Prentsa Aretoa

2022/10/25

Avanzada Leioatik igarotzean estaltzeko lanak 2023ko apirilean hasiko dira

Bizkaiko Foru Aldundiak azaroan lizitatuko du astearte honetan bertan onartutako proiektua; proiektu horrek hobekuntza garrantzitsuak ezartzen ditu babes akustikoan eta 65 milioi euroko zenbatekoa du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaiko Foru Aldundiak Leioa parean BI-637 errepidea estaltzeko behin betiko proiektua aurkeztu du. Proiektua azaroaren 7ko astean lizitatuko da. Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, proiektuaren xehetasunak eta hobekuntzak eskaini ditu, Iban Rodriguez Leioako alkatearekin batera.

Diputatuak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu duen Avanzada estaltzeko proiektuak irtenbide integrala eskaintzen die azpiegiturak dituen hiru arazo handiei: gaur egun udalerria banatzen duen arrakala estaliko da, aisialdirako eta oinezkoentzako gozamenerako espazio berria sortuz; zaratak murriztuko dira azpiegituraren ondoan bizi direnentzat, eta tuneletako segurtasuna, argiztapena eta aireztapena hobetuko dira.

"XXI. mendeko Avanzada eraikitzeko proiektua azaroaren 7ko astean lizitatuko da, 65 milioi euroko hasierako aurrekontuarekin. Obrak datorren apirilean hastea itxaroten dugu, eta 41 hilabetez luzatzea. Emaitza Leioako hirigune berria izango da, 4.500 metro karratuko azalera izango duena oinezkoentzat eta berdeguneak jartzeko. Leioa banatzen duen arrakalarekin amaituko dugu, udalerria lotuz. Eta milaka ibilgailuk aire zabalean igarotzen duten egungo lubakiaren gainean, Leioak 620 metroko bulebar berria izango du", zehaztu du Pradalesek.

Era berean, behin betiko proiektuaren idazketak kontuan hartu ditu jasotako alegazioak eta iradokizunak, proiektuan txertatzeko, eta are hobekuntza handiagoak ezarri ditu eragin akustikoan eta azpiegituraren hiri-integrazioan.

Leioako alkateak, bere aldetik, udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko proiektuaren garrantzia azpimarratu du. "Inoiz baino gertuago daukagu Leioarako ezinbestekoa den proiektu bat, leioaztarrekin dugun zor bat, azkenean kitatuko dena. Estalketa horri esker, leioaztarren bizi-kalitatea hobetu ahal izango dugu, eta hiria hobetu elkartzen, kohesionatzen, lagunduko digu, hiria zeharkatzen zuen zauri handi bat herritarrentzako topagune berri bihurtuz. Gainera, Leioako ingurumenaren kalitatea nabarmen hobetzen lagunduko du, eta hori dela eta, gogor ari gara lanean hainbat udal neurriren bidez. Ilusioz beteriko proiektua da, eta norabide berean lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, Leioa atseginagoa, biziagoa eta bizigarriagoa izan dadin" ziurtatu du.

Estaldurak hobekuntza handia ekarriko die inguru horretako bizilagunei kutsadura akustikoari dagokionez. Zarataren aurkako 850 metro pantaila jarriko dira galtzadaren ertzean. Gainera, eta Txomin Aresti Eskola, euskaltegia eta kontserbatorioa bezalako ekipamendu garrantzitsu baten multzo osoaren babes espezifikoa hobetzeko helburuarekin, Bilborako norabideko tunelaren ahorako sarreran ibiltzeko modukoa izango ez den estalkia gaur egun dagoen oinezkoentzako pasabidearen ingururaino luzatuko da.

Nabarmentzekoa da, halaber, tuneletarako sarbidea izango diren bi ahoetako eraikuntza-soluzioa, bai Getxorako norabidean, bai Bilborako norabidean; egitura horiek material jasangarriak erabiliz birdiseinatu dira, lorezaintza bertikalean oinarritutako soluzioarekin, paisaian integratzen laguntzeko.

Azpiegituraren ezaugarriengatik zailtasun handiko obra da; izan ere, 114.000 ibilgailuko egunezko batezbesteko intentsitatea du lanegunetan, eta kapazitate handiko bideetan  Eskuinaldea eta Uribe Kostako korridorea lotzeko arteria nagusia da. Proiektuaren beraren magnitudea ere oso garrantzitsua da: 1.150.000 kg altzairu ijeztu baino gehiago jarri behar dira zerbitzuan dauden bideen gainean eraiki beharreko egituretan, eta, guztira, 12 lurpeko ebakuazio-galeria daude, alboko bideak zeharkatu eta tunela bera kanpoaldearekin komunikatzen dutenak, tunelak behar bezala ustiatzeko beharrezkoak diren instalazio ugariez gain. "Ez dugu ahaztu behar konplexutasun tekniko handiko obra dela, hiri-mikrokirurgia eta trafiko-mikrokirurgia egin behar den ingurune baten. Hori dela eta, hainbat fasetan eta azpifasetan banatutako obra egin behar da eta lan-uharteak sortu behar dira egungo urbanizazioak berak mugatzen duen eta Bizkaia osoko trafiko-dentsitaterik handienetako bat duen ingurune baten. Onartutako proiektuan obrak egiten diren bitartean noranzko bakoitzeko bi erreiak mantentzea aurreikusten da", azaldu du Imanol Pradalesek.