Prentsa Aretoa

2023/04/01

Ortuzarrek EGIri: “Batzuk pankarta-dantzan ari diren bitartean, zuek Euskadi zuzenagoa, oparoagoa eta askeagoa eraikitzen duzue erakundeetatik”

EAJren gazte erakundeak Guardian egin duen EGI Egunean, EBBren presidenteak gazte jeltzaleei gogora ekarri nahi izan die M-28ko hauteskundeen helburua dela “Euskadi eraikitzea herritarrengandik hurbilen dauden erakundeetatik” eta “herritarrei argi eta garbi azaltzea EAJ hemen dagoela, jende prestatua duela, ideiak ere, egungo ziurgabetasun egoeratik onik atera gaitezen”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Pankarta-egile izatea edo zinegotzi izatea, zer da gizarteari gehien laguntzen diona? Zer da herrigintza? Zerk hobetzen du bizi kalitatea, euskara, gazteen emantzipazioa edo etxebizitza eskuratu ahal izatea? Zarataka ibiltzea eta gure kaleak pankarta eta paperekin zikintzea… edo erakundeetan integratzea eta politikak aldatzea, emakume eta gizon gazteek eraikiko duten Euskadi askea hainbat arinen lortzeko? Nik argi baino argiago daukat: bigarrena aukeratzen dut. Beraiek jarrai dezatela beren pankarta-dantzarekin: zuek, erakundeetatik, Euskadi zuzenagoa eraikitzera, Euskadi oparoagoa, askeagoa”. Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur bertan EGI Egunaren inguruan batu diren Euzko Gaztediko 500 bat alderdikideri luzatu nahi izan dien mezua. Gazte jeltzaleen egunaren aurtengo edizioa Guardian ospatu da gaur bertan. Gazteen aurrean hitza hartu duenean, Ortuzarrek aldarrikatu ditu EAJko emakume eta gizonen estrategia, “toki zuzenean eta bide zuzenetik doana”, Ezker Abertzaleko gazteek hartu duten bidearekin alderatuta, bando bitan zatituta baitago “txosnengatik eta horietatik ateratzen den diruarengatik elkarri mokoka ari direlako”.

Aurre-kanpainan murgilduta, Ortuzarrek EAJ-PNVko gazteekin elkartu dela aprobetxatu nahi izan du maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen garrantzia nabarmentzeko. “Hauteskunde hauen xedea da Euskadi urratsez urrats eraikitzea, behetik gora. Auzoetatik hasita, herrietatik hasita. Herritarrengandik hurbilen dauden erakundeetan inplikatuz”, baieztatu du. “Proaktibo izango gara aurre-kanpainan eta kanpainan. Aurpegia emango dugu herritarren aurrean, Euskadiko herri eta bazter guztietan. Egungo une politiko eta ekonomikoa oso garrantzitsua da. Nazioarteko egoera, pandemiak utzi dizkigun ondorioak, Ukrainako gerra latza eta ekonomiarako ekarri dituen ondorio txarrak… Hori dena batuta, jendea beldur dago, zalantzaz beteta. Gure zeregina da, EAJren zeregina da, Euskal Erakundeetan irmo eta sendo egotea: ziurgabetasunaren aurrean, herritarrei esan behar diegu EAJ hemen dagoela, jende on eta prestatuarekin, ideiekin, egoera honetatik ondo irten gaitezen. Lan horretan dago EAJ: Euskadiko Udalak, Aldundiak eta gure Gobernua buru belarri lanean egon daitezela kalitatezko zerbitzuak bermatzeko, gizartearen eskariei erantzun argi eta positiboa emateko, eta Euskadi askea eraikitzeko”, azaldu du.

Ortuzarrek azpimarratu du ezinbestekoa dela M-28an parte hartze handia ematea, EAJ-PNVk emaitza onak lor ditzan, Vox eta Bilduren estremismoak gailendu ez daitezen panoramaren mutur banatan, eta EGIko gazteen konpromisoa eta EGIkide izatearen harrotasuna aldarrikatu du Ezker Abertzaleko gazteen zarata eta titular-gosearen aurrean. “Ez zalantzarik ezta konplexurik ere. Harro egon zaitezte EGIkide izateaz, harro egon zaitezte EAJko kide izateaz. Gu gara beste bereizgarririk behar ez dugun abertzaleak: abertzaleak gara, eta kito. Garrantzitsuena badugu, izena, abertzaleak gara. Guk ez dugu beste definiziorik behar. Onena nahi dugu herri honentzat, beste nazioak bezala Nazio izan nahi duen Herri honentzat, besteek dituzten derrigor eta eskubideekin. Egunez egun denon mesedetan lan egiten dugun erakundeak gara EGI eta EAJ-PNV, gero eta gizarte zuzenagoa izateko, inor atzean utzi gabe, pertsona bakoitzak bere etorkizuna eraiki dezan dena delakoa bere jatorria, bere generoa, bere nortasuna, bere aukera sexuala edo bere egoera ekonomikoa”, esan du jeltzaleen buruak.

Ekitaldi politikoa ireki du Joseba Díez Antxustegik, Asparrenako alkategai eta Lur Jareetako foru hautagaitzaren zerrendaburuak. Hautagaiak EGIk esfortzuarekin eta lan gogorrarekin daukan konpromisoa berretsi du. “Oso garrantzitsua da lan egitea, baina are garrantzitsuagoa da zeren alde lan egiten den, eta guk hori badakigu: Euskadiren alde lan egiten dugu, Euskadiko herrien alde eta Euskadiko herritarren alde”, esan du. Díez Antxustegik era berean aitortu duenez, “beste batzuek zarata gehiago ateratzen dute” eta “guk baino esperientzia handiagoa daukate protestak egiteko”, baina ildo beretik galdetu duenez, “zer lortzen dute horretatik? Ezer ere ez. 40 urtetan ez dute ezer ere lortu, eta argi daukagu hurrengo 40 urteotan ez dutela Herri honen aldeko ezer lortuko”, erantzun du. EGIk eta EAJ-PNVk elkarlanean euskal gazteen alde egiten duten lanaren adibide gisa, Díez Antxustegik Gazte Legea ekarri du gogora. “Argi dago gure kezkak zein diren: lanpostu duina, soldata duina, etxebizitza eskuragarria, bizi proiektua hasteko baldintzak. Eta horretan ari dira Alderdia eta erakundeak”. Legebiltzarkide gazteak gogora ekarri du, halaber, EAJ-PNVk 2030ko Gazte Emantzipaziorako Estrategia onartu duela emantzipazio-adina 28ra jaisteko, bai eta Gazte Enplegurako Talka Plana ere, zeinaren bidez 27.500 lanpostu berri sortu nahi diren. “Eta hori dena ez dugu egin EAJ-PNV gazteekin konprometituta dagoelako, ez: egin dugu EAJ-PNV gazteok ere osatzen dugulako”, amaitu du.