Prentsa Aretoa

2023/05/07

EAJ-PNVk Bilbon bildu ditu M28an Bizkaian alderdia ordezkatuko duten mila emakume eta gizon baino gehiago

Itxaso Atutxa BBBren presidentearen esanetan, “gure helburu bakarra Bizkaiko udalerriek eta lurraldeak, batera, aurrera egitea da; kohesioan, kalitatezko zerbitzuetan, enpleguan edo berdintasunean aurrera egitea”, besteak beste

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Udal eta foru hauteskundeen kanpaina hasi baino egun batzuk lehenago, Bizkaiko EAJ-PNVk hauteskunde aurreko azken ekitaldia egin du, eta datorren martxoaren 28an Alderdia hautestontzietan ordezkatzea onartu duten mila emakume eta gizon baino gehiago bildu ditu Bilbon. Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan duenez, "EAJ-PNVren helburu bakarra Bizkaiko udalerriek eta lurraldeak, batera, aurrera egitea da. Ilusioz, aukeraz beterik dagoen etorkizuna eraiki nahi dugu, batera, bizkaitar guztiekin bat eginik”. "Kohesioan aurrera egin dezatela; pertsona guztientzako kalitatezko zerbitzuak ematen aurrera egin dezatela; berdintasunean eta balioetan aurrera egin dezatela; enplegu gehiago eta hobean aurrera egin dezatela; aukerak sortzen aurrera egin dezatela, gizarte gisa aurrera egin dezagun", zerrendatu du. Eta hori gertatzeko “bermea gaur egun nirekin dauden emakume eta gizonak dira, EAJ-PNVko emakume eta gizonak”.

Guztira, udal-hauteskundeetan eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, Euskadin 2.661 zinegotzi eta 153 batzarkide aukeratuko dira, eta Bizkaia izango da hautetsi gehien izango dituen lurraldea. Horrela, bizkaitarrek 1.244 udal ordezkari aukeratuko dituzte (2019ko hauteskundeetan baino 8 gehiago) 112 udalerritan, eta Batzar Nagusietarako 51 eserleku, 4 barrutitan banatuta (Bilbo, Busturia-Uribe, Durango-Arratia eta Enkarterri).

Gaurko ekitaldiak ez du izen propiorik izan, “hemen gauden guztiok talde bat garelako; herritarrei aurkezten eta eskaintzen diegun taldea”. Talde handi hau osatzen duten pertsona guztiek “gure siglekin eta zuen herri bakoitzarekin duten konpromisoa” eskertu ondoren, Atutxak nabarmendu du EAJ-PNV dela Bizkaia osoan udal hautagaitzak aurkezten dituen alderdi bakarra. Izan ere, alderdi jeltzalea hauteskunde-zerrenda propioa duten Bizkaiko 112 udalerrietako 110etan aurkeztu da, eta salbuespenak Amoroto eta Gizaburuagari dagozkie, bertan hauteskunde-elkarte gisa aurkezten baita. “Berriro ere, harro gaude. Taldeak eta proiektuak aurkezten ditugu; herritarrei zuzenean entzuteko prozesu baten ondoren garatutako proiektuak, jasangarriak, bermatzaileak eta benetakoak, datorren ostiraletik aurrera herriz herri azalduko ditugunak”, aurreratu du.