Prentsa Aretoa

2022/11/29

Elixabete Etxanobe Landajuela, Ana Otadui Biteri eta Juan Mari Aburto Rique izango dira EAJ-PNVren hautagaiak ahaldun nagusirako, Batzar Nagusietako presidenterako eta Bilboko alkaterako, hurrenez hurren

Bizkaiko Herrialde Batzarrak Etxanobe eta Otadui aukeratu ditu Durango-Arratia eta Bilbo barrutietako zerrendaburu, eta Jane Eyre Urkieta Zuzaeta eta Josu Bergara López, Busturia-Uribe eta Enkarterrietako zerrendaburu. Bilboko Uri Erakundeek, beren aldetik, Aburto berraukeratu dute Bilboko Alkatetzarako.

rss Ezagutzera eman
Elixabete Etxanobe Landajuela, Ana Otadui Biteri eta Juan Mari Aburto Rique izango dira EAJ-PNVren hautagaiak ahaldun nagusirako, Batzar Nagusietako presidenterako eta Bilboko alkaterako, hurrenez hurren

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Herrialde Batzarra, gaur arratsaldean Sabin Etxean Ezohiko Batzarrean bilduta, 2023ko maiatzaren 28an egingo diren hauteskundeetan Batzar Nagusietarako aurkeztuko dituzten hautagaiak aukeratu ditu. Horrela, Bizkaiko jeltzaleen organo gorenak Elixabete Etxanobe Landajuela eta Ana Otadui Biteri aukeratu ditu Bizkaiko ahaldun nagusirako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenterako, hurrenez hurren. Era berean, orain dela gutxi Bilboko Uri Erakundeek aurrera eraman duten barne hauteskunde prozesuan erabaki da Juan Mari Aburto Rique hirugarrenez jarraian hiribilduko alkategai izendatzea. 

Bizkaiko Herrialde Batzarrak, Bizkaiko Uri Erakunde guztietako ordezkariek osatzen denak, oniritzia eman die herrialdeko lau hauteskunde barrutietarako proposatu diren zerrendei. Bizkai Buru Batzarrak dagokion zeregina betez urriaren hasieran abiarazi zuen barne prozesuan proposatu zituen hautagaiak 

Bizkaiko herrialdea osatzen duten lau hauteskunde barrutietatik, Etxanobe, Durango-Arratiako zerrendaburua izango da eta Otadui, aldiz, Bilboko barrutikoa. Beste bietakoak izango dira, batetik, Jane Eyre Urkieta Zuzaeta (Busturia-Uribe) eta, bestetik, Josu Bergara López (Enkarterri). Gaurko batzarrean egin denarekin amaiera eman zaio Bizkai Buru Batzarrak urriaren 4an herrialdeko herri kargudunetarako hautagaiak izendatzeko xedez abian jarri zuen barne hauteskunde prozesuari. 

Herrialde Batzarrak hautagaiak izendatu eta aldarrikatzearekin batera, amaitu egin da Bizkai Buru Batzarrak joan den irailean bere proposamenak aurkeztean abiarazi zuen barne hauteskunde prozesua. EAJ-PNVren barne hauteskunde prozesuetan ohikoa denez, herrialdeko Uri Erakundeek bi hautespen aldi egin behar izan dituzte. Horietako lehenean uri erakunde bakoitzari dagokion barrutiko hautagaiak proposatu ziren eta nahi adina proposatu ahal ziren Bizkai Buru Batzarrak hasiera batean aurkeztu zituenez gain. Bigarren hautespen aldian, EAJ-PNVren Aberri Berme eta Zaingo Batzordeak bidalitako zerrendetatik, Uri Erakunde bakoitzak ahaldun nagusirako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenterako hautagaiak eta uri erakunde bakoitzari dagokion hauteskunde barrutiko zerrenda osatuko duten pertsonak aukeratu zituzten. Halaber, Uri Batzar bakoitzak ahaldunak aginduzko manamenduarekin bidali ditu gaur arratsaldeko Herrialde Batzarrean onetsi diren hautagaitzak ezohiko bilkuran berresteko.

BILBOKO ALKATETZA

Bestalde, EAJ-PNVk Bilbon dituen 13 Uri Erakundeek konfiantza osoa jarri dute Juan Mari Aburto Rique egungo alkatearengan, maiatzaren 28ko hauteskundeetan hirugarren aldiz jarraian Alkatetza berresteko hautagai gisa.

Bilbon, udal herri kargudunetarako hautagaiak aukeratzeko proposamena Bizkai Buru Batzarraren eta Buru Batzarren Artekoaren artean egin ohi da. Zerrenda hori osatzen denean, hiribilduko 13 Uri Erakundeetara bidaltzen da dagokion barne hauteskunde prozesuari hasiera emanez. Ohikoa denez, barne prozesu honetan bi hautespen aldi egin dira eta hau amaitutzat eman da gaur Aburto alkategai izendatzean.