Prentsa Aretoa

2023/05/23

Elixabete Etxanobek aukera-sektore berriak bultzatzearen alde egiten du: ikus-entzunezkoen industria, bioekonomia, ekonomia digitala eta kuantikoa eta energia

Bultzada horri esker ekonomia sustatuko da eta enplegua sortuko da, EAJren lehentasun nagusia. Arlo horretan, emakumeei, gazteei, 45 urtetik gorako pertsonei eta langabezia-tasa handienak dituzten eskualde eta udalerriei zuzendutako beste neurri batzuk ere bultzatuko ditu.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Gaur, Bizkaiko ahaldun nagusi izateko EAJren hautagaia den Elixabete Etxanobek bere alderdiak arlo ekonomikoan garatu dituen politiken balioa azpimarratu du, paper erabakigarria izan dutenak lurralde honetan sare ekonomiko lehiakor eta sendo bat errotzeko. Sare horrek aukera emango du trantsizio teknologiko-digitalaren, energetiko-ingurumenekoaren eta demografiko-sozialaren erronkei hobeto aurre egiteko. Ekonomia sustatzen eta enplegua sortzen jarraitzeko –“gure lehentasun nagusia”–, Etxanobek aukera-sektore berriak bultzatzearen alde egiten du, besteak beste, ikus-entzunezkoen industria, bioekonomia, ekonomia digitala eta kuantikoa eta hidrogenoa eta etorkizuneko energien ikerketa.

“Erronka bakoitza aukera berria bihurtuko dugu, industriaren, berrikuntzaren eta etorkizuneko ekonomiaren alde eginez. Talentua atxikitzeko eta erakartzeko ahaleginak handituko ditugu, gure enpresa txiki eta ertainen nazioarteko presentzia handituko dugu eta aukera-sektore berriak bultzatuko ditugu Bizkaia osoan: Zorrotzaurreko Ikus-entzunezko Poloa, filmaketen eta sormen-sektorearen inguruko industria oso bat sortzeko; Enkarterrin, bioekonomia ardatz duen enpresa- eta teknologia-sektore berritzaile bat; ekonomia digital eta kuantikoaren industria-lidergoa Basque Quantum estrategiaren barruan... Gainera, Energy INtelligence Center eta Ezkerraldea-Meatzaldea nazioarteko erreferente bihurtuko ditugu hidrogenoan eta etorkizuneko energien ikerketan”, azaldu du Elixabete Etxanobek. Horrez gain, hark azpimarratu duenez, proiektu estrategiko horiek arrakasta-eredu batean oinarritzen dira: lankidetza publiko pribatuan eta berrikuntza ireki eta kolaboratiboan.

Etxanobek adierazi duenez, eredu horren adibide dira AIC Boroan, automobilgintzako eta mugikortasuneko berrikuntzan liderra den zentroa, Fabrikazio Aeronautikoko Zentroa Bizkaiko Parke Teknologikoan eta EIC bera, non inbertsio publikoari esker hamar bat enpresak I+G+b proiektuak garatu ahal izango dituzten trantsizio energetikoari lotutako teknologia aurreratuetan.

Balio-kate osoa sustatzeko eta enplegua sortzeko gaitasuna duten proiektuak direla azpimarratu du hautagaiak, eta hori EAJren lehentasun nagusia dela. Ildo beretik, bere alderdiak epe luzerako langabeentzako programa espezifikoak ere ezarriko dituela adierazi du, beharrezko prestakuntza eta laguntza emanez, eta arreta berezia eskainiz 45 urtetik gorako pertsonei. Halaber, emakumeen enplegu duinetarako sarbidea sustatzen jarraituko du. Horretarako, soldata-arrakalaren aurka borrokatu eta haien lidergoa sustatuko du eta lanean aurrera egitea galarazten dizkieten oztopo guztiak ezabatuko ditu. Gainera, gazteen enplegua sustatzeko estrategia bat garatuko du. Estrategia hori prestakuntza dualean eta hezkuntzatik lanerako trantsizioa erraztuko duten neurrien ezarpenean oinarrituko da, enplegua bermatzen duten prestakuntza beken eta esperientzia profesionalaren bidez. Halaber, eskualde behartsuetarako eta langabezia-tasa altuak dituzten udalerrietarako plan espezifikoen xedapena bultzatuko du.