), mugikortasun elektrikoa, energia elektrikoa biltegiratzea... ez da hori egiten dugun lehen aldia: mundu osora esporta daitekeen teknologia propioa sortzea".

Neurri zehatzak eta finantzaketa

Gaur onartutako Arauak ekintza zehatzak jasotzen ditu. Gobernantzaren esparruan, adibidez, Ingurumeneko Aholku Batzordeari eta Ingurumeneko Herritarren Batzarrari ahalmenak ematen dizkie; Batzorde Zientifiko bat sortzea sustatuko du; eta Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Euskal Bulegoa bultzatuko du. Berotegi-efektuko gasak murrizteko, energia-eraginkortasuna handitzeko edo energia berriztagarriak ugaltzeko Legearen helburuak eta konpromisoak ere finkatu dira Euskadin. Era berean, energia berriztagarriak bultzatzeko eta energia horiek eskuratzeko erraztasunak emateko neurriak jasotzen ditu testuak.

Finantzaketari dagokionez, Legebiltzarreko akordioak energia berriztagarrien kanon bat sortzea jasotzen du, 2025eko urtarrilaren 1ean aplikatuko dena eta instalazio fotovoltaikoei eta aerosorgailuei modu desberdinean eragingo diena. Era berean, horrelako instalazioak bultzatzen dituztenek instalatzen diren udalerriei (edo mugakideei) gutxienez instalazioen %20 eskaintzea erabaki da. Ikuspegi energetikoa eta klimatikoa ere islatuko da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu publikoetan, horrelako ekimenetara horien %2,5 bideratzeko konpromisoarekin.

Next Euskadi