Prentsa Aretoa

2023/02/21

Ortuzar: “Aurrekontuetan jasotzen diren konpromisoen betepena %70etik gorakoa da, baina karpeta batzuk daude, Estatu ereduarena kasu, Sánchezek ireki ere egin ez dituenak”

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Podemosi eskatu dio “handikeria politiko eta intelektuala” bazter batean uztea eta “laguntzeko prest” ager dadila 'Bakarrik bai da baietz' legearen inguruan eragin den “hutsegiteak” sortarazi duen “alarma sozialari” irtenbidea emateko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Denetatik dago”. Hala hasi du bere erantzuna Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek Pedro Sánchezek azken legealdi honetan EAJ-PNVrekin hartu dituen konpromisoen betepenaz galdetu diotenean. Aldi honetan talde jeltzalea izan da Espainiako exekutiboaren kide fidagarri eta arduratsuena. “Aurrekontuetan jasotako konpromisoei dagokienez, betepen mailan %70etik gora gaude, zentzuzkoa den zerbait, baina gauza batzuetan ez dugu erantzun onik jaso, eta horiek dira, zoritxarrez, garrantzia politiko handiagoa dutenak, hauen artean Autonomia Estatutuaren betepen osoa edo Euskadirentzat Estatus Berri bati buruz hitz egiten hastea, azken honek Kataluniarentzat ere irekia beharko lukeena… Karpeta asko daude, zoritxarrez, ireki ere egin ez direnak, eta honetan sartzen ditut Estatu ereduarekin zerikusia duten gaiak”, baieztatu du Ortuzarrek Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan.

Buru abertzaleak deitoratu du Espainiako gobernua burutu gabeko transferentziekin egiten ari den gestioa oso geldoa izaten ari dela, Ministroen Kontseiluan onetsi den kronograman jaso ziren epeetatik urrun dagoela. Oraindik desblokeatu ez dena da hurbileko trenena. “Nahiko etsigarria da Gobernu Zentralak gai hauekin guztiekin darabilen erritmo geldoa”, kritikatu du Ortuzarrek. “Politikan denborek ere erakusten dute borondateak nolakoak diren. Presaka ibili nahi dutenean egin egiten dute. 'Dekretu legearen' erregeak dira, baina gero nahiko geldoak dira dagoeneko heldu dagoen gai baten transferentziari dagokionez, hurbileko trenekin gertatzen den bezala. Aktibitate hau tasatuta dago eta arin jarri beharko ginateke ados. Nik espero dut albait arinen adostea Asturias eta Kantabriako trenen kasu famatuaren eraginez hitzetik hortzera bolo bolo dabilen transferentzia gauzatzeko , kasu horrek Euskadin ere eragin digu kaltea, Karrantzatik ere igarotzen delako. Presazkoa eta premiazkoa da transferentzia hori Euskadik sistema integrala egin dezan mugikortasuna faktore kritiko bihurtu den garaian”. Legegintzaldiari geratzen zaizkion hilabeteetan Sanchezen Gobernuak transferentzia berriak onartzea espero ote duen galdetuta, buruzagi abertzaleak aitortu du ez duela oso argi ikusten: "Ez dakit. Saiatzen jarraituko dugu, ekinean jarraituko dugu, baina Gobernua hauteskundeei begira jarri da eta orain berera joaten saiatuko da. Antza denez, Euskadiko hurbileko trenen transferentziak Espainia hausten du”, esan du ironiaz.

Podemosen lanari eta ibilbideari EBBren buruak egindako kritika politiko bati eman dion erantzunaz galdetu diote Ortuzarri. “Erantzuna pixka bat neurrigabea izan zen, baina metafora polita da elkarrizketa hartatik gaur arte gertatu den guztia, eta arrazoia ematen dit neurri batean”, esan du. “Nik kritika politikoa egin nuen. Alderdi berrien ekarpena zein izan den errepasatu nuen, dena konpontzera zetozenak, zintzoak eta gardentasunaren txapeldunak izatera zetozenak eta, denbora igaro ondoren, barne krisian dauden alderdiak direnak eta erakundeetara iristen direnean nahaspila sortzen dutenak. Nahi izan duten guztia eta gehiago kritikatu ahal izan dute. EAJri buruz esan dituzten gauzak! Baina besteak kritikatzen ditugunean, herria erasotzen ari gara. Eta zuk kritika politikoa arrazoi politikoekin egiten duzunean, zuri deskalifikazio pertsonalarekin erantzuten dizute. Nitaz 'burusoil' eta 'lodi' esatea bakarrik falta izan zitzaion, arrazoi politikorik eman gabe. Eta hori ikusten ari gara 'Bakarrik bai da baietz' legearen tramitazioarekin. Politikan gabiltzanok eta, batez ere, erantzukizun publikoa dugunok arazoak konpontzeko gaude, ez sortzeko. Lehengo egunean, bereizketa hori aldarrikatu nuen. Ez dago bereizketarik politika zaharraren eta politika berriaren artean: politika ona dago, arazoak konpontzeko balio duena, eta politika txarra dago, arazoak ez konpontzeaz gain arazoak sortzen dituena eta bera arazo bihurtzen hasia dena. Eta 15 egun hauetan arrazoia eman didate. Berdin-berdin jarraitzen dugu `Bakarrik bai da baietz´ horrekin. Gizartean alarma sortu duen gai bati ez zaio konponbiderik bilatu. Alarma sozial baten aurrean erantzuteko gaitasuna izan behar da, pedagogia. Horregatik, oso garrantzitsua da Podemoseko buruzagiek beren jarrera aldatzea, politika beste modu batera egitea, harrokeria politiko eta intelektual gutxiago izatea, unean uneko beharretara egokitzen jakitea eta laguntza emateko gai izatea, Gobernua bera baino askoz ere arduratsuagoak izaten ari garelako Gobernua babesten dugun taldeak. Nire ustez eskua altxatu eta esan dezakegu: egin itzazue eztabaidak Kongresura etorri aurretik”, esan du.

Ortuzarrek baieztatu du EAJ-PNVk PSOEren postulatuekin bat egiten duela 'Bakarrik bai da baietz' legearen erreformaren aurrean. “Kasu berriei begira legea ona izango da, baina jendeari ezin diogu iruzur egin: hutsegite legislatiboa egin zen, lege teknikarekin zerikusia duen hutsegitea, eta ez zen aldi baterako klausula bat jaso. Guk ez dugu lege osoa kritikatzen, esan duguna izan da akats bat dagoela eta konponbidea eman behar zaiola. PSOEk proposatzen duen erreformak egiten duena da tarteak murriztea: epaileek ez dute izango beren interpretazioa egiteko gaur duten aukera handia. Gainera, tipo penalek bere horretan jarraitzen dute , eta hobeto definitzen da gauza bakoitza zer den, eta, beraz, kondena batzuk berrikusiko dira, baina zigorren beherapenak eta ziurgabetasuna edo legeen inguruko lainoa askoz ere txikiagoak izango dira. Egin dezagun hori, ahal dugun momentuan, zoritxarrez gertatuko diren kasu berriak etortzen direnean lege berriarekin sar daitezen eta trabarik egon ez dadin. Baina ekin diezaiogun denboraldi honi”, amaitu du.