Prentsa Aretoa

2022/12/13

Jesús Lekerikabeaskoak defendatu du 2023ko kontuek ahalbidetuko dutela “Bizkaiak dituen beharrizan berriei heltzea”

EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Mistoa-PP taldeak aurkeztutako osoko zuzenketen kontra bozkatu du EAJ-PNVko batzarkide taldeak, Aurrekontu Proiektuak Bizkaiko Ganberako izapidetze prozesutik jarraitzea ahalbidetuz

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Batzar Nagusietako osoko bilkurak Euzko Abertzaleak (EAb) batzarkide taldearen kontrako botoarekin baztertu ditu EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Mistoa-PP taldeak 2023rako Aurrekontuen Proiektuari aurkeztu dizkioten hiru osoko zuzenketak, agiriak Bizkaiko Ganberan egingo duen izapidetze prozesuan jarraitzea ahalbidetuz. Hitza hartzeko izan duen tartean, Jesús Lekerikabeaskoa Arrillaga EAb batzarkide taldeko bozeramaileak baieztatu duenez “EAJ-PNV zuzenena egiten ari da bizkaitarren bizitza kalitatea hobetzeko”, Aurrekontuen Proiektuan jasotzen diren neurri zehatzak abian jarriz. Eta “hobetzeko asmoarekin egiten dugu, inmobilismorik gabe, egoera berrietara moldatuz; beharrizanei helduz lanarekin eta kudeaketa onarekin, predikatzen ibili beharrean; egintzen eta proiektuen bidez, ez bakarrik hitzekin”.

Foru Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan urriaren amaieran erregistratu zuen 9.808,1 milioi euroko sarrera eta gastuen aurreikuspena planteatzen duen aurrekontu proiektua (%10,4ko igoera 2022ko ekitaldikoarekin alderatuta). Orain bai, konpromiso instituzionalak eta hitzemandako beste gastuak bete ondoren, Foru Aldundiaren departamentuek 1.540,5 milioi euro izango dituzte eskuragarri (2022an baino %5 gehiago). Aurkezpenean Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, adierazi zuen aurrekontu hauen xedea dela “zerbitzu publikoak babestea, Bizkaiko bizitza kalitatea betikotzea, gizarte gisa hobetzen jarraitzea eta herrialdea modernizatzen jarraitzea”. Tesi horiek partekatzen dituzte Lekerikabeaskoak berak eta jeltzaleen batzarkide taldeak.

Horrela “proposamen bat daukagu Ganbera honetako herri ordezkarien %65ak abalatuko dutena eta %35 da proposatutakoarekin ados ez dagoena”, azaldu du ahaldunak. Baina “bitxia bada ere %35 horretan sartzen direnak ez daude ados euren artean, ez egoeraren analisian ezta aldatzeko proposamenetan ere. Bozketaren alderdi horretan baino ez dute bat egiten EAJk osatutako gobernuek proposatzen dutenari ezetza emateko”, kritikatu du osoko zuzenketak aurkeztu dituzten taldeek erakutsi duten jarreraz.

“Aurrekontu hauek onartzeko ez dugu beste alderdi politiko baten botoa behar, baina akordioetara iristea dugu gustuko, bai eta ikuspuntuak partekatzen ditugun gaietan akordioak zabaltzea ere; eta horretan ahalegintzen gara”, esan du. Orain bai, gauza bakar bat da mugiezina EAJ-PNVrentzat: “Gure marra gorri bakarra da hiritargoarekin eta Bizkaiarekin adostu den konpromisoa. Ez diegu uko egingo herritarren aurrean defendatu ditugun proiektuei eta erabakiei. Herritarrekin hitzemandako konpromisoak ez ditugu bete gabe utziko beste alderdi batzuekin adosteko. Hori da gure marra gorria”, gaineratu du.

Zentzu horretan EH Bilduri, Elkarrekin Bizkaiari eta Talde Mistoa-PP taldeari galdetu die “zer ekarpen egiten diozue gaur egun bizkaitarren ongizateari? Zuen baldintzen arabera, ez dute balio; baina bizkaitarren gehiengoarentzat, bai balio dute. Ziur nago elkarlan apur batekin eta borondate zintzoarekin, hobetu ahal direla. Baina, berriz ere, agerian geratu da EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak bereziki ez dutela Bizkaiko Foru Aldundiarekin ezer nahi”, azaldu du. Eta hau “ez da eredu kontu bat”, “EAJ-PNVk gobernatzen duen tokietan zuek, kontrara; are gehiago hauteskundeak hurbil ditugunean. Eta horrela ez bada, mesedez, azal iezaguzue”, esan die. “Aurrekontuak bai onartu dituzuen administrazioetan, esan iezaguzue zerbitzu sozialak eta garraiorako laguntzak nolakoak diren edo fiskalitateak neurri miragarriak edo aurrerakoiak ote dituzten, guk ere azter ditzagun”, eskatu du.

Pertsonak artatzea

Eztabaidan, oposizioko taldeek Bizkaiko Foru Aldundiari, EAJ-PNVri ere, egotzi diete ustezko bultzada eta konpromisorik eza zerbitzu sozialei dagokien esparruan, Lekerikabeaskoak irmotasun osoz erantzun duen zerbait. “Aldundian izan den Gobernu batek orain arte arlo sozialean izan duen aurrekontu partidarik handienaren aurrean gaude. Eta kopuru osotik, ia % 41 bideratuko da Gizarte Ekintzara; 625tik gora milioi euro. Aldundi honen lehentasuna zerbitzu sozialak izan direlako eta direlako, esaten duzuena esaten duzuela”, azaldu du. “Ez itzazue portzentaje eta pisu espezifikoen irakurketa interesatua egin; begira iezaiozue azken urteotako ibilbideari, azter ezazue eta hitz egin ezazue zintzotasunez”, eskatu du.

“Aurten, berriz ere, igoerarik handiena izango duen departamentua, 26 milioi eurorekin, Gizarte Ekintza izango da. 26 milioi horietatik, 14 milioi izango dira IFASen kudeaketarako. Erantzun zabalagoa pertsonei, zerbitzu publiko sendoagoa. Bizkaiko gizarte zerbitzuak eredugarri dira, baina urterik urtera saiatzen gara hobetzen, autokonplazentziarik gabe, konformismorik gabe. Asmoa delako erreferente izaten jarraitzea.Egungo eta etorkizuneko beharrizanetara moldatuz, eta egoitzetako arreta modernizatzeko urratsak emanez, bereziki IFASen baitan”, aldarrikatu du. “Beste behin ere, oposizioko taldeek beren kritikak egiten dituzte kudeatzeko erantzukizuna ez duenaren ikuspuntutik eta kudeatzeko erantzukizuna ez duten administrazioetan”, deitoratu du.