Prentsa Aretoa

2023/07/11

Ezkerraldeko industriaren alde egiten duen apustuari eutsi nahi dio EAJ-PNVk, “politika industrialik onena da existitzen ez dena” esaten zuen PSOEren aurrean

Aitor Estebanek eta Andoni Ortuzarrek deitoratu dute ez Sánchezek ezta Feijóok ere ez zutela beren arteko eztabaidan ‘Euskadi‘ hitza ahoskatu, eta jeltzaleek U-23koa igarota planteatuko dituzten exijentziak aurkeztu dituzte: “Euskal autogobernua erabat errespetatzea, printzipio demokratikoak eta eskubideak erabat errespetatzea eta errespetu absolutua euskal hiritargoaren gehiengoaren eskarientzat”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Sasoi batean, eskualde hau zen Euskadiko produkzioaren bihotza. Enpresa kopuru handi bat zegoen eta milaka langilerentzako lana zegoen. Europako mugak zabaldu ziren, produktuak ez ziren lehiakorrak eta industria denak banan-banan erori ziren. Eta orduan entzun genuen esaldi hura ‘politika industrialik onena da egiten ez dena’. Ministro sozialista batek esan zuen, Solchagak. Hitzez hitz bete zuten, eta horren ondorioak ordaindu genituen hemen bizi eta lan egin nahi genuenok. Sozialisten arduragabekeria izan zen gure industriari akabua eman ziona. Hura ez genuke ahaztu behar. Zorionez, gaur egun gure Ezkerraldeak une benetan ona bizi du alderdi ekonomikoan, eta hemengo industriak enplegua ematen die milaka pertsonei. Eta, aldaketa hori, nori esker eman den? Euskal erakundeek hamarkadatan eginiko lanari esker, egiten den politika industrialari esker, politika industrialik onena delako egiten dena. Hementxe erakutsi dugu hori. EAJ eredua!”.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Sestaon aldarrikatu du gaur Ezkerraldeko eta Meatzaldeko industriaren alde EAJ-PNVk lideratzen dituen erakundeek azken hiru hamarkadetan egin duten apustu sendo eta irmoa, eta ohartarazi du talde jeltzalea Madrilen egotea inoiz baino beharrezkoagoa dela momentuan momentuko Gobernu zentralak eskualde hori berriro ere baztertuta utz ez dezan. Sestaoko Kasko Plazan egin den mitin politiko batean, Euskal Taldearen bozeramaile eta Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Aitor Estebanek adierazi duenez, EAJ-PNVko emakume eta gizonok “erantzukizunez jokatuko dugu, baina inoren makulu izan gabe. EAJ Euskadiren zerbitzura dago, bere egitasmoaren zerbitzura eta euskal herritarren zerbitzura. Eta inork gure botoak nahi baditu, erantzuna eman beharko die gure planteamenduei , hitzartu beharko du eta bermeak eman”.

Pedro Sánchezek eta Alberto Feijóoren artean bezperan eginiko eztabaidan ez bezala, Ortuzarrek eta Estebanek bai hitz egin dute Euskadiz: “Azken legealdi honetan EAJ Madrilen izan ez balitz, milaka euskal enpresek beren ateak itxi egin behako zituzketen Gobernu zentralak indarrean jarri nahi zituen politika okerren ondorioen eraginez”, gogoratu du Ortuzarrek. “Gogoratu, bestela, pandemia garaian dena itxi nahi zutenean, edo erakutsi zuten arduragabekeria energiaren prezioa goi-goian jarri zenean eta gure siderurgia lan egin ezinik egon zenean. Euskal Taldea izan zen mahai gainean konponbideak jarri zituena euskal enpresek zabalik jarrai zezaten eta enpleguari eutsi ziezaioten. EAJ izan zen, Pedro Sánchezen eta bion arteko elkarrizketa batean, guri kasu egitea lortu zuena”, azaldu du. “Horregatik gatoz gaur hauteskundeetan babesa eskatzera: orain arteko indarra eta ahalmena izaten jarrai dezagun Euskadirentzako gauza onak aurrera ateratzen jarraitzeko. Gu egon ezik, inortxok ere ez duelako egingo”, amaitu du.

Ortuzarrek ere egin dio erreferentzia bezperan biren artean egin zen eztabaidari. “Sinestarazi nahi digute hau dela ‘Duelo al sol’ pelikulan bezala, Sánchez eta Feijóoren artean. Baina hori gezurra da, gezur borobila. Iruzur galanta. Atzoko debatea bezalakoa”, aurreratu du. “Abantaila dutela aprobetxatu dute, indarra dutela, ahotsik eta bozgorailurik gabe uzteko, baina gero beren azal lodiarekin etorriko dira gure botoa eurentzat eskatuz. EAJrena, benetan beharrezkoa bada, oso garesti egongo da. Gurekin hitz egin nahiko duenak ukaezinezko hiru printzipiotan oinarrituta egin beharko du: euskal autogobernua erabat errespetatzea, printzipio demokratikoak eta gizabanakoen eskubideak erabat errespetatzea, eta errespetu absolutua euskal hiritargoaren gehiengoaren eskarientzat. Hiru elementu horiek ezean, EAJrekin ez da hitz egiterik egongo. Edo, bestela esanda, Vox-ekin guk ez dugu ezer esatekorik, ezta Vox-en babesa hartuko duenarekin ere. Argi eta garbi esanda. Egitez edo ez egitez, ez dugu Espainiako ultraeskuina zurituko. Vox eta EAJ antonimoak gara!”, amaitu du.

Aitor Estebanek Euskal Taldearen bozeramaileak EAJ-PNVren politikagintza aldarrikatu du “politika serioa, elkarrizketan eta akordioan oinarritua”. Hala kritikatu ditu “aurkariaren kontra egiteko erabiltzen dutenak” eta nazkatuta agertu da “ahoberokeriekin, albiste faltsuekin, joko laburrekin eta haizeak daramatzan hitzekin”. Hain zuzen ere, EAJ-PNV kokatzen da, Bizkaiko zerrendaburuaren hitzetan, “demokraziaren inboluzioaren aurka, zeinu bateko zein besteko populismo eta demagogiaren aurka”.

Ildo beretik, Estebanek hitzeman du hurrengo legealdian ere “erantzukizunez” jardungo duela jeltzaleek aurreko legealdian Sánchezen inbestiduraren alde bozkatzean egin zuten bezala, gobernuari “egonkortasuna” emateko. “Orain ere, erantzukizunez jardungo dugu. Baina EAJ ez da inoren makulua izango. Euskadiren zerbitzura dago, bere egitasmoaren zerbitzura eta euskal herritarren zerbitzura. Eta inork gure botoak nahi baditu, erantzuna eman beharko die gure planteamenduei , hitzartu beharko du eta bermeak eman. Gu gaude euskal hiritargoaren interesak kontuan har daitezen, eta ez inoren akolito izateko”, ziurtatu du. Horregatik, eta “hobeto bizitzeko daukagun tresna dugun” autogobernuaren defentsan, Estebanek EAJ-PNVrentzako botoa eskatu du “defentsarako lehen lerroa Madrilen dagoelako”, esan du.