Prentsa Aretoa
2023/04/09
Ortuzarrek euskal herritarrak deitu ditu M28an bozkatzera “aberrigintza udaletatik eta aldundietatik ere egiten delako”
Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Iñigo Urkullu Lehendakariak Bilboko Plaza Barria bete duten 5.000tik gora lagunen aurrean hitz egin dute gaur EAJ-PNVk Aberri Egunaren kariaz egin duen ospakizunean
2023.04.09_Andoni Ortuzar_Aberri Eguna
HITZALDIA - 2023/04/092023.04.09_Iñigo Urkullu_Aberri Eguna
HITZALDIA - 2023/04/09
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Gaur da Aberri Eguna. Euskal Aberriaz hitz egiteko eguna, bai eta euskal herritarrok gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubideaz ere. Eta argi eta garbi esateko ‘EAJ eredua’ dela aberria egunez egun eraikitzea. Gure burujabetza egunez egun berreskuratzen eta lantzen dugula, eta lan hori bereziki euskal erakundeetatik egiten dugula. Euskadi behetik gora eraikitzen delako, Udaletatik, Batzar Nagusietatik. Herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira, legitimitate berezia dutenak. Horregatik, 2023ko Aberri Egun honetan, Euskal Aberriaz hitz egitea da hurrengo udal eta foru hauteskundeez eta Nafarroako hauteskundeez hitz egitea. Emaitza onak ateratzen baditugu, hurbilago egongo gara gure helburutik, beste maila bat igoko dugu Euskadiren askatasuna lortzeko eskaileran. Alkate abertzale gehiagorekin, batzarkide abertzale gehiagorekin, ahaldun nagusi abertzale gehiagorekin, zalantzarik ez dago Euskadik Nazio gisa aurrera egingo duela. Horregatik guztiagatik, maiatzaren 28ak berriro ere izan behar du Aberri Eguna”.
Hauxe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Aberri Egunaren kariaz talde jeltzaleak egin duen ospakizunean Bilboko Plaza Barria berriro ere txiki utzi duten EAJ-PNVko alderdikide eta alderdizaleei luzatu nahi izan dien mezua. Izan ere Aberri Egunaren 91. edizioa egin du gaur talde jeltzaleak. Ortuzarrek hitz egin aurretik hitza hartu du Iñigo Urkullu Lehendakariak eta taula gainetik ziurtatu duenez “Euskal herritarrok nortasun propioa daukagu, irekia eta mundura begira, eta Europaren baitan garatu nahi dugu”.
Ekitaldian hitza hartzean, Ortuzarrek esan du EAJ-PNVk 91 urte daramatzala Aberri Eguna ospatzen. Hain zuzen ere, ospakizun honen bigarren edizioan, 1933an, milaka abertzalek Donostiako kaleetatik aldarrikatu zuten gaur egun indarrean jarraitzen duen goiburua: ‘Euzkadi-Europa’. “Madrilen koloniak galdu izanagatik doluz eta penaz zeuden bitartean eta inperioa izatearekin ametsetan bizi ziren bitartean, gure jendea iparraldera begira zegoen. Iparra zen demokrazia, aurrerabidea, askatasuna. Eta gure iparra izaten jarraitzen dute askatasunak, demokraziak eta aurrerabideak”, baieztatu du. Europari dagokionez, Errusiak inbaditu eta urtebetera, Ukrainak nazio independente izaten eta zutik jarrai dezan Europar Batasunak izan duen zeregin erabakigarria azpimarratu du buruzagi abertzaleak. “Askotan gogorrak gara eraikitzeko bidean dagoen Europa honekin. Ez da guk nahiko genukeena, ezta Agirre Lehendakariak edo Javier Landaburuk hain erromantikoki pentsatu zutena ere, Euskadi bezala Estaturik ez duten errealitate nazionalekin bat egiten ez duelako. Hori horrela da, baina egia ere bada Europa dela mundu osoko askatasun-, giza eskubideekiko errespetu- eta gizarte-justizia-esparrurik handiena. Horregatik, duela 90 urte bezala, gaur harrotasunez aldarrikatzen dugu Europako Alderdi Demokratako kide garela, europarrak eta europazaleak garela, eta Atlantikoaren eta Pirinioen arteko txoko txiki honetatik herri hau beti egongo dela Europarekin, demokraziarekin eta aurrerapenarekin. Euskadi Europako nazio bat da!”.
Europako bihotzean gatazka beliko batek eragindako ziurgabetasun ekonomiko, politiko eta sozial handiko testuinguru honetan, Ortuzarrek uste du egun hauetan milaka euskal herritarrek merezitako oporrak gozatu ahal izatea dela Euskadiko herritarrek “gure zerbitzu publikoetan konfiantza izatearen ondorio; konfiantza dute hemen gauzak oso txarto jarriko balira, hemen inor babesik gabe utziko ez duten sarea dagoela; konfiantza dute gure erakundeak zuzentzen dituzten emakume eta gizonek egunero lan egiten dutela gauzak ondo joan daitezen eta aberastasuna sortu ahal izan dezagun, ondoren zuzentasunez banatzeko. Aste honetan bertan enpleguaren datu onak ezagutu ditugu. 2008ko krisia baino lehenagoko datuetara iristen ari gara. Albiste bikaina da hori. Horixe da bidea, horixe da EAJren ibilbide orria: konfiantza, lana, konpromisoa. EAJ eredua”, aldarrikatu du.
M-28ko hauteskundeei begira, Ortuzarrek EAJ-PNVren benetakotasuna aldarrikatu du beste alderdi politikoen itxura aldaketaren aurrean. “Jakina modernizatu behar dela, garai berrietara moldatu, bai eta teknologia berrietara ere… baina bakoitzak bere benetako izaera galdu gabe, zarena ezkutatu gabe. Hauteskundeak iristen direnean alderdi politiko eta koalizio politiko batzuek transformismo-ariketa egin ohi dute, gauza bat izan arren bestelakoa direla erakusteko, jendeari iruzur egin nahian. Palestinoa, polarra eta motozerra-orrazkera armairuan sartu eta diseinuko jakak eta markako elastikoak janzten dituzte eta inoiz hutsik egin ez izanaren aurpegia jartzen dute. Kontuz ibili transformista horiekin. Barrutik betiko berberak dira. Manikoak dira horiek, Armaniz jantzita joan arren. Memoria izan dezagun!”, ohartarazi du buru abertzaleak. Ortuzar kaikuz jantzita etorri da gaur, hain zuzen ere EAJ-PNVren benekotasuna aldarrikatzeko eta hurrengo hauteskundeei begira alderdikideak eta alderdizaleak mobilizatzeko. “Begiak ireki eta oso adi egon behar dugu, oso kontzentratuta hauteskundeetan. Kaikua eta abarketak: orain posta bidezko botoa, ondoren etxez etxe, herriz herri, eta maiatzaren 28an Aberri Eguna berriz ere. Mobilizazioa eta lana! Gure eskuetan dago. Euzko Alderdi Jeltzalea gara eta aurpegia emango dugu Euskadiko bazter guztietan. EAJ-PNV alderdi jator-jatorra da!”, amaitu du.
Iñigo Urkullu Lehendakariak hitza hartzean nabarmendu duenez, “nortasun propioa dugu, mundura irekia eta Europaren baitan garatu nahi duguna”. Ildo beretik gaineratu duenez, “gure autogobernu sistema da herri gisa dugun nortasunaren adierazpen argia. Autogobernuak islatzen du nortasuna zaintzeko, ongizatean eta bizikidetzan aurrera egiteko eta komunitate politiko bereizi eta berezi bat eraikitzeko modu bat.Hori defendatzea, babestea, garatzea, berritzea, aurrera egitea eta proiektatzea da gure konpromisoa”. Euskadik nazioartean duen protagonismoa azpimarratu du Urkulluk bere hitzaldian. “Nazio Batuen Erakundean, 2030 Agendarekin eta munduko erakunde horrek Euskadin izango duen egoitza berriarekin; Europako Batasunaren barruan, non 72 saretan lan egiten dugun; Arku Atlantikoaren Batzordea eta Pirinioetako Lan-Elkargoa lideratuz; bai eta Euro -Erregioan ere, Nafarroa eta Iparralderen eskutik lan eginez”. Aldi berean, Lehendakariak gogora ekarri duenez, Euskadik “bost herrialdetan lideratzen du Ardatz Atlantikoko Makro erregioa eratzeko proposamena, Europako agendan gure zentraltasunari eusteko eta Europako erakundeetan parte hartzeko aukera bultzatzeko Europan legegintza-gaitasuna duten beste hamasei erregiorekin batera, subsidiaritate printzipioan oinarritutako maila anitzeko gobernantza aldarrikatzen”.
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/02