Prentsa Aretoa
2023/01/29
2022ko Sabino Arana Sariak: itxaropenaren gorazarre
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak buru jardun duela, politika-, kultura- eta gizarte-arloko ordezkari pertsona ospetsu ugari izan dira kultura ekitaldian
Mireia Zarate. Arriaga Antzokia. 2023-1-29
HITZALDIA - 2023/01/29
Bilboko Arriaga antzokia berriro ere izan dugu Sabino Arana Sariak emateko agertoki paregabea. xxxiv. edizio honetan, Sabino Arana Fundazioaren esker-erakusgarriak itxaropenaren gorazarre bilakatu zaizkigu egun bizi gaituen aro zail honetan.
Horixe bera azpimarratu du Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak ekitaldiaren hasieran. «Egiatan, bolada zailean bizi gara gaur egun, ekonomia, politika eta gizarte arloetako ziurgabetasunez betea, baina, beste alde batetik, etorkizun hobea eraikitzeko gogo biziz dagoen gizartea da gurea».
«Gaurkoan sarituko ditugun ekimenak, pertsonak, ibilbideak eta kausak itxaropenaren gorazarre ditugu. Etorkizunari irribarrez begiratzeko modua ematen digute. Itxaropenez. Ziurgabetasun horiei guztiei aurre egingo dien ziurtasunez», adierazi du.
Hala, Zaratek aurtengo saridunen merezimenduak azpimarratu ditu. Hasteko eta bat, ‘Irulegiko Eskua’ aurkitu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko kideek osaturiko talde bikaina izan du hizpide, nondik gatozen eta gure hizkuntza hobeto ezagutzeko aukera emango digun aurkikuntza baita». Hala berean, «Irakli Kobakhidzek demokraziaren alde eta giza eskubideak errespeta daitezen egin duen lan irmoa laudatu du, eta Euskadi eta Georgia hurbil daitezen sustatutako bultzada» azpimarratu du. Horrezaz gain, «duela 50 urtetik hona, garun-paralisiak eta antzeko asaldurek jotako senideen bizitza hobea izan dadin, Aspace Gipuzkoan lanean ari diren familiek osaturiko taldearen lana» aintzatu du. Era berean, «Mikel Sánchez zirujau gasteiztarraren esku doi-doiak eta teknologia nahiz tratamendu modernoen aldeko apustu ausarta» eta «Bilbao Orkestra Sinfonikoaren musikaz gozatzeko parada izan dezagun, batuta artezten duten esku iaioak eta musika-tresnak laztantzen dituzten esku zilarrak» aipatu ditu. Azkenik, errusiarren inbasioaren zioz, Ukrainako herria pairatzen ari den egoera salatu nahi izan du. «Ukrainako herriari eta iheslari ukrainarrei laguntza ematen dieten Euskadiko elkarteei emandako sari honen bidez, ozen esan nahi dugu ez dugula gerrarik nahi, bakea nahi dugu; eta orobat, elkartasuna adierazi nahi diegu, gerraren eta erbestearen izugarrikeria nozitu duen herri gisa, bidegabekeria hori gaur egun pairatzen ari diren milaka pertsonei».
Fundazioaren Patronatuko kideek lagunduta, Sabino Arana Fundazioaren presidenteak aurtengo sei sariok banatu ditu. Aurreko 33 edizioetan, beste 186 pertsonak, elkartek eta erakundek jaso dute Sabino Arana Fundazioaren aintzatespena.
Aspace Gipuzkoa
Aspace Gipuzkoako presidente Elisa Carmonak, oholtzan Eneko Ziarsolo eta Aitor Garciarena (erabiltzailea) ondoan izan dituela, esker ona adierazi du «50 urte hauetan garun-paralisiak jotako pertsonen bizi-kalitatea hobetzen egin den lanagatik»; bidenabar, zorionak eman dizkie gainerako saridunei «euskal gizartearentzat eredugarriak diren pertsona eta erakundeak diren heinean».
Aspace Gipuzkoako presidenteak «familia sortzaileak» ere gogoratu ditu, eta adierazi du garun-paralisia duten pertsonen behar handiei erantzun egokia emango bazaie, «ezinbestekoa dela familiek eta profesionalek elkarrekin lan egin dezaten, boluntarioen laguntzaz». Era berean, nabarmendu du elkartean berebiziko garrantzia ematen diotela parte hartzeari eta elkartearen maila guztietan agerian dagoela: «dela batzar nagusian edo zuzendaritza batzordean, non garun-paralisiak jotakoek eta horien senideek hartzen dugun, dela erabiltzaileak ordezkatzen diren bilguneetan».
Mintzaldiaren amaieran, Elisa Carmonak baieztatu du «garun-paralisiak jotako pertsonen eskubideak baliaraztea eta, eskubide osoko herritar gisa parte har dezaten, komunitatean oso-osoan gizarteratzea dela elkarteak jorratuko duen bidea».
Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS)
Bilboko Orkestra Sinfonikoak bete berri duen mendeurrenean, 4.700 kontzertu baino gehiago eskaini ondoren, BOS Bilboko hiriaren eta Euskadiren kultura-politikaren eragile eta tresna bihurtu da mundu osoan. Lana, konpromisoa, ahalegina, kemena, hobetzeko grina eta garapen etengabea dira haren ezaugarrietako batzuk.
Ibon Aranbarri zuzendari nagusiak «100 urtean gure orkestrari arnasa eman dioten pertsona guztiei» eskaini die saria, eta «gure mugez gaindi etorritako musikari guztien ekarpena eta ahalegina» nabarmendu ditu. «Gaur egun bilbotarrak eta bizkaitarrak dira, eta, kasu batzuetan, haien seme-alabak gure orkestrako atriletan jesartzen dira», azpimarratu du.
Era berean, adierazi du Bilboko Orkestra Sinfonikoak musika klasikoa jotzen duen orkestra modernoa izan nahi duela, askotariko entzuleengana iristeko gai dena, «irekia, hurbila, bestelako kultura- eta gizarte-jardueretan parte hartzeko gai dena, beste eragile batzuekiko elkarlanean aritzeko gai dena, beste musika batzuk interpretatzeko gai dena, azken batean, orkrestraren jardueran alderdi gehiago txertatzeko gauza dena».
Mikel Sánchez
Gasteizko Vithas ospitalean aritzen den Mikel Sánchez medikua aitzindaria da Europan Kirurgia Artroskopikoaren arloan, eta munduko medikurik adituena da plaketez joriko plasmaren ahalmena ulertzen eta traumatologian aplikatzen. Sánchezen Ikerketei eta talentuari esker, mugikortasun eta bizi-kalitate oso handia dute milaka pertsonak, haien lesio fisiko larriak gorabehera.
Gaur, Bilboko Arriaga antzokian, «aita-amei» eskaini die saria, haiei ikasi baitzien «egiaren, askatasunaren, iraunkortasunaren edo lanaren garrantzia», eta gogora ekarri du, hain zuzen ere, «askatasun gose hargatik», «familiak Iparraldera erbesteratu behar izan zuela, beste askok bezala, Francoren diktaduratik ihesi».
Bere bizitzari, egindako azterlan eta ikerlan emankorrei buruz hitz egin ondoren, Biologia eta Birgaitze Medikuntzaren arloetan egindako ibilbideaz eta Gasteizko Vithas klinikan egiten duen lanaz mintzatu da.
Sánchez doktoreak, etorkizunaz berba egiten amaitu du hitzaldia: «aukera eta betebeharra dugu Euskadik garrantzitsua izaten jarrai dezan ikerkuntzaren munduan. Funtsezkoa da guztion arteko lankidetza. Eremu publikoaren eta pribatuaren artean. Argi daukat etorkizuna ez dagoela pertsona bakarraren esku, lantalde baten esku baizik. Irrikaz eta gogo biziz jardungo dut lantalde honek jarraipena izan dezan, ikertzen segi dezan eta gure pazienteen osasuna hobetzen duten konponbideak bilatzen eginahalak egin ditzan».
Irakli Kobakhidze
Georgiako Parlamentuan gehiengoa daukan Georgiako Ametsa alderdiaren buru den Irakli Kobakhidzeri saria emanda, Sabino Arana Fundazioak demokraziaren eta giza eskubideen errespetuaren alde egindako lana aitortu nahi izan du, bai eta Euskadi eta Georgia hurbiltzeko helburuz emandako bultzada ere, Georgiak Euskadirekin partekatzen dituen balioetan oinarrituta.
Europako hego-ekialdeko errepublika demokratiko horretan agintean dagoen alderdiaren buruzagia da Kobakhidze, eta azken urteotan aurrerapauso esanguratsuak eman ditu Europar Batasunean sartzeko bidean. Asmo bidezkoa eta beharrezkoa. Bidezkoa, europazaletasunak Batasunarekin bat egin nahi duten Europako herrialde demokratiko guztiak hartu behar dituelako, eta beharrezkoa, herrialde guztiek Europako proiektua sendotzen eta indartzen dutelako, are gehiago garai nahasi eta gerrek lohitutakoetan, gaur egun gertatzen ari den bezala.
‘Irulegiko Eskua’ aurkitu zuen arkeologia-lantaldea
‘Irulegiko Eskua’ Aranguren Haranean (Nafarroa) aurkitu zuen arkeologia-talde gazteak −Mattin Aiestaran zuzendaria buru dela, eta haren lantaldeko hurbileko hamaika kide− saria jaso du arkeologia-talde guztiaren izenean, atzerriko unibertsitateetan ikasten ari diren ikertzaileak ere kontuan harturik. Talde horrek eginiko aurkikuntzak, balio arkeologiko izugarria duenak, agerian uzten du orain dela 2.000 urte baino gehiago euskararen aurretiko baskoien hizkuntzan hitz egiten eta idazten zela. K. a. I. mendean dataturik dago aurkikuntza eta, zalantzarik gabe, euskararen eta baskoien historiaren inguruko ikerketak aldatuko ditu aurrerantzean.
Mattin Aiestaranek euskal arkeologiaren arloan aritutakoak gogoratu ditu hitzaldian. «Telesforo Aranzadik, Jose Migel Barandiaranek, Resurreccion Maria Azkuek, Koldo Mitxelenak eta beste askok utzitako iturritik edaten ari gara. Historiaurrearen eta Antzinaroaren ezagutzaren alorrean egindako aurrerapen eta lorpenek gure ikerketa-bidea aberasten dute. «Zorionekoak gara iturri zaharretik ur berria edaten!», adierazi du.
«Zientzian, umiltasuna beharrezkoa da, ezagutzen ez duguna ezagutzen duguna baino gehiago delako. Baina, horren ondorioz, gure herriaren iraganeko garaiak eta euskararen sorkuntzari buruzko lekukotasun gehiago ikertzeko bidea zabalik daude aurrerantzean», adierazi du.
Euskadi-Ukraina elkartasun mugimendua
Urtebete igaro da Ukrainako gerra hasi zenetik. Eta gatazka beliko horretan, berriro ere, gizarte zibila dugu kalterik handiena jasan duena. Familiak zatitu dira, pertsonek euren etxeetatik alde egin behar izan dute eta neska-mutilei etorkizuna zapuztu diete. Saria, egiatan, euskal gizartearentzat da, bigarren aukera emateko eduki daukan gaitasunagatik; hainbat eta hainbat pertsonaren irribarrea berreskuratzeagatik; makina bat laguni etxean bezala sentitzen laguntzeagatik, etxetik 3.000 kilometrora baino distantzia luzeagora egon arren Eta, zehatzago esanda, aipaturiko iheslarien eguneroko behar guztiei erantzuten lan egiten duten euskal elkarte eta erakunde guztientzat, konpromiso- eta elkartasun-eredu izateagatik, askotariko Euskadi abegikor honetan.
Serhii Solovei Ukrainako enbaxadako idazkari lehenak jaso du saria; idazkaria enbaxadako beste kide batekin batera etorri da Bilbora, Hanna Kravchenkorekin, hain zuzen. Oholtzan, aurrekoekin batera, Euskadin Ukrainaren alde eta Ukrainarentzat lan egiten duten bederatzi elkartetako ordezkariak izan dira: Ukraina-Euskadi elkartea, UkrainaSOS-Herrialdeen Europa Elkartea, Chernobil Elkartea, Chernobilgo Umeak, Chernobilen Lagunak, Ukraina Gaztea, Ekialde Fundazioa, Eutsi Ukraina eta Guk Ukraina.
Aizpea Zearreta kazetariak gidatu du ekitaldia eta Demode Quartet laukoteak girotu.
Iturria: Sabino Arana Fundazioa
Nabarmenak...
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Bizkaiko Foru Aldundia
2024/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09